castellano euskera batua euskera bizkaiera

LORENZO MARIA SALVI Dohatsua

Ekainaren 12a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

San Prantzisko Jabier-en Lorenzo Maria dohatsua (Salvi) Erroman jaio zen 1782. urteko urriaren 30an; Capranikan hil zen, 1856. urteko ekainaren 12an. Pasiotarren arteko profesa 1802. urteko azaroaren 20an egin zuen eta apaiz ordenatua izan zen 1805. urteko abenduaren 29an. Nagusitzan arduratsu agertu zen beti, baina, batez ere, misiolari bezala nabarmendu zen, eten gabe herriz-herri eta Gurutzeko San Paulo Sortzailearen urratsei jarraituz, eta Jesusen Haurtzaroko arnasez kutsatutako apostolutzaren eraginez, espiritualtasun bide hori zabalduz hitzez, ezaugarriz eta idatziz. Joan Paulo II. Aita Santuak beatifikatu zuen 1989. urteko urriaren 1an. Bere gorpuzkinei Vetrala-ko San Miguel pasiotarren elizan kultu ematen zaie.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jaungoiko Jauna,
Zuk adierazi diozu Lorenzo Maria apaizari
gizon egin zen zure Hitzaren ezaguera bizi eta sakona,
Jesus Haurraren kontenplazio sutsu eta gozoa txastatuz;
bera bitarteko hartuta, arren, eskatzen dizugu
guk ere, haurtzaro-espiritualtasunaren eraginez,
azkenik ez duen bizitza zure Semearengan aurki dezagula.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin
gizaldiz gizaldi errege bizi baita. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Oseas 11, 1. 3-4. 8c-9

Honela mintzo da Jauna:
"Israel haurra zela, maite izan nuen;
eta Ejipto-tik dei egin nion nire semeari.
Nik erakutsi nion Efrain-i oinez ibiltzen,
eta besoan hartu nuen;
hala ere, ez zuten ezagutu Nik zaintzen nituela.
Giza-lokarriz erakartzen nituen,
maite-lokarriz:
haurra bere aurpegiraino
jasotzen duena bezala nintzaien;
eta jaten ematera makurtzen nintzaien.
Bihotza irauli egin zait barruan,
sutan dauzkat erraiak.
Ez diot biderik emango nire haserrearen garrari,
ez dut gehiago Efrain hondatuko,
Jaungoikoa bait naiz, ez gizona;
Santua, zuen artean, eta ez nator hondatzera".



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 130, 1. 2. 3

E/. Emaiozu zure zerbitzariari, Jauna, bihotz xumea.

Jauna, nire bihotz hau ez dago harro,
begiak ez dauzkat behar baino gorago.
Ez nabil gauza handien atzetik,
ni baino gorago dauden harrigarrien atzetik. E./

Ostera, bil-bil egin naiz niregan,
arimaren bakean,
haurtxoa bezala amaren altzoan;
haurtxoa bezala bait da
nire anima nire baitan. E./

Zaude Jaunaren zahi, Israel-herri,
orain eta beti. E./



Aleluia

Bere burua haur hau bezain txiki egiten duena,
hura izango da handiena Zeruetako Erreinuan.



EBANJELIOA: Mateo 18, 1-5. 10

"Haurtxoen antzeko bihurtzen ez bazarete,
ez zarete sartuko zeruetako Erreinuan"



Aldi hartan, hurbildu zitzaizkion ikasleak Jesusi, eta honela galdetu zioten:
- "Zein da handiena zeruetako Erreinuan?".

Jesusek, haurtxo bati deitu, guztien artean ipini, eta honela esan zien:
- "Benetan diozuet: haurtxoen antzeko bihurtzen ez bazerate, ez zerate sartuko zeruetako Erreinuan. Horrela, bere burua haur hau bezain txiki egiten duena, hura izango da handiena zeruetako Erreinuan. Hau bezalako ume bat nire izenean hartzen duenak, Neroni hartzen nau.

Begira, gero, txiki horietako bat gutxietsi! Nik esaten dizuet: horien aingeruak, zeruetako nire Aitaren aurpegia ikusten daude zeruan beti".

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok: otoi egin diezaiogun Jaungoiko Aitari, Jesukristo bere Semearen bitartez, gu guztion alde bere bizia eman zuen-eta.

1.- Eliz artzain eta kristau fededun guztien alde: Jaungoikoak gizaki guztientzat eskaintzen digun salbamenaren iragarpen argi eta sakramentu eginkor izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Elizaren zerbitzurako dei berezia jasotzen dutenen alde: Lorenzo Maria dohatsuaren antzera, esanekotasunez eta leialtasunez onartu eta erantzun dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Lorenzo Mariari jarraituz, beti gure begi-aurrean izan ditzagun Jesusen Haurtzaroko espiritualtasun bideko erakutsiak eta bertuteak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gizon-emakumeen arteko harremanetan anaitasun, begirune eta karitateko giroa zabal eta sendo dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Pasiotar espiritualtasuna gogotsu sakondu dezagun, Gurutzeko Paulo santuak utzi eta Lorenzo Maria Salvi dohatsuak hain zintzoki jarraitu zuenez. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Entzun, arren, Jauna, gure eskariak eta egizu, Lorenzo Mariaren jaieguna gaur ospatzen dugunok, bere biziera santuan jarrai diezaiogula, gure bokazioa leialtasunez biziz. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Ontasun iturburu zeran Jaungoiko Jauna,
Lorenzo Maria dohatsuarengan gizaki zaharra desegin
eta zure antzeko gizaki berria sortzea nahi izan duzun horrek,
emaguzu, haren irabaziei esker,
gu ere Zuk berri gaitzazula, bera izan zen bezala,
zure gogoko zaizun oparia eskain ahal dizkizugun.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zu, Jauna, zeruko eta lurreko izakiak
beti gorestea,
eta zeruetako Erreinuagatik
Kristori eskainiak izan diren santuak gogoratuz,
zure asmo ederrak ospatzea.

Haiengan berreskuratzen du gizakiak
Zugandik hartu zuen hasierako santutasuna,
eta hemen lurrean gozatzen dituelarik
gero zeruan betean izango dituenak.

Horregatik,
aingeru eta santuekin batean
goresten zaitugu eten gabe abesten dugula.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Apalik eskatzen dizugu, Jauna,
zure zerbitzariok, sakramentu honekin sendoturik,
gauza guztien gainetik zure bila ibil gaitezela,
Lorenzo Maria Salvi dohatsua bezala;
eta mundu honetan bizi garen bitartean,
gizaki berriaren irudi biziak izan gaitezela.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
Lorenzo Maria Salvi dohatsuaren jaia ospatzeko
hemen elkartu gaituenak
bedeinkatu, zaindu eta
bere bakean sendotu zaitzatela. E./ Amen.

Kristo Jaunak,
Lorenzo Maria Salvi dohatsurengan
pazko misterioaren indar berritzailea agertu duenak,
bere Ebanjelioaren testigu zintzoak egin zaitzatela. E./ Amen.

Espiritu Santuak
Lorenzo Maria Salvi dohatsuarengan
Ebanjeliozko karitate eredua eskaini digunak,
eman dezazuela Elizan sinesmen eta maitasunaren
benetako batasuna gehitzea. E./ Amen.

Eta bedeinka zaitzatela
Jaungoikoa Ahalguztidunak,
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue