castellano euskera batua euskera bizkaiera

ISIDORO DE LOOR Dohatsua

Urriaren 6a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Isidoro Loor, pasiotarren artean "San Joserena" deitua, 1881. urtean jaio zen, Vrasenen, Flandes sortzaldean, Gent elizbarrutian. Nekazarien seme, gustura lan egin zuen labrantzan eta bertan lan egin zuen, 26 urteko zela, Ere-ko pasiotarren nobiziadu etxean anai laguntzaile bezala sartu zen arte. 1908. urteko irailaren 13an egin zuen erlijioso profesa; handik aurrera, bere Anai laguntzaile izateari zegozkion mota askotako zerbitzu apaletan eman zuen bere bizitza han-hemengo elkarteetan, beti ere, Pasiotarren bizitzaren oinarri diren otoitzari eta penitentziari gogo-bihotzez emana. Handitsu batek jota zeukan eskuineko begia galdu zuen 1911. urtean. Bere bizilagunen eta gainerako ezagunen aurrean emandako ezaugarriak nabarmenak izan ziren: karitatea eta xumetasuna, lanean jatortasuna eta otoi zaletasuna. Pleuritis eta minbiziak oinazemin gorriak sufritu arazi zizkion hilabete osoan. 1916. urteko urriaren 6an hil zen 35 urtekoa zela, eta haietatik 8 erlijioso-bizitzan. "Anai laguntzaile ona" eta "Jaungoikoaren borondatearen anaia" goitizenez deitua izan zen. Joan Paulo II. Aita Santuak beatifikatu zuen 1984ko irailaren 30an.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jaungoiko gure Jauna,
Isidoro Dohatsuak apaltasunean eta zerbitzuan zeukan fintasunaren bidez,
Gurutzearen itzalean eramandako
biziera ezkutuaren eredua eman diguzu;
egizu gure eguneroko lana Zuretzat otoitz-lurrin
eta anaientzat maitasun-zerbitzu izan dadila.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: 1 Joan 4, 7-16

"Elkar maite badugu, Jaungoikoa gurekin dago,
eta Haren maitasuna bere betera iritxi da gure artean"



"Senide maiteok: Maita dezagun elkar, maitasuna Jaungoikoagandik bait dator, eta maite duen guztia Jaungoikoagandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa. Maite ez duenak ez du ezagutzen Jainkoa, Jaungoikoa maitasuna bait da.

Jaungoikoak digun maitasuna honetan agertu zen: Jaungoikoak bere Seme bakarra bidali zuela lurrera, gu Haren bidez bizi gaitezen. Maitasuna badela, honetan agertzen zaigu: ez guk Jainkoa maite izan dugulako, baizik Hark gu maite izan gaituelako, eta bere Semea gure pekatuen pake-opari bidali zuelako.

Senide maiteok: Jaungoikoak gu hain maite izan bagaitu, guk ere elkar maitatu behar dugu. Jaungoikoa ez du inork inoiz ikusi. Elkar maite badugu, Jaungoikoa gurekin dago, eta Haren maitasuna bere betera iritxi da gure artean.

Honetan ikusten dugu Berarekin gaudela eta Bera gurekin: bere Espiritutik eman bait digu. Guk ikusi dugu eta aitortzen, Aitak bere Semea bidali zuela munduaren salbatzaile. Norbaitek aitortzen badu Jesus Jaungoikoaren Semea dela, Jaungoikoa harekin dago, eta bera Jaungoikoarekin.

Guk ezagutu dugu eta sinistu Jaungoikoak digun maitasuna. Jaungoikoa maitasuna da; maitasunean dagoena Jainkoarekin dago eta Jainkoa harekin".



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 132, 1. 2. 3

E/. Poztasunean alkartzen gaitu Jainko maitasunak.

Bai eder dela, bai gozo,
senideak elkarturik bizitzea! E./

Gantzuketako olio bikaina bezala da,
buruan isuri eta bizarrean behera,
Aaronen bizarrean behera,
soinekoraino jaisten den olio lurrintsua bezala. E./

Sion mendira jaisten den ihintza bezala,
Hermon mendian bezain ugari.
Sionen ematen du Jaunak bedeinkazioa:
bizia betiko! E./



Aleluia

Ikusten duen senidea maite ez duenak,
ezin maita, ikusten ez duen Jainkoa.



EBANJELIOA: Joan 15, 1-8

"Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak"


Aldi hartan, Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- "Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da mahastilaria. Nigan fruiturik ematen ez duen aihena, moztu egiten du; eta fruitu ematen duen guztia kimatu, fruitu gehiago eman dezan. Zuek, bai, garbi zaudete, Nik adierazi dizuedan hitzari esker. Zaudete Nigan eta Ni zuengan. Aihenak ez dezake berez fruiturik eman, mahatsondoan ez badago; ezta zuek ere, Nigan ez bazaudete.

Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak. Nigan dagoenak, eta Ni harengan, fruitu asko ematen du; Ni gabe ezin bait duzue ezer egin. Nigan ez dagoena, aihena bezala kanpora botatzen dute eta ihartu egiten da; gero bildu eta sutara botatzen dituzte, eta erre egiten dira.

Nigan bazaudete eta nire hitzak zuengan badaude, eskatu nahi duzuen guztia, eta izango duzue. Honek goresten du nire Aita: zuek fruitu ugaria emateak; horrela izango zarete nire ikasle".

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Isidoro de Loor dohatsua lagun hartuta, eska diezaiogun Jaunari, Jesukristoren presentzia gure eguneroko bizitzaren apaltasunean ezagutu eta estimatzen lagun diezagula.

1.- Gizaki guztien alde, Jaungoikoak bere Semearen nekaldian eta heriotzan agertu digun maitasuna meditatzen ikas dezaten, Isidoro anaiak bezala, behar den erantzuna ematen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Erlijiosoen alde, Jesukristori dioten maitasunak Ebanjelioaren testigu biziak eta benetako zerbitzariak egin ditzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixoen alde, Jaunak gorputzeko sendotasuna eman diezaiela, arimako bakea, sufrimenduen aurrean eramanpena eta osasunbidea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Hemen elkartu garenon alde, gizaki guztienganako irekitasuna eta onarpena ebanjelioaren bidekoa izan dadin, norberekeri eta interes guztien gainetik. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristian parte hartzen dugun guztion alde, gure bizitzan Jaungoikoaren borondatea bilatzeko eta betetzeko behar dugun adorea izan dezagun, beti Jaunarengan uste osoa jarriz, Isidoro dohatsuaren antzera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Ontasun iturri zaitugun Aita Jaungoikoa, Isidoro dohatsua beti saiatu zen zure borondate santua bilatzen eta betetzen. Onar ezazu, arren, zure zerbitzariaren gure aldeko otoitza. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onartu ezazu, Jauna,
guk, zure zerbitzariok aldarean
aurkezten dizkizugun dohaiok,
Isidoro dohatsuaren jaia ospatzean;
emaiguzu, munduko eragozpen guztien gainetik,
Zu izan zaitezela gure ondasuna.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zu, Jauna, zeruko eta lurreko izakiak
beti gorestea,
eta zeruetako erreinuagatik
Kristori eskainiak izan diren santuak gogoratuz,
zure asmo ederrak ospatzea.

Haiengan berreskuratzen du gizakiak
Zugandik hartu zuen hasierako santutasuna,
eta hemen lurrean gozaten dituelarik
gero zeruan betean izango dituenak.

Horregatik,
aingeru eta santuekin batean
goresten zaitugu eten gabe abesten dugula.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Jauna,
Sakramentuaren grazia lagun,
eta Isidoro dohatsuaren antzera,
arren, eskatzen dizugu
zure maitasunean gorde gaitzazula
eta bere betetasunera eraman dezazula
guregan hasi duzun egintza, Kristo etorri arte.
Gizaldirik gizaldi errege bizi baita. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
Isidoro de Loor dohatsuaren jaia ospatzeko
hemen elkartu gaituenak
bedeinkatu, zaindu eta bere bakean sendotu zaitzatela. E./ Amen.

Kristo Jaunak,
Isidoro de Loor dohatsurenagan
pazku misterioaren indar berritzailea agertu duenak,
bere Ebanjelioaren testigu zintzoak egin zaitzatela. E./ Amen.

Espiritu Santuak
Isidoro de Loor dohatsuarengan
Ebanjeliozko karitate eredua eskaini digunak,
eman dezaizuela Elizan sinismen eta maitasunaren
benetako batasuna gehitzea. E./ Amen.

Eta bedeinka zaitzatela
Jaungoikoa Ahalguztidunak,
Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue