castellano euskera batua euskera bizkaiera

NAHIGABEETAKO AMA BIRJINA

Irailak 15

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Judit 13, 17-20)

"... Jende guztia guztiz harrituta gelditu zan eta, makurturik, Jainkoa gurtu eben... Bedeinkatu zaizala, ene alaba, goi-goiko Jainkoak lurreko emakume guztien gainetik; goratua zeru-lurrak egin zituen Jainko Jauna, berak gidatu zaitualako gure etsaien nagusiaren burua moztera. Jainkoaren indarraz oroituko dan herriari ez jako inoiz ere ahaztuko zuk Jainkoarengan izandako itxaropena..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Emakume batek Israelen alde eginiko balentria haundi baten testuinguruan aurkitzen gara. Etsai bildurgarriaren aurkako Juditen garaipenak Dabidek Goliaten aurka eginiko ekintza gomutagarria dakarsku gogora, txikiak haundia garaitu ebanekoa, Bibliako literatura eta espiritualtasunean hainbeste bider erabilten dan logikaren harian.

- Narrazinoak liturgia giroko formak erabilten ditu eta ekintza bera baino nabarmenago azaltzen da kantua. Judit harresira heltzen da eta atea joten dau kultu-egintza zalakoan: "Zabaldu niri garaileen ateak, Jauna gorestera sartu naiten" (Sal 118, 19). Gertatuaren kontaketa soila egin beharrean, gorespen goratzarrean batzen dau Juditek, gonbidapen klasikoa eginez: "Goratu egizue".

- "Gau honetantxe" esamoldea sartzen da, Pazko ospakizunean ohikoa dana. "Bedeinkatua zu emakumeen artean..." gorespenarekin amaitzen da dana. Kristau tradizinoak Oziasen hitz honeek Andra Mariari lotu deutsoz.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Salbamen historiak aurrera jarraitzen dau eta Jainkoa bere presentzia eta babesa agindu deutsozan herriaren alde dabil. Egoera barri honetan, emakume bategaz baliatzen da (klixe sozialei jaramonik egin barik), eta hau (itxura guztien gainetik) gai da (alde guztietatik ahaltsuago dan) etsaiaz nagusitzeko. Baina hor agintzariaren Jainkoaren babesa agertzen da.

- Oraingoan ere Jainkoaren "logika" betetzen da, bera "txikiaz" baliatzen dalako, (itxuraz) ahula danaz, bere maitasun eta bizi historia ederra burutzeko ahaleginean babes eta salbamen ekintza egiteko. Israelek herri lez egiten dauan bide osora luzatzen da ikasgai hau, eta ederto asko erakusten deusku zein dan Jainkoaren jokaera!

- Eguneroko historian Jainko hori "irakurten" ikastea, bera bere bizi eta salbamen egitasmoa eroaten aurkitzea, gaur eta hemen ere bai, ikasi behar dodan ikasgai bikaina da. Itxuraz "ahul eta hauskor dana" baloratu, eta Jainkoak horrela jokatzen dauala aurkitu… Ez da batere erreza hori onartzea, gure inguruan danak beste zerbait "dinoenean"! Jainkoaren bideak dira! Onartu egizuz, senide!

# # #
#
# # #

2.IRAKURGAIA : (Kolosaskoai 1, 17-24)

"... Diran guztiak baino lehenago da Bera, eta guztiak Beragan diraute. Gorputzaren buru ere Bera da, Eleizaren buru. Bera da hasierea, hilen arteko lehen-semea, diran guztietan Bera izan dadin lehenengoa. Jainkoaren gogoko izan dalako betearen betea Harengan egotea, eta Haren bidez, gauza guztiak Berekin adiskidetzea; Haren kurutzeko odolaz bakeak eginik, zeru-lurretan diran guztiekin... Poza dot orain, zuen onerako eroaten ditudan nahigabeengatik; honela betetzen ditut nire haragian Kristoren nekeak..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Dirudienez, Epafrasen zeharkako predikazinoak ez dau lortu Kolosako kristauei Pauloren "Ebanjelioaren" haunditasuna aurkeztea. Horregaitik, honek ahalegin guztiak egiten ditu Kristo Salbatzailearen koadroa -heldu eta gogoetatsua- kosmos inguru osoko marko hunkigarrian eta kreazinoaren historia osoan zehar aurkezten. Paulo, bere predikazinoan, Kristoren Biztueraren gertaeratik hasten da kronologikoki. Hemen ere ez dau baztertzen abiapuntu hau: Kristo "hasiera, hildakoen artetiko lehen semea" da. Aurreko gutunen esamolde bardina da (1 Kor 15, 20-23; Erm 1, 14); Kristo "hasiera, biztuerako lehen frutua" da eta, beraz, barriztau dan ordena barri guztiarena. Kristorekin hasi da dagoeneko etapa barria, ordu eskatologikoan behin-betiko osotasuna lortuko dauana.

- Baina, gertaera salbagarri hau ez da Jainkoak historiaren joanean bat-batean erabaki dauan zerbait. Guztiz bestelakoa da: hasierako kreazino egitasmoari dagokio. Paulok Genesiseko narrazinoa gogoratzen dau eta barriro ere inplizituki Kristo Adanekin parekatzen (1 Kor 15, 45-48; Erm 5). Genesisen arabera (Gn 1, 26-27), Jainkoak gizakia "bere antz eta irudira" sortzen dauanean, antzekotasun hau bere osotasunera eroango dauan Kristoren -egiazko Adanen- bizitzan pentsatzen dabil. "Jainko biziarekin" egiazko antzekotasun bakarra heriotza behin-betiko garaitu dauan gizon batek bakarrik eskeindu dagike. Horregaitik, Kristo "sorkari guztien lehen semea" da, Jainkoaren kreazino egitasmoan lehen eta lehenengo azaltzen dana eta hau osorik baldintzatzen dauana. Proiektu honetan Kristo ez da gizaki bakarti eta isolatua, berarengan -bere biztueraren keinu salbagarrian- egiazko betetasuna aurkitzen dauan kosmos inguru osoan barru-barrutik inplikatua baino. Ha "pleroma" da, guztiz betea, guztia "erabat betetzen dauana". Gizakiak eta izakiek, Kristoren bitartez, hasieratik hareentzat pentsatua izan dan betea lortuko dabe.

- Hala ere, Kristoren "keinu salbagarri" hau ez da gauzatu aingeru jarrera hutsaren plataforma garbitik, Salbatzailea misterioz beteaz gizakion eta munduko miseria bardinakin konprometitu da, haretan bete-betean parte hartuaz eta haren ondoren guztien zamapean eroriaz . Pauloren gai obsesiboa da, "haragitzearen bidezko berrerospenari" dagokiona, hain ulergaitza gertatzen zana, batez ere helenista jatorriko kristauentzat. Ez ziran konturatzen "tragedian murgiltze" hau ez zala besteen miserian solidaritateaz parte hartzeko keinu erromantiko hutsa, egiazko keinu salbagarria baino. Bizteko hil zan Kristo. Kristoren heriotza bizgarriarekin bat egiteko bateatzen dira kristinauak (Erm 6).

- Goratzarre kristologikoan Kristok salbamenaren ordena orokorrean dauan gailentasun absolutua obsesiboki azpimarratu ondoren, horizontala deitu daikegun mailara jasten da orain Paulo. Kristoren gailentasuna hain absolutua izanik, esan daiteke batzuk besteen aurka altxatzeko aukera guztiak agortuak gelditzen dirala. Horrela adierazi daiteke lehen "besteak" ziranak, kanpokoak, iniziatu gabeak, orain "parekoak" bilakatu dirala, eskubide bardinak dabezanak eta huts egiteko ere besteen aukera bardinak dabezanak. Hau esan nahi dau Paulok "errekontziliazinoaz" ("apokatallássein"). Hitz greko honen sustraiak "besteak egin" esan nahi dau. Kristoren bitartez, Jainkoak munduari eskeintzen deutson bakeak ez dau mundua dagoen lez izten, hau da, izaki "ezbardinetan" zatiturik, eta bai egoera hau garaitzen ahalegintzen da eta beste bat guztiz barria eratzen.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Paulo apostoluak ez dau alperrik galtzen "betetasun" osoaren topaleku dan Kristori buruzko pentsamentu eta bizikizunaren laburpen eta sintesia errepikatzeko aukerea. Izan ere hau dalako Jainkoaren hasierako plana: Bere salbamen proiektuak Kristoren presentzian lortzen dau betetasuna gure historiaren erdian. Hau da albiste haundia.

- Jesus ondoren guztiekin haragitu da: hona apostoluaren konklusinoa. Horrela lortzen dau gizakien arteko errekontziliazino osoa, guztiak parekoak eginez, bakea bideratuz eta errealitate guztiz BARRIA inauguratuz. Ia ezer ez! Jainkoaren bizi proiektua gizadiarengana heltzen da, eta Jesusengan errealitate eta betetasun bilakatzen.

- Eta guk bete-betean esku hartzen dogu egoera eta errealitate barri horretan. Kristoren bizitza barru-barruraino sartu jaku eta argiz beteriko eta zentzu sakoneko bizimodua eskuratzen deusku; orain badakigu norantz goazen eta Jesusen ikuspuntutik egiten dogu hori. Zelan erantzuten deutsot nik egiazko pribilegioa dodan egoera barri honi? Jakingo al dot erantzuten eta nire senideei eskeintzen Kristok gonbidatzen nauanez?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Joan 19, 25-27)

"... Aldi aretan, Jesusen kurutzearen oinean egozan: bere ama, amaren ahiztea -Kleofasen Maria-, eta Maria Magdalena. Jesusek bere ama ikustean eta, han bertan, Berak hain maite eban ikaslea, honan esan eutson amari: Andrea, horra hor zure semea! Eta gero ikasleari: Horra hor zure ama! Eta arrezkero, ikasleak bere etxean euki eban Maria..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Joanek nahiko trebetasunez aurkezten dau kurutzean Jesus erdigune dauan koadroa. Inguruan lau soldadu dagoz, lau emakume -seguruenik soldaduen aldean ebanjelariak apropos ipini dituenak, emakumeak sinistunak dira, soldaduak, sinisgabeak- eta Jesusek maite eban ikaslea.

- "Andrea, horra hor zure semea": Testu honetan Jesusen Ama bigarrenez azaltzen da ebanjelio honetan. Lehenengo biderrez Galileako Kanan izan zan. Beraz, Jesusen agiriko bizitzaren hasieran eta amaieran. Lehen testuko hitzak harrigarriak gertatzen dira eta, funtsean, bereizketa zentzunean ulertu behar dira. Jesusek eskatzen deutso ez dadila sartu bere bizitzan hasten doan aldi barrian, hau da, guk agiriko bizitza izenaz ezagutzen dogun horretan. Jesusek askatasun osoz jokatu behar dau, bere Aitaren nahiak bakarrik mugatuko dau, ez beste inork, ezta bere Amak ere. Horrela egiten dau Amak eta ez da gehiago azaltzen (kontuan hartu Sinoptikoetan ere oso gitxitan agertzen dala). Baina bereizita bizitze ha orain amaitzen da, Jesusen ordua heldu dan honetan. Jesusen orduarekin Mariarena ere heltzen da. Horregaitik dago kurutze ondoan zutik.

- Testu bietan Jesusek "andrea" deitzen deutso, ez ama, seme lez egokionez. Zergatik hori? Arrazoi konbentzigarri bakarra hauxe litzateke: berrerospenaren egintza burutzeko Salbatzailearekin estu alkartuta dagoan andrea lez aurkeztu nahi dauala. Genesisen (Gn 3, 15) eta Apokalipsian ( Ap 12) aipatzen dan andrea da.

- Jesusek bere amari zuzentzen deutsozan hitzak ez dira ulertu behar honi -bakarrik gelditzen dan unean- giza laguntza eskeintzeko dauan arduraren aldetik. Jesusek hori bakarrik nahi izan baleu, nahiko izango eukean ikasleari zuzentzen deutsozan hitzak esatea: "Horra hor zure ama": amarenganako ardura besterik ez bazan, nahiko izango liratekeen hitz honeek. Ez eitekezan beharrezkoak izango amari beste hitz batzuk zuzentzea. Hitzak eurak zuzenean emoten daben esanahia baino zerbait sakonagoa dogu hemen zalantza barik. Eleizaren ondorengo sakontzeak ekarriko dau zentzu misteriotsu hori argitara. Jesusen ordua heltzen danean -eta ordu hori kurutzeko unean heltzen da- ama eta semearen arteko hartuemon oso estua eta berezia agirian jarriko da, sortzetik hartuemon fisiko hutsetik datorrena baino askoz sendoagoa dana. Iraganeko erlazinoa, erlazino fisikoa, etorkizunerako beste erlazino barri batekin haundiagotu eta aberastua izango da. Ama maitasun eta erlazinoa Semeak bere bizia emoteraino maitatzen dituen hareengana zuzenduko dau. Mariaren amatasun espirituala.

- Eta "andra" haren alderdi edo dimentsino barri hau Jesusek maite eban ikasleagandik argituko da. Oraingo hau, behintzat, irudi sinbolikoa da, nortasun korporatiboaz jantzia, Jesusen jarraitzaile guztiak ordezkatu eta pertsonalizatzen dituena. Pauloren teologia garbienaren korronte barruan aurkitzen gara (eta egiazko edozein teologiarenean), harentzat sinistedunak Kristoren "senide" diralako, honen semetasunean parte hartzen dabenak. Eta, beraz, Mariarenean.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Barriro ere "ikasle maiteak" lehenengo begiradan ikusten dana baino sakonagora begiratzeko aukera eskeintzen deusku; koadro hau ere sinbologiaz beteta dago: Maria ebanjelioaren hasieran eta amaieran bakarrik agertzen da, ikasle maitearen presentzia, Mariak hartzen dauan eginkizuna… hori dana sinbolismoz beteta dago. Orain arte Jesusen denbora eta ordua izan da; orain Mariari berea heltzen jako, hasten dauan eta burutu beharko dauan amatasun barrian.

- Horrela, Maria salbamen historiaren dinamikan sartzen da bete-betean: Jesusekin izan dauan aurreko lotura fisiko-sortzezkoa izan da; orain, harekin bat eginda, historia hori betetasunera eroateko misinoa onartuko dau. Misinoak kurutzean izango dau gailurra eta edozein denboratako Jesusen jarraitzaile guztiak ordezkatzen dituen "ikasle maitearengan" luzatuko da.

- Mariaren presentzia gure bizitza bidean Jaun Kurutziltzatuak, Jesusek berak nahita egiten da esanguratsu. Izan ere, kurutzean eta Jesusen eskeintzan inauguratu dan familia BARRIAK salbamen ekintzan laguntzaile estu bilakatu dan Andre Mariaren ama-babesa izango dau. "Horra hor zure ama": gonbidapen ederra.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue