castellano euskera batua euskera bizkaiera

GRIMOALDO SANTAMARIA dohatsua

Azaroaren 18a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Garbikundearen Grimoaldo (Fernando Santamaria) 1883. urteko maiatzaren 4an jaio zen Pontecorbon (Frosinone, Italian) eta bost anaietatik nagusiena bera izan zen. Sortzez Garbiaren elkarteko kide izan zen gaztetxo zelarik, bere lagun txikien artean apostolutza onuragarria eginez. 1900. urteko martxoaren 6an erlijioso profesa egin zuen Pasiotarren artean. Bere profesatik bi urtera orduko, apaizgintzarako prestatzen zegoela, Ceccanoko bakartegian, meningitis zorrotz batek jota gaixotu zen, 1902. urteko azaroaren 2an Jaunagan lokartu zen, berak aurretiaz esandako moduan, Mariari deika eta "poz-pozik" -berak zioenez- Jaungoikoaren nahia betez. 19 urte zeuzkan hil zenean. Santutasun gailurrera igotzeko bide sekretua honetan datza: Maria Sortzez Garbiaganako berebiziko eraspena; egon ere, txikitatik berari eskainia egon zen. Joan Paulo II. Aita Santuak beatifikatu zuen 1995. urteko urtarrilaren 29an.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko Jauna,
zure Eliza Santuari
kristau bizitzaren eredu berriak eskaintzen dizkiozuna;
egizu Garbikundearen Grimoaldo dohatsuaren
antzeko izan gaitezela
Maria Sortzez Garbiaganako seme-eraspenean
eta anaiarteko karitatean,
bere antzera gu ere Kristoren usain gozo izan gaitezen lurrean
eta betiko bizitzaren saria bere ondoan jaso dezagun.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Filipotarrei 4, 4-9

"Aintzakotzat har ezazue, onbidetsu den guztia"

Senideok:
Zaudete beti pozik Jaunagan, berriro dizuet, zaudete pozik. Ezaguna izan bedi gizon guztientzat zuen bihotz zabala. Hurbil da Jauna.
Ez eduki ezeren kezkarik, baizik-eta beti ta beti zuen esker onezko otoitz eta eskarietan agertu zuen eskabideak Jaungoikoari. Eta gogoeta guztiak baino handiagoa den Jaungoikoaren bakeak, gordeko ditu zuen bihotzak eta zuen gogapenak Kristo Jesusi lotuak.
Gainerakoan, ene senideok, aintzakotzat har ezazue, egiazko, jator, zuzen, garbi, maitagarri, izen oneko den guztia; hartu aintzakotzat onbidetsu edo goragarri den guztia. Egizue, nigandik ikasi eta hartutakoa, nigandik entzun eta ikusitakoa. Eta bakearen Jaungoikoa zuekin izango da.



ERANTZUN-SALMOA: 1 Samuel 2, 1. 4-5. 6-7

E./ Jauzika daukat bihotza Jaunagan,
nire Salbatzailearengan.


Jauzika daukat bihotza Jaunagan,
jaiki da nire bekokia Jainkoagan.
Etsaien aurka zabal mintzo bait naiz,
zure laguntzaz pozten bait naiz. E./

Bizkorren uztaiak eten ohi dira,
ahulak, ostera, kemenez janzten dira.
Aseak, ogi-orde dijoaz lanera,
goseak, berriz, lanetik atsedenera.
Zazpitan erdi da agor zena,
agortu da seme asko zituena. E./

Heriotza ta bizia Jaunak ditu ematen,
Berak Leizeratzen du eta handik ateratzen.
Jaunak du pobre ta aberats egiten,
beheratzen eta goratzen. E./


Aleluia:

Zorionekoak, behartsu direnak,
berena dute-ta zeruetako Erreinua.



EBANJELIOA: Mateo 13, 44-46

"Saltzen ditu dauzkan gauza guztiak, eta soroa erosten du"

Aldi hartan, Jesusek honela esan zion jendeari:
- "Zeruetako erreinua soroan ezkutatutako gordailuaren antzekoa da. Aurkitzen du gizon batek eta gorde egiten du. Pozez beterik joaten da, saltzen ditu dauzkan gauza guztiak, eta soroa erosten du.

Era berean, zeruetako erreinua harri-bitxi ederren bila dabilen merkatariaren antzekoa da. Bat oso bikaina aurkitzen duenean, joaten da, saltzen ditu dauzkan gauza guztiak, eta harri-bitxia erosten du".

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok: Jesus Gurutzeratuari eskainita zintzoki bizi izan zen Garbikundearen Grimoaldo dohatsua lagun dugula, egin diezaiogun otoitz Jaungoikoari, dohai guztien emaile bera baitugu:

1.- Aita Satuaren eta apaizen alde: lurreko gatz eta munduko argi izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau familien alde: senitartean kristau baloreak zintzoki trasmiti ditzaten, etxea otoitzleku eta eliz bizi izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gazteen alde: Jesusen aparteko arreta eta maitasuna beraientzat dela jabetu daitezen eta bere adiskide izateaz poztu daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Kristau herri osoaren alde: Grimoaldo dohatsuaren antzera, Mariaren maitale zintzoak izan gaitezen, nonahi bere debozioa zabalduz, eta seme-alaba bezala bera goratu eta bere babespean bizi gaitezen, Jaunaren laguntza eskatuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia honetan parte hartu dugun guztion alde: gaurko gure dohatsuaren antzera, onar dezagun gure txarkerietara hiltzea, eta jar dezagula gure bizitza Kristoren eta gure anai-arreben alde. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Entzun, Jauna, gaur Grimoaldo dohatsua bitarteko hartuta, egiten dizugun otoitza, eta emaguzu eskatzen dizuguna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onartu, arren, Jauna,
Garbikundearen Grimoaldo dohatsuaren jaieguna ospatzean,
zure zerbitzariok aldarera dakarzkizugun dohaiok,
eta emaiguzu, munduko loturetatik askatuta,
Zu izan zaitezela gure ondasun bakarra.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E/. AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zu, Jauna, zeruko eta lurreko izakiak
beti gorestea,
eta zeruetako erreinuagatik
Kristori eskainiak izan diren santuak gogoratuz,
zure asmo ederrak ospatzea.

Haiengan berreskuratzen du gizakiak
Zugandik hartu zuen hasierako santutasuna,
eta hemen lurrean gozatzen dituelarik
gero zeruan betean izango dituenak.

Horregatik,
aingeru eta santuekin batean
goresten zaitugu eten gabe abesten dugula:

Santu, santu, santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Hartu dugun Sakramentu honi esker
eta Garbikundearen Grimoaldo dohatsuari jarraituz,
eskatzen dizugu, Jauna,
zure maitasunean beti zaindu gaitzazula
eta gugan hasi duzun egintza bere betetasunera eraman dezazula,
Kristo etorri arte.
Gizaldirik gizaldi errege bizi da-ta.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
Grimoaldo Santamaria dohatsuaren jaia ospatzeko
hemen elkartu gaituenak,
bedeinkatu, zaindu eta bere bakean sendotu zaitzatela. E./ Amen.

Kristo Jaunak,
Grimoaldo Santamaria dohatsuarengan
pazko misterioaren indar berritzailea agertu duenak,
bere Ebanjelioaren testigu zintzoak egin zaitzatela. E./ Amen.

Espiritu Santuak
Grimoaldo Santamaria dohatsuarengan
ebanjeliozko karitate eredua eskaini digunak,
eman dezaizuela Elizan sinismen eta maitasunaren
benetako batasuna gehitzea. E./ Amen.

Bedeinka zaitzatela
Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue