castellano euskera batua euskera bizkaiera

Jesusen OTOITZALDIA BARATZEAN

(Hausterre egun aurreko asteartea)

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Getsemani baratzeko Jesusen Otoitzaldiaren liturgia 1775. urte inguruan moldatu zen, gure Kongregazioan 1828an sartzen zelarik. Oroipen honetan gure otoitzaren eredu eta iturri bezala aurkezten da Jesus, deabruari aurre egiteko eta, batez ere, Aitaren nahia betetzeko, nahiz eta honek heroismoa eskatu.

"Betiko salbamenaren sorburu" da (Heb 5, 9) Kristoren nekaldiaren misterioa, eta Jesusek bi bide eskaintzen dizkigu munduaren berrerospenean Berarekin elkartzeko: bitarteko lez Aitari eginiko eskaintza: "Deiadar handiz eta negar-malkoz egin zion otoitz eta erregu" (Heb 5, 7), eta bere biziaren sakrifizioa: "Izerdia tantaka zerion lurrera, odola bezain lodi" (Lk 22, 44).

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Aita errukitsua,
larrialdi egunean
zure Semearen eskariak entzun zenituen,
irakats iezaguzu,
bizitzako proba eta tentaldien artean,
baratzean otoitzean
eta heriotzara arte eramankor hura kontenplatzen,
mundu honetan zeure nahia geure eginik,
zure maitasunaren ekintza harrigarrien betetzea
itxaron dezagun.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Hebertarrei 5, 1-9

"Semea izanik ere,
bere neke-artean ikasi zuen esaneko izaten"



Senideok:
Apaiz nagusia, gizonen artetik hartua, gizonen alde jarria da, Jaungoikoari dagozkionetan, bekatuengatik emariak eta opariak eskaintzeko. Ezjakin eta okertuez kupitzeko gauza da, bera ere argalkeriaz inguratua dagoenez gero. Eta horregatik, herriarentzat bezala, bere buruarentzat ere eskaini behar ditu opariak bekatuen orde. Ez du inork hartzen beretzat maila hori, Jaungoikoak deiturik baizik, Aaron-ek bezala.

Horrela Kristok ere, ez dio Berak eman bere buruari apaiz nagusi maila, baizik hitz hauek esan zizkionak: "Nire Seme zara Zu; Nik zaitut gaur Zu sortu"; edo beste batean Liburu Santuak dioen bezala: "Apaiz zara Zu betiko, Melkisedek-en sailean".

Kristok, haragizko bere bizitzaldian, heriotzatik gorde zezakeenari, deiadar handiz eta negarrez, otoitzak eta eskariak egin zizkion, eta bere begiruneagatik entzun egin zitzaion. Eta Semea izanik ere, bere neke artean ikasi zuen esaneko izaten; eta bere betera iritsirik, haren esaneko direnentzat betiko salbamen-iturri egin zen.



ERANTZUN-SALMOA: Sal 16, 1. 6-7. 8. 15

E./ Aita, ez bedi egin nire nahia, zeurea baizik.


Entzun, Jauna, nire auzi bidezkoa,
adi ezazu nire deiadar-hotsa;
hartu belarriz nire arrena,
gezur gabeko ezpain hauena. E./

Deika naukazu, Jainko, entzuten bai nauzu,
aldera iezadazu belarri hori, nire hitza entzun ezazu.
Ager ezazu zure erruki harrigarria;
etsaiengandik salbatzen baitituzu
zure eskuinpean babesten direnak. E./

Gorde nazazu begi-ninia bezala,
zure hegalen itzalpeak ezkuta nazala.
Nik, berriz, zuzentasunean
zure begitartea dut ikusiko,
esnatzean zure aurpegiaz naiz aseko. E./


Aleluia:

Zaudete erne eta egizue otoitz , tentaldian ez erortzeko;
gogoz gartsu izan arren, ahula baita gizakia.



EBANJELIOA: Lukas 22, 39-46

"Egizue otoitz, tentaldian eror ez zaitezten"

Aldi hartan, atera zen Jesus eta, ohi zuen bezala, Olio-mendira joan zen; ikasleek ere jarraitu zioten. Iritsi zirenean, honela esan zien:
- "Egizue otoitz, tentaldian eror ez zaitezten".

