castellano euskera batua euskera bizkaiera

ANDRE MARIA BIRJINAREN Aurkezpena

Azaroaren 21a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Ama Birjinaren Aurkezpena Jauretxean, tradizioak gogoratzen duenez, Gurutzeko san Paulorentzat jai txit maitea izan zen. Pasiotarren kongregazioa sortzeko Jainkoari eginiko bere buruaren sagaratzea gogoratzen zion. Andre Maria Birjinaren Aurkezpenaren deitura eraman zezan nahi izan zuen kongregazioko lehen etxeak, Argentario mendian eraiki zuenak, baita Tarkinian ireki zuen lekaime pasiotarren lehen monasterioak ere.

Eukaristiak Jainkoaren asmo errukitsua gogoratzen digu, hau da, nola Ama Birjina, zerbitzari apala, Kristoren ama egin zuen eta nola Harekin elkartu: "Jainkoaren hitza onartzean Jesusen ama egina izan zen eta, Jainkoaren salbamen asmoa besarkatuz, bere Semearen pertsona eta ekintzari lotu zitzaion oso-osorik, berrerospenaren misterioaren zerbitzurako bere bizia ipiniz" (LG 56). Ebanjelioetako irakatsiekin bat eginik, Eukaristiak ospatzen du Maria ere, zerbitzari apala, erregina mailara jasoa: "Kristo asko zerbitzatu zuena" (Pf), Jainko Aitak asko ohoratu du (Pf, Jn 12, 26).

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Andre Maria Birjina, zure zerbitzari leiala,
zure Semearen ama izateko hautatu zenuen Jainko Jauna,
emaguzu hura bitarteko eta eredu izanik,
haren antzeko zerbitzu bizitza eraman dezagula,
eta, maitasunez beterik,
zure maitasun harrigarriaren berri ona eman diezaiegula senideei.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: 1 Samuel 3, 1-10

"Mintza, Jauna, zure morroi hau entzuten dago"

Egun haietan, Jaunaren zerbitzari zegoen Samuel haurra, Eliren ardurapean; garai hartan bakan izaten zen Jaunaren hitza, eta ikuskariak ez ziren maiz gertatzen. Egun batez lo zegoen Eli bere gelan; hau itsutzen hasia zen, eta ez zuen ondo ikusten. Oraindik itzaltzeko zegoen Jainkoaren zuzia, eta Samuel ohera joana zen, Jaunaren kutxa zegoen jauretxean.
Jaunak dei egin zion:
- «Samuel!».
Hark erantzun:
- «Hona hemen ni».
Lasterka Elirengana joan zen, eta esan zion:
- «Hona hemen ni; deitu nauzulako etorri naiz».
Hark erantzun:
- «Ez dizut dei egin; zoaz berriz ohera».
Eta ohera itzuli zen, lo egitera.
Jaunak berriro dei egin zion:
- «Samuel!».
Eta Samuel jaiki zen, eta Elirengana joan eta esan zion:
- «Hona hemen ni, deitu nauzulako etorri naiz».
Eta Elik erantzun:
- «Ez dizut dei egin, seme; zoaz berriz ere ohera».
Samuelek ez zuen ordura arte Jauna ezagutzen; eta Jaunaren mintzoa ez zitzaion oraindik ezaguna.
Hirugarren aldiz Jaunak dei egin zion Samueli. Eta Samuelek, jaikita, Elirengana joan eta esan zion:
- «Hona hemen ni; deitu nauzulako etorri naiz».
Ezagutu zuen Elik Jauna zela, haurrari dei egin ziona; eta Elik honela esan zion Samueli:
- «Zoaz lo egitera; eta norbaitek dei egiten badizu, esan: “Mintza, Jauna, zure morroi hau entzuten dago”».
Joan zen Samuel bere tokira, eta etzan egin zen.
Etorri zen Jauna eta dei egin zion, besteetan bezala:
- «Samuel, Samuel!».
Eta Samuelek erantzun:
- «Mintza, Jauna, zure morroi hau entzuten dago».



ERANTZUN-SALMOA: Lk 1, 46-48a. 48b-49. 50-51. 52-53. 54-55

E./ Jainkoak ikusi bai du mirabe honen ezereztasuna.


Handiesten du nire arimak Jauna,
pozaren pozen daukat nire barruna;
Jainkoa baita nire salbamena,
ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna. E./

Dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek,
handiak egin baitizkit Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena. E./

Eta Haren errukia gizaldiz gizaldi,
beldur diotenengana.
Bere besoaren indarra erabili du,
buruharroak suntsitu ditu. E./

Bota ditu beren aulkitik handizkiak,
eta gora jaso ditu ezerezak;
ondasunez bete ditu gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali asko zutenak. E./

Bere gain hartu du Israel, bere morroia,
errukia gogora zaiola;
gure gurasoei hala zien hitzemana,
Abrahani eta ondorengoei betiko esana. E./


Aleluia:

Dohatsua zu, Birjina Maria,
zeure burua Jaunaren mirabe aldarrikatu zenuena;
orain, aingeru-taldeak baino gorago aintzatua,
zeruko Erregina bezala agurtzen zaitu Elizak.



EBANJELIOA: Lukas 1, 26-38

"Hona hemen ni, Jaunaren mirabea"

Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jaungoikoak, Nazaret deritzan Galileako herri batera, birjina batengana; Dabiden etxeko Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen birjina, eta Maria zuen izena.
Aingeruak, haren etxean sartuta, honela esan zion:
- «Poztu zaitez, graziaz bete hori: Jauna zurekin».
Ikaratu zen Maria, hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer ote zitekeen halako agur hura.
Aingeruak, orduan:
- «Ez izan beldurrik, Maria; Jaungoikoaren ederra aurkitu duzu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu; eta Jesus ezarriko diozu izen. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko dute; eta Jainko Jaunak haren aita Dabiden errege-aulkia emango dio; Jakoben etxean errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango».
Baina Mariak orduan aingeruari:
- «Nola daiteke hori? Nik ez baitut ezagutzen gizonik».
Eta aingeruak:
- «Espiritu Santua jaitsiko da zuregana, eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik zugandik jaioko den Santua, Jaungoikoaren Seme deituko dute. Hara, zure ahaide Isabel ere, bere zaharrean, haurdun dago; eta agorra omen zena seigarren hilabetean aurkitzen da; Jaungoikoarentzat ez baita ezer ezinik».
Mariak orduan:
- «Hona hemen ni, Jaunaren mirabea; gerta bekit, zuk diozun bezala».
Orduan aingeruak utzi zuen.

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok: Gizakien berrerospen ekintzan, Jesusen ondoan egon zen Andre Maria Birjina, Jainkoaren nahia egiteko prest; berau bitarteko dugula, eska diezaiogun konfiantzaz Jaunari:

1.- Maria ispilu eta irudi duen Jainkoaren Elizaren alde, hark bezala santutasun eta zuzentasunean dirdira egin dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Sufritzen daudenen alde, gaixo, goseak, bakarrik eta eskutik utzita bizi direnen alde, Mariaren babes eraginkorra senti dezaten eta haren bitartez beren gaitzen sendabidea lortu. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Emakume guztien alde, emakume izatearen eredu eta jarraibidea Mariarengan aurkitzen jakin dezaten eta, horrela, gizartean dagokien eginkizun eta zerbitzua duintasunez bete. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jesusi hurbiletik jarraitzeko beren bizitza eskaini duten erlijiosoen alde, erlijioso bizitzaren ama den Mariarengan beren eredu bizigarria eta laguntza eraginkorra izan ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Andre Maria Birjina bere Aurkezpenean ohoratzen dugun guztion alde, gure eskaintza eta konpromisoetan hura bezala Jaunarekin leialak izanik, gai izan gaitezen gure bizitza eta apostolutzarekin Jesu Kristoren Ebanjelioaren testigutza emateko. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Andre Mariaren betetasunaz gu ere aberasteko, hura graziaz eta bedeinkapenez bete zenuen Jainkoa, onar haren bitartez egin dizkizugun eskariak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onar, Jainko Aita,
Ama Birjina, zure mirabe otzana, oroitzean
aurkezten dizkizugun opari-emariak,
eta emaguzu gu geu zuretzat opari atsegingarri izatea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta beharrezko,
zuzen eta salbagarri,
zuri, Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiereko horri,
eskerrak ematea nonahi eta beti,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Atsegin paregabea izan baituzu
Maria Birjina dohatsuarengan.
Hura, zure salbamen asmoa besarkatuz,
zure Semearen ekintzari bere burua bete-betean eskaini zion,
gizakiaren berrerospenerako zerbitzu leiala emanez.

Kristori erabateko zerbitzua egin ziona
asko ohoratu duzu;
eta bere burua mirabe apal aitortu zuena
eta maitasunez gure alde otoitzean ari dena,
Erregina egin duzu zure Semearen ondoan.

Horregatik,
aingeru eta santu guztiekin batera,
etengabe goresten zaitugu abestuz:

Santu, santu, santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Jainko gure Jauna,
emaguzu, arren,
Eukaristia honetan esku hartu dugunoi,
Ama Birjinaren antzera bizi
eta Elizaren zerbitzari zintzo izanez,
zure aurrean beti pozik bizitzea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Ama Birjinaren sabeleko fruitu bedeinkatuaren bidez
gizadia maitasunez salbatu nahi izan zuen Jainkoak
oparo bedeinka zaitzatela. E/. Amen.


Biziaren Sortzailea eman dizuen
Ama Birjinaren babesa
lagun izan dezazuela beti. E/. Amen.

Eta, gaur elkarrekin,
Mariaren Aurkezpena jaieraz ospatzen duzuenoi,
eman diezazuela Jaunak Espirituaren poza
eta egin zaitzatela
bere erreinuko ondasunen oinordeko. E/. Amen.

Eta bedeinka zaitzatela Jaungoiko Ahalguztidunak,
Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak. E/. Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue