castellano euskera batua euskera bizkaiera

Andre Maria, ITXAROPEN Santuaren AMA

Uztailaren 9a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

"Itxaropen Santuaren Ama" izenez, Andre Mariaganako eraspena Nekaldiko Kongregazioan bere hasieratik da ezaguna. Bere eragile nagusi bezala Tomas Strutzzieri misiolari entzutetsua izan zen, geroago gotzain mailara jasoa. Misio Santuetara beti eramaten zuen aldean eraspen honetako Andre Mariaren irudia.

Geroago baten, irudi hori sailean ugaritu zen, eta gure erlijiosoen geletan jarri zuten, haien begi-bihotzak Berarengana zuzen zitzaten, espirituzko beharrizanetan bere laguntza eskatuz. Horrela Itxaropen Santuaren Andre Maria Birjina bihurtu zen guztien eredu eta gure itxaropenaren eusgarri sendoa. Andre Mariak agertzen eta erakusten duen itxaropenaren iturburu, Jesus Haurrak eskuan daukan Gurutza da, bertan bere heriotzarainoko maitasunaren ezaugarri.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Gure Aita-Ama Jaungoikoa,
Andre Maria, Itxaropen Santuaren Ama izenez
ospatzea eman diguzu;
emaguzu, bere bitartez,
gure itxaropena goiko ondasunetan jar dezagula,
gure lurreko bizitzaldian gure egitekoa bete ondoren,
jasoko ditugula sinismenez itxarotera gonbidatzen baikaitu.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Sirak liburutik 24, 9-12. 19-22

"Ni naiz itxaropen santuaren ama"


Denbora hasi aurretik sortu ninduen Jainkoak
eta izateari ez diot sekula utziko.
Haren aurrean ihardun izan dut
egoitza santuan kultugintzan
eta horrela finkatu naiz Sion mendian.
Hiri maitean eman dit atsedenleku
eta Jerusalenen dut neure aginpidea.
Herri ospetsuan bota ditut sustraiak,
Jaunaren sailean dago nire ondarea.
Ni naiz maitasun garbiaren, bildur santuaren,
ezagutzaren eta itxaropen santuaren ama.
Niregan dago bidearen eta egiaren grazia,
niregan bizitzaren eta onbidearen itxaropen betea.
Jaunaren sailean dago nire ondarea.
Etorri niregana irrikatzen nauzuenok,
eta ase ene emaitzez.
Eztia baino gozoago da nitaz oroitzea,
abaraska baino gozoago ni ondaretzat hartzea.
Jaten nautenak are goseago izaten dira nitaz,
edaten nautenak are egarriago.
Nik esana egiten duenak ez du porrot egingo,
nirekin diharduenak ez du bekaturik egingo.



ERANTZUN-SALMOA: Lk 1, 46-48a. 48b-49. 50-51. 52-53. 54-55

E/. Agur Maria, gure itxaropen.

Handiesten du nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat nire barruna;
Jainkoa bait da nire salbamena,
ikusi bait du mirabe honen ezereztasuna. E./

Dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek,
handiak egin bait dizkit Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia gizaldiz gizaldi,
beldur diotenengana. E./

Bere besoaren indarra erabili du,
buru-arroak suntsitu ditu;
bota ditu beren aulkitik handizkiak,
eta gora jaso ditu ezerezak. E./

Bere gain hartu du Israel, bere morroia,
errukia gogora zaiola;
gure gurasoei ala zien hitzemana,
Abrahan-i eta ondorengoei betiko esana. E./



Aleluia

Ama deuna eta Birjina orbangabea,
munduko Erregina goralgarria,
otoi gure alde, aukeratu zinduen Jaunaren aurrean.



EBANJELIOA: Joan 2, 1-11

"Eta Jesusen ama han gertatu zen"

Aldi hartan, ezteiak ziren Galilea-ko Kana-n, eta Jesusen ama han gertatu zen. Jesus ere ezteietara deitu zuten bere ikasleekin. Ardoa ahitu zen, eta honela esan zion Jesusi bere amak:
- «Ez daukate ardorik».

Eta Jesusek erantzun:
- «Eta guri zer axola zaigu, emakume? Nire ordua ez da oraindik etorri».

Orduan amak morroiei:
- «Egizue, Berak esaten dizuena».

Harrizko sei ontzi zeuden han, judutarren ohituraz eskuak garbitzeko ipiniak, ontzi bakoitza ehun bat litrokoa. Jesusek esan zien:
- «Bete itzazue ontziak urez».

Eta haiek leporaino bete zituzten. Jesusek berriro:
- «Atera orain, eta eraman mahaizainari».

Eta haiek eraman zioten. Txastatu zuen mahaizainak ura ardo-bihurtua, nondik zekarkieten jakin gabe (morroiek, bai, bazekiten, beraiek atera bait zuten); orduan, ezkonberriari deituta, honela esan zion:
- «Ardo ona, guztiek hasieran ateratzen dute, eta edanda daudenean, orduan txarra. Zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardo ona».

Honela, Galilea-ko Kana-n egin zituen Jesusek bere lehenengo ezaugarriak, bere aintza azaldu zuen, eta sinistu zuten Harengan bere ikasleek.

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Dena ahal duen eta hain maite gaituen Aitaren eskuetan gure otoitzak utziz, agertzen dugu Berarengan dugun uste osoa. Eta hau Andre Maria bitarteko dugula egiten dugu.

1.- Mundu zabalean dagoen Elizaren alde: munduaren aurrean Kristorengan duen segurtasunaren testigantza eman dezan, eta guztientzat itxaropen iragarle izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetako gobernarien alde: beren erantzukizunez ongi jabe daitezen, herrien arteko harremanak zuzen ditzaten eta bake zuzenaren segurtasuna lor dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gogo oneko gizon-emakume guztien alde: gizarteko ingurugiroa egokitzen saia daitezen, guztien elkarbizitza bakean eta anaitasunean garatu dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixorik eta sufritzen dauden guztien alde: oraingo eta geroko bizitzaren itxaropen sendoz eutsita senti daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jaunaren Hitzak argituta eta Mariaren ereduz bizkortuta, kristau itxaropenez bizitzea lor dezagula, ingurukoei bihotz onez komunikatuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Zure bihotz samurrez onartu, arren, Jauna, gure itxaropena den Mariaren bitartez egin dizkizugun eskariak. Jesukristo gure Jaunaren izenean. AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Entzun, arren, Jauna, zure herriaren otoitza
eta onartu egiten dizun eskaintza,
zure Semearen Ama bitarteko dugula,
gure gurariak aintzat hartuak
eta gure eskariak entzunak izan daitezen.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da eta zuzen
nonahi eta beti gorespenik ederrenez Zu gorestea,
Aita Santu betiko Hori,
Zuk esku zabalez eman zenion munduari
Salbamenaren Egilea den Jesukristo,
eta baita Maria ere goi itxaropenaren eredutzat.

Izan ere, zure mirabe apala oso-osoan eman zitzaizun:
zure Hitza sinistuz,
Gizasemea sortu eta haragi egin zuen,
profetek iragarri zutenez;
eta, salbamen egintzari betean emana izan zen,
gizaki guztien ama egina.

Baina, bera, eroskundearen lehen fruitua zenez,
Adanengandiko seme-alaba guztien arreba ere bada,
askatasun beterako bidean,
Maria bera dutelako itxaropen sendo eta poz betea,
Jaunaren egun zoriontsua argitu arte.

Horregatik,
aingeru talde guztiekin batera,
poz betean abesten dizugu.

Santu, Santu, Santu...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Salbamen eta sinismen sakramentuz janarituta,
uste onez beterik eskatzen dizugu gure Aita eta Jaun horri,
Andre Maria, Itxaropenaren Ama maitasunez gogoratzen dugularik,
Berarekin batera goza dezagula zure Jainko maitasuna.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko Jaunak, bere ardura maitekorrez
mundua Birjina Mariaren erraietako fruitu ederrez
Salbatzea nahi izan zuenak,
bete zaitzatela bere bedeinkapenez. E/. Amen.

Ama Birjinaren laguntza izan dezazuela beti,
bizitzaren Egilea berarengandik hartu duzuenok. E/. Amen.

Eta zuoi guztioi,
gaur Mariaren jaieguna gogo beroz ospatzera
hemen elkartu zeratenoi,
Jaunak Espirituaren poza eta bere Erreinuko ondasunak
isur diezaizkizuela. E/. Amen.

Eta Jaungoikoa ahalguztidunaren,
Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren
bedeinkapena jaitsi dadila zuen gainera. E/. Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue