castellano euskera batua euskera bizkaiera

Santa GEMA GALGANI

Maiatzaren 16a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Ebertarrei 12, 1-6)

"... Honenbeste testiguren hodei-erdian gagozan ezkero, itzi dagiguzan karga guztiak eta inguratzen gaituan pekatua; eta joan gaitezan, eroapen handiz, dagokigun burrukaldira, sinismenaren iturri ta helburu dan Jesus gogora erakarriz. Honek ere, izan eikean atseginaren ordez, kurutzea eroan eban, lotsakizuna gitxietsirik; eta orain Jaungoikoaren aurkiaren eskoi-aldean jarrita dago..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Sinismenean irauteko deia eta aholkua ez datoz doktrina eta ideiatatik, bizi-ereduetatik baino. Idazleak aurretikoak jartzen deutseez aurrean hartzaileei; testiguen "hodeia" (1.a) eta orain ipintzen deutsena eredu nagusia da, JESUS, sinismenaren iturburua eta helburua eta, aldi berean, bere betetasuna. Bera dogu aurrelari Aitaganako bideko "karreran"; norgehiagoka baten lez, baldintza egokietan jokatu behar da.

- Lehenengo eta behin, alperriko eragozpenak alboratu (beharrezkoenari oratzeko) eta pekatuzko eragozpena, batez ere; honek trabatzen dau-ta kristaua, modu batera edo bestera katigatuz; horrez gainera, helmuga gogoan eukitea ere beharrezkoa da. Jesus Bera helmuga dogun ezkero (2.a), Bera da bidea eta harako bidea edegiten deuskuna, bere ibilbideari adi egon beharra dogu eta bere pausoak jarraitu.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ebertarrei egindako gutunaren egileak aintxinako testiguak jartzen deuskuz aurrean; orain argi eta garbi Jesus Bera jartzen deusku eredutzat; Beragan beste danak lortuten dabe betetasuna. Jokatzen dogun "karrera" honen helmuga Jesus Bera dala agertzea, guretzat esanguratsua da. Zalantza barik, hemen estilo berezia agiri da, eta gauzak argi euki behar dira: Jesus da helburua eta helmuga.

- Jesusek egiten deuskun deskribapena benetan da argia eta esanguratsua: kirolariak lez, alperrikoetatik erantzi, eragozpen guztietatik askatu egiten da, norgehiagoka behar dan lez jokatzeko; holantxe Jesus Bera ere. Beharrezko ez dan guztitik erantzi egiten da, Aitak emondako egitekoa ahal dan ondoen burutzeko, nahizta bertatik sortu mila irain eta nekeoinaze. Beste horrenbeste guk ere.

- Jesus Maisuagan "begiak josita" doguzala, bidea egitea da guretzat formularik onena, bere urratsei jarraituz. Izan ere, espiritualtasun bide zehatz bat dogu: sakon-sakonean Kristo ingurukoa. Gure ibilbidearen sorrera eta iturburua Beragan dago, eta ez beste inorengan. Beragaz bat egiteko lagungarri jatan guztia (ikastaroak, isiltasun-esperientziak, topaketak, gogojardunak, Hitzaren otoitz giroko hausnarketak...) beharrezko dira.

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Mateo 11, 25-30)

"... Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jente apalari erakutsi deutsazuz-eta. Bai, Aita, holantxe nahi izan dozu. Nire Aitak dana emon deust; inok ez dau ezagutzen Semea, Aitak baino; ezta Aita ere, Semeak baino, eta Semeak agertu nahi izan deutsonak baino. Zatoze Nigana, nekatuok, lanpetuok; eta Neuk arinduko zaituet. Hartu egizue nire buztarria eta ikasi Nigandik: bihotz-bera naz eta apala; eta atsedena aurkituko dozue zuen arimentzat. Nire buztarria leuna da-ta, eta nire zama arina..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Testuinguru hau, Lukasek 10, 21-22 ataletan dakarrenaren antzekoa da, "Jesusen Magnificat". Sinoptikoak adierazoten dabenez, Jesusek Jainkoseme izatearen kontzientzia argia eukan, beste inork ez langoa. Ataltxo banaka bat nahiko da, bere seme-bihotza erakusteko eta Beragan gure uste osoa jartzeko.

- Testuinguru hau Mateo eta Lukasenean zertxobait ezbardina da, idazkereak eraginda. Bietan nabarmentzen da jentarteko pentsakerearen eta Jainkoaren pentsakerearen arteko aldea. (Is 55, 8...aa). Jesusek zeru-lurretako Jaungoikoa bedeinkatzen dau xamurtasunez "ABBA-AITA" deituz, eta jakituria goratzen dau, eta apala baizen sakona, eta giza-ahaleginez lortu ezin leitekena. Ezaguera hau Jainkoaren dohai hutsa da, apalei Jainkoa agertzea (25.a). "Txikiak" dira bakarrik gai, apaltasunez zeruko Erreinuko misterioak onartzeko, Jesusek iragarri ahala. Berak argi jartzen deusku: Horixe da Aitaren nahia.

- Jesusek esaldi honegaz bere barru-giroa agertzen deusku, Aitaren nahiagaz etenezineko batasuna: Harengandik hartzen dau dana eta Berari bihurtzen deutso, maitasunez bere esaneko izanez (26-27.aa). Obedentzia hauxe da, izan ere, Aitagazko maitasunaren oinarri; hauxe adierazoten dau ezaguera berbeak: ez berbazko ezaguera, Beragazko batasun bizipena baino; horretaraxe eroan nahi gaitu guztiok Jesusek (27.a).

- Aintzinako jakituriaren hazia jasoz (Jk 8, 5; 9, 5) bizitzako nekepean zapalduei deitzen deutse, eta Legearena ez dan beste buztarri bat eskeintzen deutse. Egia esan, Jesusen irakatsiak onartzea ez da lege eta arau txorta bat leporatzea, Beragandiko apaltasuna eta xumetasuna ikastea baino; honek egiten ditu eroangarriago bizitzako nekeak eta sufrimentuak (28-30.aa). Norbere bizitzan Semearen bihotzagaz bat egiten dauanak aurkitzen dau atsedena eta poza (29.a): maitasunaren zama altxagarria da, ez zapalgarria.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Benetan esanguratsua da Ebanjelioko orrialde hau! Deitu ere, "Jesusen Magnificat" deitzen deutsoe; bere esanahia, izan ere, eder eta sakona da, eder sakonik bada. Bihotz hondoan gordetzekoa da erakusten deuskun Aitaren arpegia: "txikiei" eta apaleei eskeintzen jaken dohaia da; holakoak bakarrik dirala gai, harritzeko eta eskerronez hartzeko Jaungoiko Beraren dohaia. Honeek bai hartzen dabezala bete-betean Erreinuko misterioak, Jesusek irakatsi eta bere bizitzan egi bihurtzen dabezanak!

- Ebanjelioko testuinguru honek Jesus Beraren barru-giroa agertzen deusku, Aitaren nahira osoan moldatua, etenezineko seme-leialtasunez Aitak erabagi dauanera makurtuz. Horrenbesteko "komuninoa" bizi dau Aitagaz! Eta honek moldatzen dau bere seme-bizitza osoa.

- Tira...! Nire fede-bizitzarako ez da erronka makala! Hau bada Jesusen jarraitzaile izatea, ea zer falta jatan Jesusen esperientziara hurreratu ere egiteko! Honek markatuko leuskit behin betiko nire bizitza. Aukera ederra Pazkualdi hau eta Santa Gema Galganiren jaiegun honetan Jaunak ZATIRIK ONENERA egiten deustan konbitea jasoteko. A zelango erronka niretzat!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue