castellano euskera batua euskera bizkaiera

JESU KRISTO GURE JAUNAREN PASIOAREN OROITZAPENA

(Hausterre eguna baino lehenagoko ostirala)

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Gure aita san Paulo Gurutzekoak, 1758ko irailaren 27ko gutun batean, Pasioko Festaburuaren Ofizioa molda zezatela eskatzen zion zenbait erlijiosori. Aita Tomas Struzzieri izan zen testua idatzi zuena. Klemente XIV.a aita santuak ospakizuna Eliza osora zabaldu nahi izan zuelako atzeratu egin zuen testuen onarpena. 1776ko urtarrilaren 10ean iritsi zen onarpen hori. Gure aita hila zen ordurako.

Nekaldiko misterio osoa bere zabaltasun handienean hartzen du jai honek, Jesu Kristok bere Aitaren nahia betetzeko jasan zituen oinaze-minen orokortasuna eman nahirik ospakizunari. Hiru helburu lortu nahi dira:

  • Jainko Aitaren salbamen ekintza ospatzea, hark gure berrerospena gurutzeko heriotzaz burutu zezan bidali baitzuen bere Seme bakarra.

  • Maitasunaren goreneko ezaugarri honen etengabeko oroipena egiten guri laguntzea.

  • Gu lekuko eta lankide izatera bultzatzea, berrerospenaren fruituak gizaki guztiek jaso ditzaten.

    Liturgi festaburu honek, "Jainko maitasunaren ekintza bikainena" (Lett. II, 499) Eukaristiako oparian berritu eta ospatzean, Pasioko Kongregazioak Jaunaren pasioko misterioarekin duen batasuna adierazi eta erakusten du.

  • # # #
    #
    # # #

    Mezako otoitza

    Jainko ahalguztidun betikoa,
    Jesu Kristo gure Salbatzailea,
    gizon eginda eta gurutzeko heriotzaraino apaldua,
    gizakioi jarraibide eman diguzuna;
    emaguzu haren Pasioaren Oroitzapena egiten dugunoi
    maitasunaren ezaugarri nagusi hau
    beti gogoan izatea,
    haren piztuerako aintzan parte izan dezagun.
    Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

    # # #
    #
    # # #

    Hitzaren Liturgia

    LEHENENGO IRAKURGAIA: Isaias 53, 1-12

    "Gure bekatuengatik alderik alde zulatua"

    Nork sinetsi du guk esandakoa? Nori agertu zaio Jaunaren besoa? Kimua bezala hazi zen haren aurrean; zuztarra lur lehorrean bezala, ederrik eta giza antzik gabe ikusi genuen eta itxura atseginik gabe, barregarri eta gizonetan azkeneko, oinaze-gizon egina, nekeen berri dakiena, ez-ikusi egiten zaienetakoa; gaitzetsia eta baztertua.

    Gure nekeak hartu zituen hark eta gure minak eraman. Lepradun bezala geneukan, Jaungoikoak joa eta lotsarazia. Gure bekatuengatik alderik alde zulatua; gure gaiztakeriengatik txikitua. Haren gainera erori zen, guri bakea ematen digun zigorra; haren zauriek sendatu gaituzte.

    Gu denok, ardi galduak ginen, bakoitza bere bidetik; eta Jaunak haren gainean ezarri zituen gu guztion txarkeriak. Gaizki zerabilten, baina bera makurtu egin zen; eta ez zuen ahorik ireki. Harategira daramaten arkumea bezala, ile-moztaileen aurrean ardia bezala, isilik egon zen, ahorik ireki gabe. Zuzengabeko auzitan galdu zuten.

    Nork hartu zuen aintzakotzat haren etorkizuna? Bizidunen lurretik kendu egin zuten; nire herriaren bekatuengatik hil zuten. Gaizkileen artean lur eman zioten, eta bekatariekin haren hilobia; nahiz-eta berak bidegabekeriarik ez egin, eta haren ahotik gezurrik ez jalki. Jaunak nekeetan lehertu nahi izan zuen. Bere bizia ordain ematen badu, izango du ondorengo ugari, luzatuko zaizkio egunak, beteko da Jaunaren nahia haren bitartez. Bere oinazeen sari, ikusiko du argia eta aseko da. Jasan duenaren bidez, nire zerbitzariak zuzentasuna emango dio askori, haien hutsegiteak bere gain hartuz. Horregatik jendetzak emango dizkiot nik bere parte, Giza taldeak izango ditu harrapakin; heriotzara eman baitzuen bere burua, eta bekataritzat hartu baitzuten. Bere gain hartu zituen askoren hutsegiteak, eta bitarteko izan zen bekatarientzat.



    ERANTZUN-SALMOA: Sal 21, 8-9. 17-18a. 19. 20. 23

    E./ Kristoren Nekaldia bego beti gure bihotzetan grabatua.


    Ikusten nautenak honela ari zaizkit barreka,
    ezpain-keinu eta buru-eraginka:
    "Jaunagan du usteon, salba beza;
    maite badu, onik atera beza". E./

    Zakur-taldeak nauka inguraturik,
    gaizkile-sailak erdian harturik.
    Esku-oinak zulatu dizkidate,
    ezur guztiak bat-banatu ditzaket.
    Nire jantziak berentzat banatzen dituzte,
    nire soinekoa zotz egiten dute. E./

    Zu, ordea, Jauna, ez egon urrun,
    zu, nire indar, zatozkit azkar nire lagun.
    Nire senideei zure izena diet iragarriko,
    batzarraren erdian zaitut goretsiko. E./


    BIGARREN IRAKURGAIA: 1 Korintoarrei 1, 18-25

    "Guk Kristo gurutziltzatua predikatzen dugu"

    Senideok:
    Gurutzearen mezua, galtzen direnentzat, zorakeria da; salbatzen direnentzat, ordea, guretzat alegia, Jainkoaren indarra. Idatzia dago, izan ere: "Hondatu egingo dut jakintsuen jakinduria, eta huts bihurtuko adituen adimena". Zertan dira jakintsuak, ikasiak, mundu honetako gauzetan adituak? Jainkoak ez ote du zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria?

    Begira, Jainkoak bere jakinduria agertu duenean, gizakiak ez dira gauza izan beren jakinduriaz Jainkoa ezagutzeko; horregatik, Jainkoak, guk iragartzen dugun zorakeriaren bidez salbatu nahi izan ditu fededunak.

    Juduak ezaugarri eske dabiltza; greziarrak, jakinduria bila; guk, berriz, Jesukristo gurutziltzatua predikatzen dugu, juduentzat behaztopa dena eta greziarrentzat zorakeria; baina deituentzat -nahiz judu izan, nahiz greziar- Jainkoaren indar eta Jainkoaren jakinduria. Jainkoaren zorakeria gizakiak baino jakintsuago baita; eta Jainkoaren ahulezia gizakiak baino indartsuago.



    Aleluia: Is 53, 7

    Agur, gure Errege, Aitaren esaneko:
    gurutzera eramana izan zara,
    hiltegira bildotsa bezala.



    EBANJELIOA: Joan 19, 17-30

    "Jesusek, burua makurturik, azken arnasa eman zuen"

    Aldi hartan, hartu zuten Jesus, eta hura, gurutzea sorbaldan zeramala, "Burezur" (hebreeraz, berriz, Golgota) izeneko lekura atera zen. Han josi zuten gurutzean; eta harekin batean beste bi, bata alde batetik, eta bestea bestetik, eta erdian Jesus. Gurutze-buruan idazkun bat ipintzeko agindu zuen Pilatok; honela zioen idazkiak: "Jesus Nazaretarra, juduen erregea".

    Judutar askok irakurri zuen idazkuna, hiritik hurbil baitzegoen Jesus gurutzean jositako lekua, eta idazkuna hiru hizkuntzatan idatzi baitzuten: hebreeraz, latinez eta grekoz. Judutarren apaiz nagusiek, orduan, honela esan zioten Pilatori:
    - "Ez ipini "Juduen erregea", baizik "Honek esan du : Juduen erregea naiz"."

    Baina Pilatok:
    - "Idatzi dut, eta idatzirik dago".

    Gudariek, Jesus gurutzean josi zutenean, haren jantziak hartu eta lau zati egin zituzten, gudari bakoitzarentzat zati bana; soinekoa, berriz, utzi egin zuten. Josturarik gabea zen, goitik behera erabat ehoa. Eta elkarri esan zioten:
    - "Ez dezagun zatitu; baizik txotx egin dezagun, zeini ateratzen zaion".

    Horrela bete zen Liburu Santuak dioena: "Nire jantziak berentzat banatu zituzten, eta nire soinekoa txotx egin zuten". Hori egin zuten gudariek.

    Jesusen gurutzearen oinean zeuden: bere ama, amaren ahizpa, Kleofasen Maria, eta Maria Magdalena. Jesusek bere ama ikustean eta, han bertan, berak hain maite zuen ikaslea, honela esan zion amari:
    - "Andrea, horra hor zure semea!"

    Eta gero ikasleari:
    - "Horra hor zure ama!"

    Eta orduez gero, ikasleak bere etxean eduki zuen Ama.

    Gero Jesusek, dena bete zela ezaguturik, Liburu Santua bete zedin, honela esan zuen:
    - "Egarri naiz".

    Bazen han ozpinez betetako pitxar bat. Eta ozpinetan bustitako belaki bat kanabera-muturrean loturik, ezpainetara eman zioten. Ozpina hartu ondoren, honela esan zuen Jesusek:
    - "Bete da dena".

    Eta, burua makurturik, azken-arnasa eman zuen.

    # # #
    #
    # # #

    Jainko herriaren otoitza

    Senideok: jar dezagun gure begirada gurutzean jasota dagoen Jesusengan, honengan sinesten dutenei betiko bizitza emateko jarria baitago, eta eska diezaiogun Jaunari elkarren alde:

    1.- Munduaren Berrerosleak indar dezala salbamenaren sakramentua den Eliza, eta honek iragar diezaiela herri guztiei Jesu Kristoren heriotza eta piztuera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

    2.- Munduaren Berrerosleak sendo ditzala oinaze, gaixotasun eta baztertuak izatearen esperientzia bizi duten guztiak, eta erakuts diezagula guri haien sufrimenduekin bat egiten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

    3.- Munduaren Berrerosleak eraman ditzala elkartasunaren eta bakearen bideetatik herri guztiak eta haietako agintariak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

    4.- Gugatik nekaldia eta heriotza jasan zituen munduaren Berrerosleak eman diezaiela gure egunetako gizakiei Kristoren Pasioan Jainko maitasunaren ekintza handiena aurkitzea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

    5.- Pasiotar familia Gurutziltzatuaren oinaze eta heriotza kontenplatuz bizitzera deitu duen munduaren Berrerosleak, eman diezaiela kide guztiei Pasioaren fruituak ugari jasotzea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

    OTOITZA: Jainko ahalguztidun betikoa, zure Semearen Pasioaz mundua salbatu nahi izan duzu, onar gure eskariak, eta emaguzu Jesu Kristok bere heriotzan erakutsi digun maitasuna ezagutu dugunoi haren gurutzeko fruituak bete-betean gozatzea. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

    # # #
    #
    # # #

    Opagaien gaineko otoitza

    Begira onginahiz, Jauna,
    hemen aurkezten dizkizugun dohainak
    eta egizu zure zerbitzuan leial iraun nahi dugunok
    elkar gaitezela zure Seme Kristoren oparira,
    munduaren berrerospenerako eskaini baitzuen.
    Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

    # # #
    #
    # # #

    Eskerrak ematea - Prefazioa

    "KRISTOREN NEKALDIA,
    JAINKO MAITASUNAREN EKINTZARIK HAUNDIENA"



    V./ Jauna zuekin.
    E./ Eta zure espirituarekin.

    V./ Gora bihotzak.
    E./ Jaunagan dauzkagu.

    V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
    E./ Egoki da eta zuzen.

    Egoki eta bidezko da, bai,
    zuzen eta osasungarri,
    guk zuri, Aita on
    eta Jainko ahalguztidun eta betiko horri,
    eskerrak ematea nonahi eta beti.

    Zure Seme Jesu Kristo gure Jauna
    gure antzeko egiteraino maite izan baituzu mundua.
    Eta hark, gu azkeneraino maitatuz,
    bere gogoz jasan zuen gurutzeko heriotza.

    Eta oinaze handienetan zelarik,
    barkamena eskatu zizun hiltzaileentzat,
    eta bere Ama, ama egin guretzat.

    Bere arima zure eskuetan ipiniz,
    burutu zuen gurutzeko eskaintza
    eta, bere piztueraren indarraz
    guri betiko bizitza eskuratuz,
    erakutsi guganako zuen erruki neurrigabea.

    Salbamen misterio honengatik aingeruak dira pozten
    eta etengabe zure aurpegiaren aintza dute gurtzen.
    Utz guri ere haien ahotsekin elkarturik
    alaitasun berdinez zuri kantatzen:

    Santu, santu, santua...

    # # #
    #
    # # #

    Jaunartzearen ondorengo hitza

    Jauna,
    Pasioko Oroitzapen nagusi honetan
    zure berrerospenaren sakramentuetan parte hartzea eman diguzu,
    garbi gaitzazu eta egizu gai izan gaitezela
    zure Seme Jesu Kristoren nekaldiari falta zaiona
    Elizarenganako maitasunez gugan osatzeko.
    Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

    # # #
    #
    # # #

    Bedeinkapena

    Jainko errukitsuak,
    bere Semearen nekaldiaren bidez
    gizadia berrerosi zuenak,
    era ditzala zuen bizitzak
    Kristo gurutziltzatuaren irakatsien arabera
    eta isur dezala zuengan
    bere bedeinkapen ugaria. E./ Amen.

    Eman diezazuela,
    San Paulo Gurutzekoaren gidaritzapean,
    maitasunaren ekintza handiena hausnartuz,
    elkarrekin baturik irautea,
    eta eraman zaitzatela, gaitz guztietatik zaindurik,
    santutasunaren gailurrera. E./ Amen.

    Eman diezazuela,
    Jaunaren nekaldia bizi eta zabaltzen
    ahalegintzen zaretenoi,
    Salbamenaren misterioan parte hartzea
    eta bere aintzaren oinordekide izatea. E./ Amen.

    Bedeinka zaitzatela
    Jaungoiko ahalguztidunak:
    Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E/. Amen.

    # # #

     

    Iruzkinak >> 


     

    Jatorria - Bidea

     
     
    #
    # # #
    Un caminar
    # # #
    bidean@bidean.net
    orue