Bera haiengandik aldendu eta, harrikada bat bide joanda, belauniko honela egiten zuen otoitz:
- "Aita, nahi baduzu, ken Nigandik kaliza hau; baina ez bedi nire nahia egin, zurea baizik".

Honetan aingeru bat agertu zitzaion zerutik, indar ematera. Larria sartu zitzaion Jesusi, eta areago otoitz egiten zuen. Odol tanten antzeko izerdia zerion lurreraino. Eta, otoitzetik jaikirik, ikasleengana joan zen; nahigabearen nahigabez lokartuak aurkitu zituen, eta esan zien:
- "Nola zaudete lo? Jaiki eta egin otoitz, tentaldian ez erortzeko".

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok: eska diezaiogun Jesusi, gure fedeko Apaiz Nagusiari, Getsemaniko baratzean Aitari begiak malkoturik otoitzak eta eskariak aurkeztu zizkionari, eta egin dezagun otoiz guk ere gizaki guztien alde:

1.- Bere artaldearengatik heriotzara joan nahi izan zuen munduko Berrerosleak, libra dezala Eliza gaitz guztietatik. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gurutzean deiadarrez eta begiak malkotan otoitz egin zuen munduko Berrerosleak, eska dezala Aitaren aurrean gizaki guztion alde. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gurutzean larrikara eta tristura bizi izan zituen munduko Berreroslea, beren erruen zamapean jota bizi direnei laguntzera etor dadila eta barkamenaren uste osoa eman diezaiela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Nekaldi eta gurutze bidea egin zuen munduko Berrerosleak, eman diezaiola otoitzaren dohaina bere herriari, eta deabruaren aurka jokatzeko eta Aitaren nahia egiteko behar duen indarra. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Munduko Berrerosleak, gu, bere gurutzea jaieraz gogoratzen dugunok, indarberri gaitzala bere piztueraren indarraz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Hel bedi zugana, Aita, deika dituzunon otoitza, eta egizu, zure Semearen nekaldian agertu diguzun maitasuna, senti dezagula orain gure eskariak entzunak izan direla ikustean. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Emaguzu, Jauna, opari honi esker,
zure jainkozko irakatsietan hezirik,
otoitz-giroan bizi gaitezela
eta beti erne eta bekatutik aske
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

"KRISTO GURE BEKATUEN BIKTIMA"


V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta beharrezko,
zuzen eta salbagarri,
zuri, Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiereko horri,
eskerrak ematea nonahi eta beti.

Guganako errukiz beterik
zure Seme Jesu Kristo gure Jauna
gure Berrerosle bezala bidaltzeraino
maite izan baitituzu gizakiak.

Hark, bere burua opari errugabe bezala eskainiz,
gu bekatariongatik onartu zituen nekaldia eta gurutzeko heriotza,
eta, zuzengabeko epaia jasanik,
gure bekatuei zegokien zigorra ordaindu zuen.
Bere heriotzaz gure erruak garbitu zituen
eta bere piztueraz salbamena merezi zigun.

Hari abesten diote zeru-lurrek,
aingeru eta goiaingeruek,
etengabe diotela:

Santu, santu, santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Biziaren ogia harturik,
konfiantzaz eskatzen dizugu, Aita errukitsua,
Kristo zure Semearen otoitzaren indarrari esker,
lor dezagula apostolutzan gogotsu eta maitasunean gartsu irauteko
beharrezko kemena.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Bere Semearen nekaldiaz
gizadia berrerosi zuen
Jainko errukitsuak
eman diezazuela Kristo gurutziltzatuaren irakatsiak betez bizitzea
eta oparo bedeinka zaitzatela. E./ Amen.

Eman diezazuela,
Gurutzeko san Pauloren gidaritzapean,
maitasunaren ekintza bikainena elkarturik hausnartzen irautea,
eta, gaitz guztietatik aterata,
eraman zaitzatela santutasunaren gailurrera. E./ Amen.

Jaunaren nekaldia bizi eta zabaltzeko eginkizuna zeuen egin duzuenok
bere salbamen misterioan partaide egin zaitzatela
eta bere aintzaren oinordekide. E./ Amen.

Bedeinka zaitzatela
Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue