castellano euskera batua euskera bizkaiera

KARLOS HOUBEN Deuna

Urtarrilaren 5a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Andres deunaren san Karlos (Joan Andres Houben) Munstergeleen-en (Holanda) jaio zen 1821ko abenduaren 11n. Bere bizitza Jainkoari eskaintzeko erabakia hartu ondoren, Ere-ko (Belgika) Pasiotarren nobizio-etxera joan zen 1845ean eta 1846ko abenduaren 10ean boto erlijiosoak egin zituen. 1850eko abenduaren 21ean apaiz ordenatua izan ondoren, 1852an Ingalaterrako Pasiotarren fundazio berrira bidali zuten. Hilberria zen hemen Domingo Barberi dohatsua, senide bananduak fede katolikora erakartzeko hain lan handia egin zuena.

San Karlos Houben-ek ere, Ekumenismoaren apostolu izan zen Domingo dohatsuaren bidea jarraikiz, gogotik lan egin zuen arimen onerako eta Elizaren batasunerako, lehenengo Ingalaterran eta gero Irlandan. Hemen hil zen santutasun ospe handiarekin 1893ko urtarrilaren 5ean, Jaunaren Agerkunde bezperan.

Gurutzeko san Paulo Sortzailearen eta lehenengo Pasiotarren antzera, barne bizitza handiko gizona, predikuan baino gehiago nabarmendu zen bedeinkapenen eta aitortzen apostolutzan. Joan Paulo IIak 1988ko urriaren 16an dohatsu aitortu zuen, eta Benedikto XVI. aita santuak 2007ko ekainaren 3an kanonizatu.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko Jauna,
zeuk eman zenion Andres deunaren san Karlos apaizari
besteen onerako bizitzea
eta erru eta sufrimenduek zapalduak zeureganatzeko indarra;
emaguzu guri ere,
hari jarraituz,
etengabe gure senideak salbamen bidera
erakartzen saiatzeko argia eta laguntza.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Isaias 58, 6-11

"Eman zure ogitik gose denari"


Isaias Profetaren liburutik

Honela mintzo da Jauna:
"Hau da Nik maite dudan baraua:
eten bidegabeko kateak,
askatu uztarrien lokerak;
utzi libre menpekoak,
puskatu uztarri guztiak;
eman zeure ogitik, gose denari;
etxean hartu, aterperik gabeko behartsuak;
jantzi biluzik dagoena,
eta ez bazterrera utzi zure hurkoa.

Orduan zure argia
egunsentia bezala zabalduko da,
eta zure osasuna berehala erneko;
aurretik joango zaizu zuzentasuna,
eta ondotik Jaunaren aintza.
Orduan zuk hots egin, eta Jaunak erantzungo dizu;
zuk deiadar egin, eta Hark honela erantzungo:
"Hemen naukazu".

Uztarria, jotzeko keinuak eta asmo txarrak
zure ingurutik aldentzen badituzu,
gose denari zeure ogitik ematen badiozu,
eta behartsuari jaten,
zure argia ilunpetan zabalduko da,
eta zure ilunaldia eguerdi bihurtuko.
Atseden luzea emango dizu Jaunak,
basamortuan aseko zaitu;
zure hezurrak sendotuko ditu,
urez asetako baratze bezala izango zera,
agortzen ez den iturria bezala".



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 111, 1-2. 5-6. 7-8. 9

E/. Zorionekoak errukitsuak, hauek iritsiko dute eta errukia.

Dohatsu, Jaunaren beldur den gizona,
Haren aginduak oso maite dituena.
Ahaltsu izango da lurrean haren hazia,
zintzoen ondorengoa onetsia. E./

Zorionekoa, errukitu eta eman egiten duen gizona,
bere gauzak zuzen atontzen dituena.
Ez da koloka ibiliko behin ere,
hartaz oroitzeak iraungo du betiere. E./

Berri txarrak ez du beldurtzen,
bizkor du bihotza Jaunagan itxaroten.
Sendo dauka bihotza, beldurrik gabe,
bere etsaiak lotsaz ikusi arte. E./

Zabaltzen die eta ematen behartsuei,
beti irautekoa da haren esku zabala,
ospez jaikiko da haren ahalmena. E./



Aleluia

Agindu berri bat ematen dizuet:
elkar maita dezazuela, nik maite izan zaituztedan bezala.



EBANJELIOA: Lukas 6, 27-38

"Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala"


Aldi artan, Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- "Hau diotsuet nik entzuleoi: maita itzazue zuen etsaiak; egin on, gorroto dizuetenei; bedeinka, madarikatzen zaituztetenak; egin otoitz, gaizki esaka ari zaizkizuenentzat.
Masail batean jotzen zaituenari, eskain iezaiozu bestea ere, eta zure soingainekoa kentzen dizunari, ez ukatu jantzia.
Eskean datorkizunari, emaiozu; zurea kentzen dizunari, ez itzularazi; egin besteei, haiek zuei egitea nahi zenuketen bezala. Maite zaituztetenak maite izanik, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitatzaileak. Eta on egiten dizuetenei on eginik, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere egiten dute beste horrenbeste. Ordaina hartzekotan aurreraturik, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere aurreratzen diete bekatariei, gero ordaina hartzekotan.
Zuek, ordea, maita itzazue zuen etsaiak; egin on eta aurreratu, ordainaren zain egon gabe; eta zuen saria handia izango da, eta Goi-goikoaren seme izango zarete; hura ere ona baita gaiztoekin eta esker txarrekoekin.
Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala. Ez epaitu, eta ez zaituztete epaituko; ez gaitzetsi, eta ez zaituztete gaitzetsiko; barka ezazue, eta barkatuko zaizue; eman, eta emango zaizue: neurri zabala botako zaizue altzora, eta betea, eragina, gainezkakoa. Zuek erabiltzen duzuen neurriz izango zarete neurtuak".

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok: otoitz diezaiogun apalik Jainko ahalguztidunari, san Karlosen testigutzaz gure fedea indartu eta gure bizitza ingurukoentzat lagungarri egin dezan.

1.- Elizaren alde: bere apostolutza lanean gure garaiko arazoez ardura dadin: goseaz, pobreziaz, ezjakintasunaz, gogorkeriaz eta zuzengabekeriaz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Kristauon alde: san Karlosen bitartez, elkartzen gaituen guztia indar dezagun eta banantzen gaituen guztia gainditu. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Bakearen alde: gure munduan indartsu errotu dadin, eta gorroto eta gerra guztiak gure nazioetatik alden daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure alde: gure santuaren eredua jarraituz, besteekiko harremanetan pertsona zintzoak, alaiak, irekiak eta gure senideengandik hurbilak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure elkarteetako gazteen alde: san Karlos pasiotar bizitzara deitu zuen Jaun onak, eman diezaiela berarenganako maitasunean eta Elizaren zerbitzuan bizitzeko gogo bizia. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Jauna, zure Semearen apostolu hautatu zenuen san Karlos Houben-en bitartez, lagun iezaguzu zure deiari bihotz zabalez erantzuten eta, horrela, zugandik hartu ditugun argia eta bizia gizaki guztiengana zabaltzen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onar, Jauna, zure herriaren emaitzak
eta emaguzu,
zure Semeak maitasunez gugan egin dituen
egintza harrigarriak gogoratuz,
san Karlos Houben-en antzera,
zuganako eta lagun hurkoaganako maitasunean indarberri gaitezela.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta beharrezko,
zuzen eta salbagarri,
zuri, Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiereko horri,
eskerrak ematea nonahi eta beti,
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

Gaurko egunez san Karlos Houben-en jaia
alaitasunez ospatzea ematen baitiguzu,
haren bizitzako ereduaz
zure Eliza indartuz,
haren hitzaz argituz
eta haren bitartekotzaz zainduz.

Horregatik,
aingeru eta santu guztiekin batean,
poz betean goresten zaitugu, Jauna,
etengabe diogula.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Indar gaitzala, Jauna, hartu dugun otordu santuak
eta, san Karlos Houben eredu dugularik,
bihotzean eraman
eta egintzetan erakuts dezagula
besteenganako maitasuna eta zure egiaren argia.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Gaur san Karlos Houben-en jaia ospatzeko
bildu gaituen Jainko gure Aitak
bedeinka, zaindu
eta bere bakean gorde zaitzatela. E./ Amen.

San Karlos Houben-engan
bere pazko misterioaren indar berritzailea
agertu duen Jesu Kristo gure Jaunak,
Ebanjelioaren egiazko lekukoak egin zaitzatela. E./ Amen.

San Karlos Houben-engan
ebanjelioko maitasunaren jarraibidea
eskaini digun Espiritu Santuak,
Elizan fede eta maitasunezko benetako batasunean
hazteko grazia eman diezazuela. E./ Amen.

Bedeinka zaitzatela
Jaungoiko ahalguztidunak,
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue