Santa MARIA GORETTI
Uztailaren 6a |
Liturgiak >> |
 |
|
"... Ala ez dakizue zuen gorputza Espiritu Santuaren jauretxe dana? Zuokan bizi da Bera, Jaungoikoak emonda. Ez zaree zeuon buruaren jabe, karu erosiak baino. Goratu egizue, beraz, Jaungoikoa zuen gorputzagaz..." |
|
 |
|
- Korintoko kristau alkartean bada talde bat egin-eginak eta helduak dirudienak. Euren ustezko santutasuna alde bitara agertzen da, itxuraz kontrajarriak. Batzuk sexuari buruz aszetismo erradikala proposatzen dabe, era batera guztitariko sexu-hartuemonak ukatuz (1 Ko 7.a). Beste batzuk, ostera, neurribako sexualkerira jota, Kristok ekarri deuskun salbamen bidean horrek ezetariko zerikusirik ez daukalakoan. Paulok azken honeentzat ditu esatekoak. Korintoko "libertariak" euren aldrebeskeriaren zuribidetzat harako kristau askatasun eslogana hartu dabe: "Dana zilegi dot" (6,12.a). Apostolua ez da kristau askatasunaren aurka jarten, printzipioetan behintzat, baina zentzuna erabat aldatzen dau. "Libertari" diralako honeek, izan ere, munduko gauzen aurrean askatasun osoa, baina ahaztu barik, euren portaerea kristau bizitza osoaren oinarri gainean sinistuz eta biziz, hartu daben biziera barriaz bat eginda: "Garesti ordainduz eskuratuak zaree" (6, 20.a).
- Bigarren errazoibide horrek gehiago eragiten deutso sexutasun zentzunari. Paulo argi eta garbi dago greziarren dualismoaren aurka -gorputz eta arima kontrajarri barik-; bere ustez, sexutasunak gizaki osoa hartzen dau, eta ez gorpuztasuna bakarrik (18.a). Are gehiago, gorputza ere berbizkundera begira dago, beraz, ez da lizunkeriarako, "Jaunarentzat da" (13.a). Hain zuzen ere, Kristoren eta gizateri osoaren berbizkundea sinisteak gorpuztasuna ere gorengo mailara jasoten dau: alkarren arteko hartuemonez agertzen da eta indartzen da (edo ahultzen) Kristok kristauagan dauan jabetasuna, azken biztueran bete-betean agertuko danez.
- Azkenik, bada beste errazoi bat ere: kristaua, dan osoa, Kristoren eleiz atal bihurtu da eta Espirituaren bizileku (15. 19). eta, horregaitik, berak erabagi behar dau: gorputza "haragi" huts lez erabili, lizunkeriz, edota Kristogaz beste erabateko hartuemonean biziz, Beragaz "espiritu" bat bakarra izanez, hau da, Espirituzko batasun misteriotsuan (17.a). |
|
 |
|
- Hainbeste eratako joeren artean (batera zein bestera izan), Paulok zuzen dihardu salbamen dohaiaren argitara ondorenak ateraten, Kristogan eskeintzen jakunez. Eta, izan, egia da Kristogan lortu dogun askatasun bete-betea dala; baina, Paulok dinonez, askatasun hori biziera barriari dagokionez erabili behar da: kristaua Kristori eskeinia dago eta salbamen harian dago, eta gorputza bera ere batera hartzen da. Horregaitik, eskeini jakon errealitate barri horregaz bat datorren askatasunean bizi behar dau.
- Argi dago, kristaua, gorputz eta guzti, Kristoren atala da eta Espirituaren bizileku, Jaungoikoak emon deuskun Espirituagan. Jauretxean liturgia ospatzen da, Jaungoikoaren aintza iragarriz; beraz, kristauaren gorputzak ere Jaungoikoari aintza emon behar deutso. Hauxe da egoera eta kondizino barria eta holan bizitzera deituak gagoz. "Beraz, ez zaree oraindanik zuenak, garesti ordinduz eskuratu zaitue-ta Jaungoikoak" (20.a): egoera barriaren oinarri eta sustraia hemen dagoz. Eta hauxe da kristau izatearen eta egitearen erizpidearen jatorria.
- Apostoluak egiten deuskun deia, egoera barriari dagokionez bizitzera deia da, gaur eta guri, behin eta barriro, helduten jakun deia. Nire bizitza osoa, nire pertsona izate osoa, betetasun horren barruan dago eta bertatik bizi da. Nire bizitzan dikotomiak eta "sailak" gainditzea, horra eskuartean dogun arazoa. Hauxe da biderako "espiritualtasuna", doantasunez gaur eta beti bizitzeko. |
|
 |
|
"... Bene-benetan dinotsuet: galgaraua lurrean jausi eta hilten ez bada, bakarrik gelditzen da; baina hilten bada, garaua ugari emoten dau… Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; eta bere bizia gorroto dauanak mundu honetan, betiko bizitzarako gordeko dau..." |
|
 |
|
- Jesusen agiriko azken berbaldia da, Jerusalengo jauretxean, eskua ezarri, kondenatu eta kurutzean hil eben bezperan. Jesusek badaki zer datorkion gainera eta barrua larritu egin jakon; itzelezko estularriaren abisua lez zan, Jetsemaniko bildur ikara larriaren aurre-olatua. Baina testu honetan jasoten dogu Jesusen ahotik, ze gogoz hartzen dabezan Nekaldia eta Heriotzea. Hauxe da ebanjelioak eskeintzen deuskun ingurugiroa.
- Nekaldia eta Heriotzea izango dira "bere Ordua", bere unea, bere gailurra. Azalez begiratuta, jazoera horreek "ilunpeen ordua" dira gehiago, ilunpeak argia menderatzen daben ordua. Baina hori itxurea baino ez da. Jesusek bere bizia galtzen dau; baina, hain zuzen ere, horrexek beteten dau zentzunez eta balorez bere bizitza osoa. Jesusen heriotzeari esker, guk Beragan sinisten dogu, eta horrexegaitik Jaungoiko ona benetan ezagutzeko aukerea eta geure burua bere seme-alabatzat ezagutzea. Lurperatua dan hazi horretatik sortuko da egiazko Barri Ona.
- Itzelezko testua da: Jesus Berak aditzera emoten deusku zer diran bere Nekaldia eta Heriotzea. Eta jentilei ere salbatzailetzat agertzen jake. Heldu da "goraldua" izateko ordua. Baina heldu, Nekaldiaren eta Heriotzearen bidez helduko da aintzara: hori da lurrean jausi eta bizi barria sortzen dauan galgarauaren parabolatxoa. Hauxe bera izango da zerbitariari zor jakon ondorena: Jesusi kurutzera eta aintzara lagundutea. Horrenbestekoa izango da Aitak eskeiniko deutson ohorea. |
|
 |
|
- Jesusek adore haundiz hartzen dau Aitak proposatzen deutson bidea: Bera izango da lurrera jausiko dan galgaraua, eta, hori, barriro indarrez jagi eta bizi barria emoteko. Kontzientzi argiz eta bihotz haundiz jokatzen dau Jesusek, Aitaren salbamen asmoak betez. Nok leuken bere erabagi sendo eta argia, burua eskeinita holan egiteko!
- Ilunpeak argiari gehiago egingo deutsoela begitandu arren, itxuraz baino ez da, ondorengoa bestelakoa dalako: bere eskeintzaz, bere bizitza osoa argitan gelditzen da; orain bai ulertzen dirala, argi baino argiago, bere berba eta egintzen indarra eta zentzuna. Berak ez dau "dotrinarik", ez "filosofiarik" proposatzen; hori barik, izateko eta biziteko EREDU bat eskeintzen deusku. Lurrean jausi eta usteltzen dan galgarauaren parabolatxoak argitzen dau, zin hobeto, gin dan bere aukera eta estiloa.
- Proposamen zoragarria gaur niri, guri egiten jakuna, Jesusen jarraitzaileoi! Neure eskeintzatik, eta neurribako eskeintzatik, ulertu ahal izango dot bizitzaren sakoneko zentzuna, osorik emonaz bakarrik berreskuratu ahal izango dodalako sekulako betetasunez. Honen egia jakiteko bide bakarra, holan jokatzea da. Hemen aurkitzen gara. Anai-arreba, sorte on izan daizula eta... ea lortzen dozun! |
|
|
|
|