castellano euskera batua euskera bizkaiera

ZAURI AINTZATSUAK

Pazku 2. igande ondorengo ostiralean

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Jesus Kristo Gure Jaunaren Zauri Aintzatsuen ospakizuna pazku misterio osoaren laburpen bat bezala da: heriotza, piztuera eta zerura igoera; eta Kristo bere nortasun osoan kontenplatzen lagundu behar digu, "hila, berpiztua, Jaungoikoaren eskuinaldean dagoena, eta gure alde erreguka dagoena" (Er 8, 34, Eb 7, 25).
Bere aintzan Kristok gordetzen dituen Zaurien bidez, guztiok berrerosteko bere bizia eskaini duena eta gure gorespena hartzeko nor baden Bildotsa ospatzen dugu (Ap 5, 9-12). Kelmen XIV. Aita santuak eman zion gure Kongregazioari ospakizun hau 1773. urteko urtarrilaren 15an.
"Guk, Pasiotarrok, Pazku Misterioa geure bizitzaren ardatz dugu" (Konst. 65).

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jesukristo Jauna,
mundua zure Zaurien odolez berrerosi zenuena,
eta zalantzan zeuden apostoluei erakutsiz,
zure Piztuerako sinismenean sendotu zenituena;
egizu, zure maitasunaren ezaugarri aintzatsuak gurtuz
eta gurutzean zure antzekoago izaten saiatuz,
zure Piztueraren aintzan partekide izatea merezi dezagun.
Gizaldirik gizaldi errege bizi zara ta. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Apokalipsis 5, 6-12

"Zure odolaz erosi gaituzu Jainkoarentzat"

Nik, Joanek, horra zer ikusi nuen: Bildots bat aulkiaren aurrean, lau bizidunen eta zaharren erdian: opari eskainia bazirudien ere, zutik zegoen, zazpi adar eta zazpi begi zituela: lur guztira bidalitako Jaungoikoaren zazpi espirituak dira hauek. Etorri zen, eta hartu zuen liburua, aulkian eserita zegoenaren eskuinetik.
Bildotsak liburua hartu zuenean, lau bizidunak eta hogei ta lau zaharrak Haren aurrean ahuspeztu ziren, bakoitzak bere zitara zeukala eta usai gozoz betetako urrezko ontziak: santuen otoitzak dira hauek. Eta kantu berri bat kantari ari ziren:

"Liburua hartzeko eta siluak urratzeko bazera nor,
hila izan bait zera,
eta zure odolaz erosi dituzu Jainkoarentzat gizonak,
leinu eta hizkuntza,
herri eta enda guztietakoak;
eta apaiz-erreinu egin dituzu
gure Jainkoarentzat,
eta errege izango dira lurrean".


Eta begiratu nuen eta aingeru askoren mintzoa aditu nuen; milaka eta miloika ziren, aulkiaren eta bizidunen eta zaharren inguruan; eta hots handiz honela zioten:

"Indarra eta aberastasuna,
jakinduria eta ahalmena,
ospea, aintza eta gorespena hartzeko bada nor
hila izan den Bildotsa".



ERANTZUN-SALMOA: Isaias 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6

E./ Aterako dugu ura pozik salbamenaren iturrietatik.


Hara, Jainkoa da nere salbatzaile;
badut uste on eta ez naiz beldur.
Jauna bait da nere indar eta kemen,
Bera izan da nere salbamen.
Aterako dituzue urak pozetan,
salbamenaren iturrietan. E./

Eskerrak Jaunari,
Haren izena oihu egizue.
Ezaguterazi herrietan Haren eginen bikainak,
iragar ezazue Haren izen garaia. E./

Kanta Jaunari, egin bait ditu aipatzekoak,
ezagutu bezate hau lurbira osoan.
Sion-en bizi zeratenok, goretsazue irrintzika,
handi bait dago Israel-go Santua zuen erdian. E./


Aleluia:

Jesukristo, Zu zara testigu zintzoa,
hilen arteko lehen semea,
Zuk maite izan gaituzu
eta zure odolez askatu gaituzu gure pekatuetatik.



EBANJELIOA: Joan 20, 24-29

"Ene Jauna eta ene Jaungoikoa"

Tomas, Hamabietako bat, Bizkia zeritzana, ez zegoen besteekin batean Jesus etorri zenean. Beste ikasleek esan zioten:
- "Jauna ikusi dugu".
Tomas-ek, ordea:
- "Haren eskuetan iltze-zuloak ikusten ez baditut, nire behatza Haren iltze-zuloetan sartzen ez badut, eta nire eskua Haren saihetsean, ez dut sinistuko".
Handik zortzi egunera, berriz ere barruan zeuden ikasleak, eta Tomas haiekin. Sartu zen Jesus, ateak itxirik zeudela, eta haien erdian zutik honela esan zien:
- "Pakea zuekin".
Gero Tomas-i:
- "Ekatzu behatz hori, hona hemen nire eskuak; ekatzu esku hori, eta sar ezazu nire saihetsean; eta ez izan sinis-gogor, sinistedun baizik".
Tomas-ek erantzun zion:
- "Ene Jauna eta ene Jaungoikoa!".
Eta Jesusek:
- "Ikusi nauzulako sinistu al duzu? Zorionekoak, ikusi gabe sinisten dutenak".

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Jesukristo hilen artetik biztu zuenari eta bere Espiritu indarrez guztiok pizten gaituen Jaungoiko gure Aitari otoi diezaiogun:

1.- Eliz artzainen alde: Jesukristoren piztuera eta mundu berri baten itxaropena adorez iragar ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetako arduradun nagusien alde: herrien arteko harreman baketsu eta solidarioak bilatzen aspertu gabe saia daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Guduak eta indarkeriengatik sufritzen duten herrialdeen alde: haien neke-oinazetan arinduak eta gozatuak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jesukristoren ikasle guztien alde: itxaropen eta piztueraren testigu izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Espiritu Santuz beterik, Kristo Berpiztuaren bizitza adorez bizi dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Gure Jaun eta Jaungoikoa, Jesus zure Semearen Zauri aintzatsuei esker, maitasun haundiz maitatu gaituzuna, ager ezaiguzu zure errukia eta emaiguzu uste osoz eskatu dizuguna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onar itzazu, Jauna,
ekarri dizkizugun opariok,
zure Semearen Zauri Aintzatsuak gogoan ditugula,
gure askatasunaren bide baitira.
Gizaldirik gizaldi errege bizi baita. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

BIZI DEN KRISTO DA ETEN GABE
GURE ALDEKO BITARTEKOA



V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zu, Jaun hori, beti gorestea,
baina poz haundiagoz,
Kristo, gure Pazkoa,
hil eta eskainia izan den aldi honetan.

Berau bere burua guretzat eskaintzen dago beti,
eta gure alde otoitz egiten zure ondoan;
Berau da opari-Bildotsa,
gehiago hilko ez dena, betirako bizi dena.

Horregatik, Pazko pozez gainezka daude
gizon-emakume guztiak mundu zabalean,
zeruko indar eta aingeru guztiak ere
horregatik daude beti
zure aintzaren gorespena kantatzen.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Gure Jaun eta Jaungoikoa,
bizi-ogiz Zeuk janaritu gaituzu;
eiguzu, zure Seme Jesukristoren Zauri aintzatsuak
ospatu ditugunoi,
eraman ditzagula beti gure bihotzetan erantsita.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko errukitsuak,
bere Semearen Nekaldiaren bidez,
gizadia berrerosi nahi izan duenak,
zuen bizitzak
Kristo gurutzeratuaren erakutsietara molda ditzala
eta isur dezala zuen gainera bere bedeinkapen ugaria. E./ Amen.

Elkartuta zaindu zaitzatela,
Gurutzeko San Pauloren gidaritzapean,
bere maitasun egintzarik haundiena hausnartuz
eta, gaitz guztietatik aterata,
ontasun-gailurretara zuzen zaitzatela. E./ Amen.

Jaunaren Nekaldia bizi eta iragartera zuen buruak eskaini dituzuenok,
bere salbamen misterioan eta aintzazko oinordekotzan
partekide egin zaitzatela. E./ Amen.

Eta bedeinka zaitzatela
Jaungoiko Ahalguztidunak,
Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue