castellano euskera batua euskera bizkaiera

GURUTZE SANTUAREN GORALPENA

Irailak 14

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Beste garai batean tormenturik beldurgarrienaren ezaugarria zen gurutzea kristauarentzat biziaren zuhaitza da, ezkontza-ohea, tronua, itun berriko aldarea. Kristo, Adan berriarengandik, gurutzean lo zegoela jaio da Eliza. Kristoren jauntasunaren ezaugarria da gurutzea bataioaren bidez heriotza eta aintzan harekin itxuratuak izan direnentzat. Gurasoen tradizioan gurutzea azken egunetan agertuko den gizonaren Semearen ezaugarria da.

Gurutze Santuaren Goralpenaren jaia, Ekialdean Pazkoaren pareko dena, Golgota eta Kristoren hilobi gainean eraiki ziren Konstantinoren basiliken Sagarapenarekin lotzen da. Sortzailearen azken urteetan, lehen mailako errituz ospatzen zuen Kongregazioak Gurutzearen jaia, Kongregazioaren titularra bezala. Gaur ere jaia da, eta gure espiritualtasunaren adierazpen esanguratsuenetarikoa izaten jarraitzen du.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko gure Jauna,
zure Semearen gurutzeko heriotzaz
gizaki guztien salbamena burutu nahi izan duzuna:
emaguzu, arren,
lurrean misterio hau ezagutu dugunoi
zeruan berrerospenaren sariak eskuratzea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez... E./ AMEN

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Zenbakiak 21, 4b-9

"Sugeren batek inori hozka egiten zionean,
tupikizko sugeari begiratzen zion eta sendatu egiten zen"



Egun haietan, Hor menditik Itsaso Gorria aldera abiatu ziren hebertarrak, Edom-go lurraldea inguratuz. Bidez aspertuta, Jainkoaren eta Moisesen aurka marmarrean hasi ziren:
- "Zertarako atera gaituzu Egiptotik, basamortuan hiltzeko? Ez da, ez ogirik, ez urik; eta asperturik gaude janari txar honekin".

Orduan Jaunak pozoi-miztodun sugeak bidali zizkion herriari; hauek hozka egiten zieten, eta israeldar asko hil ziren. Herria Moisesengana joan zen, eta esan zion:
- "Bekatu egin dugu, Jaunaren eta zure kontra marmar eginez. Eska iezaiozu Jaunari ken ditzala sugeak gugandik".

Egin zuen otoitz Moisesek herriaren alde, eta Jaunak esan zion:
- "Egizu suge bat, eta ipini haga baten muturrean. Sugeak hozkatuak izan diren guztiak, hari begiratzen badiote, sendatuko dira".

Egin zuen Moisesek tupikizko suge bat eta hagaren muturrean ipini zuen. Sugeren batek inori hozka egiten zionean, tupikizko sugeari begiratzen zion eta sendatu egiten zen.



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 77, 1-2. 34-35. 36-37. 38

R/. Ez ahaztu Jainkoak eginak.

Entzun irakaskizun hau, ene herria,
nire ahoko hitzetara itzuli belarria.
Alegiatan zabalduko dut ahoa,
aterako ditut antzinako ezkutuak. E./

Hiltzen zituenean hasten ziren haren bila,
berriro Jainkoaren bila.
Gogoan zuten Jainkoa harkaitz zutela,
eta Jainko Goi-goikoa beren askatzailea. E./

Baina aho zuriz limurtzen zuten,
eta mingainez gezurra zioten.
Bihotzez ez ziren zuzen harekikoan,
ez ziren leial haren elkartean. E./

Hark, hala ere, kupiturik, errua barkatzen zien,
eta ez zituen hondatzen;
haserreari askotan galga eman zion,
osotara bere sumina isuri ez zien. E./



II IRAKURGAIA: Filipoarrei 2, 6-11

"Apaldu egin zuen bere burua,
horregatik Jainkoak goratu egin zuen"



Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik, ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari; bestela baizik, bereaz hustu egin zen, morroi-izaera hartuz, eta beste edozein bezala azalduz.

Eta gizon bezala agerturik, apaldu egin zuen bere burua, menpeko eginez heriotzaraino, gurutzeko heriotzaraino.

Horregatik Jainkoak goratu egin zuen, eta izen guztien gaineko izena eman zion, Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen, zeruan, lurrean eta lurpean, eta mingain guztiek aitor dezaten: Jesukristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako.



Aleluia

Gorespen Zuri, Kristo, bedeinkatua Zu,
zure gurutzeaz salbatu bai duzu mundua.



EBANJELIOA: Joan 3, 13-17

"Altxa beharra da Gizonaren Semea"

Aldi hartan, Jesusek honela esan zion Nikodemori: "Inor ez da zerura igo, zerutik jaitsi zena besterik: Gizonaren Semea. Moisesek basamortuan sugea altxa zuen bezala, hala altxa beharra da Gizonaren Semea; sinisten dion guztiak betiko bizia izan dezan".

Hain maite izan baitu Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra eman dio; Hari sinisten dionik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. Jaungoikoak ez baitu bere Semea, mundua galtzera bidali; baizik haren bitartez mundua salba dadin.

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok, otoitz egin diezaiogun uste osoz bere Gurutze santuaz mundua berrerosi duen gure Berrorosleari.

1.- Bataioan kristau guztiei egin zaien Jesu Kristoren Gurutze aintzatsuaren seinalea haien bizitzan ager dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Jesu Kristo gurutziltzatuaren odolak sorkari guztiak adiskidetu ditzan eta zeru-lurretan den guztia baketu. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixoek, jazarpena jasaten dutenek eta beren sufrimenduetan Jesu Kristoren Gurutzean partaide diren guztiek haren aintzan ere parte izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Injustiziak, munduko bekatuak, gogorkeriak, gerrak gaur gurutziltzatzen eta torturatzen dituen guztiak Gurutzeko grazia salbagarriak indar ditzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Bere herria salbatzeko, basamortuan sugea bezala Gurutzean jasoa izatea nahi izan zuen Jesu Kristok salba gaitzan eta betiko pozetara eraman. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Entzun, Jauna, zure herriaren eskariak eta emaiezu zure laguntza zure Semeak Gurutzeko zuhaitz santuan berrerosi dituenei. Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan. AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Jauna, garbi gaitzala opari honek erru guztietatik,
hau baita, gurutzeko habean eskainirik,
munduko bekatua kendu zuena.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez... E./ AMEN

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta beharrezko,
zuzen eta salbagarri
zuri, Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiereko horri,
eskerrak ematea nonahi eta beti.

Gizadiaren salbamena
Gurutzearen zuhaitzean ipini baituzu,
heriotza sortu zen leku berean
bizia berrager zedin,
eta zuhaitzean garaile izan zena
zuhaitzean garaitua izan zedin,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Honen bitartez ,
aingeruek, goiaingeruek eta zeruko talde guztiek elkarturik,
zure aintza ospatzen dute pozez beterik.
Utz iezaguzu guri ere haien ahotsekin bat egiten
eta zure gorespena apaltasunez abesten.

Santu, santu, santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Eukaristia honek indarturik,
eskatzen dizugu, Jesu Kristo gure Jauna,
eraman ditzazula piztueraren aintzara
gurutzearen habe salbagarrian berrerosi dituzunak.
Jainko eta errege baitzara gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

- Jainko errukitsuak,
bere Semearen nekaldiaren bidez
gizadia berrerosi zuenak,
era ditzala zuen bizitzak
Kristo gurutziltzatuaren irakatsien arabera
eta isur dezala zuengan bere bedeinkapen ugaria. E./ Amen.

- Eman diezazuela, San Paulo Gurutzekoaren gidaritzapean,
maitasunaren ekintza handiena hausnartuz,
elkarrekin baturik irautea,
eta eraman zaitzatela, gaitz guztietatik zaindurik,
santutasunaren gailurrera. E./ Amen.

- Eman diezazuela,
Jaunaren nekaldia bizi
eta zabaltzen ahalegintzen zaretenoi,
Salbamenaren misterioan parte hartzea
eta bere aintzaren oinordekide izatea. E./ Amen.

- Bedeinka zaitzatela
Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue