castellano euskera batua euskera bizkaiera

PASIOTAR FAMILIAN HILDAKO LEKAIDE-LEKAIME GUZTIEN OROIPENA

Azaroaren 5a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Elizak, bere hasieratik, garatu du hildakoen aldeko eraspena (LG 50). Gure Sortzaileak, ohitura honi jarraituz, beti agertu zuen hildako erlijiosoen aldeko arreta. Horrela agindu zuen Erregeletan, beste askoren artean: "Kongregazioko anaiei biziro agintzen diegu, hildakoen lagungarritzat, maitekiro egin ditzatela ahal dituzten otoitz-laguntzak". Eta Konstituzioak agintzen dutenez: "Eskerronez gogoratzen ditugu Aitarengana joan diren senide hilak. Kongregazioko nahiz Probintziako Agintariak agindutako otoitzak zintzo eta maitekiro eskaintzen ditugu haien alde" (Konst. 31).
Heriotza eragingarri bizia da Pasiotar Familiarentzat, San Paulo apostoluak dioena betetzeko: "Kristo nahi dut ezagutu, neuregan Haren piztueraren indarra nahi dut sumatu eta Haren oinazeetan partaide izan, Haren heriotza neuregan berrituz, horrela nik ere hildakoen piztueran parte izango dudan itxaropenez" (Flp 3, 10-11).

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Aita errukitsua,
emaiezu pekatuen parkamena,
karisma berdinaren jarraipenean,
gurekin batera bizi izan ziren
anai-arreba hilei,
Kristo Gurutzeratuarekin
bat eginda bizitzen saiatu zirenak,
Berarekin zure aintzan elkarturik,
betiko bizitzan goretsi zaitzaten.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Erromaterrei 14, 7-9. 10c-12

"Nahiz bizitzan, nahiz heriotzan, Jaunarenak gara"

Senideok:
Guretakorik inor ez da beretzat bizi; ezta inor beretzat hiltzen ere. Bizi baldin bagara, Jaunarentzat gera bizi; eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gera hiltzen. Beraz, naiz bizitzan, naiz heriotzan, Jaunarenak gera.
Honetarako hil eta piztu zen Kristo: bizien eta hilen Jauna izateko. Denok Jainkoaren auzitegian agertu beharko dugu. Idatzia bait dago:
?Hala Ni Jainkoa -dio Jaunak-,
belaun guztiak makurtuko zaizkit aurrean
eta mingain guztiek goretsiko dute Jainkoa?.
Beraz, gutako bakoitzak bere buruaren kontua emango dio Jainkoari.



ERANTZUN-SALMOA: Sal 102, 8 y 10. 13-14. 15-16. 17-18

E./ Errukior da Jauna eta kupibera.


Errukior da Jauna eta kupibera,
berant-haserre ta guztiz onbera.
Ez dihardu gurekin gure hobenen neurrira,
ez digu ordaintzen gure erruen harira. E./

Aita bere semeetaz erruki ohi den bezala,
beldur diotenentzat errukidun da Jauna.
Berak ezagutzen du gure buztin-orea,
gogoan dauka lur-hauts garela. E./

Gizona! Belarra bezala haren egunak,
landako lorea bezala loratzen da;
haizeak ukitu orduko galdua delarik,
zegoen tokiak ez du gehiago haren berririk. E./

Jaunaren maitasuna, berriz, beldur diotenentzat,
betidanik betidaino,
Haren zuzentasuna haien semeen semeenganaino.
Haren ituna gordetzen dutenendako,
bete-asmoz Haren aginduetaz oroi direnendako. E./


Aleluia:

Kristorekin hiltzen bagara, bizi ere, Harekin biziko gera;
nekeetan irauten badugu, errege ere izango gera Harekin.



EBANJELIOA: Joan 6, 37-40

"Semea ikusten duenak eta Harengan sinisten,
izan dezala betiko bizia;
eta Nik piztuko dut hura azken-egunean"




Aldi hartan, Jesusek honela esan zion jende-taldeari:
- "Aitak ematen didan guztia Nigana etorriko da; eta Nigana datorrena ez dut kanpora botako. Zerutik ez bait naiz jaitsi nire nahia egiteko, bidali nauenaren nahia baizik.
Eta hau da Ni bidali nauenaren nahia: eman didanetik, ez dezadala ezer galdu, baizik-eta piztu dezadala azken-egunean.
Hau da nire Aitaren nahia: Semea ikusten duenak eta Harengan sinisten, izan dezala betiko bizia; eta Nik piztuko dut hura azken-egunean".

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok: otoi diezaiogun gure Jaungoiko Aitari, Jesukristo hilen artetik biztu eta gure gorputz hilkorrak ere biziberrituko dituenari.

1.- Gurekin karisma berdina elkarbanatu zutenak irits dezatela beren bizitzan iragarri zuten Jaungoikoaren Erreinua. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Beti izan daitezela Elizan beren bizieraz eta testigantzaz Jesusen Nekaldia iragarriko duten andre-gizonak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Jaunak Pasiotar Familiari begi onez begira diezaiola, gure anaiarteko maitasuna sendo dezala eta lagun diezaigula hartu dugun bokazioa zintzoro bizitzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Aitak bere Semeari Getsemaniko saminaldian adore emateko aingerua bidali zion bezala, guri ere heriotz orduan lagun egin diezaigula, Berarekin aurkitzeko itxaropenez. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure senide eta ongile hildako guztien alde, gaitz guztitik askaturik, bere aurrean onar ditzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Entzun, Jauna, gure eskariak, zure Semearen piztueraz gure sinismena sendoturik, gure itxaropena betiko aintzazko bizi berriaren itxaropenez sendo dedin. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Gure Aita Jaungoikoa,
gure alde bere bizia eskaini zizun
zure Seme bakarraren maitasunean,
onar ezazu Elizak zure zerbitzari hildakoen alde
eskaintzen dizun oparia:
lurrean Jesus Gurutzeratuaren
jarraitzaile zintzoak izan zirenok,
ordain-opari honen bidez,
hilezkortasun-saria iritsi dezatela.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

"Kristoren garaipenaren bidez gure piztuera"

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zuri eskerrak ematea
eta guk Zu gorestea,
Aita Santu.

Heriotza gizakiarengandik badator,
Kristorekin bizira deituak izatea
zure maitasun-egintza salbagarria da,
pekatuz hilda geundenok,
zure Semearen garaipenez berrerosiak geralako.

Horregatik,
zeruan abesten dizuten aingeruekin batera
guk ere lurrean goresten zaitugu,
eten gabe esanez:

Santu, santu, santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Jauna, betiko bizitzako ogiz indarberri gaituzu,
zure Semearen Nekaldiaren oroipena
lurrean elkarbanatu zuten
gure anai-arrebei emaiezu,
orain erru guztitik askatuta,
zure ondoan betiko aintza goza dezatela.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Poz guztien Jainkoak,
ezinesaneko maitasunez gizakia sortu zuenak
eta bere Semearen piztueran
fededunei pizteko itxaropena eman dienak,
isur dezala zuen gainera bere bedeinkapena. E./ Amen.

Berak eman diezaizuela erru guztien barkamena
oraindik munduan bizi garenoi,
eta hildakoei irits diezaiela
argi eta bakearen lekua. E./ Amen.

Eta guztioi irits diezaigula Kristorengan betiko bizitza,
hilen artetik piztu zela aitortzen baitugu. E./ Amen.

Eta bedeinka zaitzatela Jaungoiko Ahalguztidunak,
Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue