castellano euskera batua euskera bizkaiera

BERNARDO MARIA SILVESTRELLI dohatsua

Abenduko 9a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Jesusen Bernardo Maria dohatsua (Cesar Silvestrelli), Erroman jaio zen, 1831. urteko azaroaren 7an, Silvestrelli-Gozzani familia prestuan. Egunean bertan bataiatua izan zen eta sendotua 1840. urteko ekainaren 7an; apaiz ordenatua izan zen Argentaro Mendian 1857. urteko abenduaren 22an, eta erlijioso profesa egin zuen Morrovalleko nobiziaduan 1857. urteko apirilaren 28an; hemen lagun izan zuen Ama Nahigabetuaren Gabirel santua. Laster baten erantsi zizkioten Kongregazioko goi-karguak: ikasleen zuzendari, nobizioen maisu, erretore, Probintzi-kontseilari eta Jeneral Nagusia 1878-88 eta 1893-1907. Kongregazioko espiritu ekintzaile ausarta une larrietan, bultzada indartsua erantsi zion gure Kongregazioari munduan barrena. Bera gidari argi eta ausarta zela, sei probintzi berri sortu ziren, eta eraberrituak beste guztiak, Italia eta Frantziako gobernarien aginduz zapuztuak izan baitziren. Jeneral Nagusitzari uko eginez, bizi arteko ohorezko Jeneral Nagusi titulua hartu zuen Aita Santuaren aginduz. Sabinako Moricone bakarlekura baztertu zen, eta eroriko batez bertan hil zen 1911. urteko abenduaren 9an, 80 urte zituela. Joan Paulo IIak beatifikatu zuen 1988ko urriaren 16an.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Gure Jaungoiko Jauna,
Zuk ezarri zenion Bernardo Maria apaizari,
lurreko ondasun guztien gainetik,
Jesus Gurutzeratuarenganako maitasun gartsua,
emaiguzu bere laguntzaz eta ereduz,
Kristoren Nekaldia etengabe gogora dezagula,
gu berrerosi gintuenagatik bizi eta hil gaitezen.
Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Filipotarrei 3, 8-14

"Lasterka noa helburura, saria iristeko;
sari horretarako deitzen baitu Jaungoikoak goitik,
Kristo Jesusen bitartez"




Senideok: dena galeratzat daukat, neurrigabeko ondasun honen aldean: Jesukristo nire Jaunaren ezaguera. Harengatik dena galdu nuen, eta dena simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan eta Harengan bizitzekotan, ez Legetik datorkidan neronen zuzentasunez, Kristogan sinistetik datorkidanez baizik. Jaungoikoagandik bait dator zuzentasun hau, eta sinismena du oinarri. Beraz, Kristo ezagutu nahi dut, eta Haren piztueraren indarra, Haren lagun izan nahi dut nekeetan, eta Beraren antzeko heriotzan, egunen batean hilen artetik piztuko naizen itxaropenez.
Eta, Kristo Jesusek niretzat iritsi duelako, saria eskuetan baldin badut ere, ene senideok, oraindik saria iritsi ez banu bezala hartzen dut nik neure burua. Gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dena ahazturik, eta aurrean dagoena bilatuz, lasterka noa helburura, saria iristeko; sari horretara deitzen bait du Jaungoikoak goitik, Kristo Jesusen bitartez.



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 14, 1-3a. 3bc-4ab. 5

E/. Zorionekoa Jaunaren aurrean dabilena.

Jauna, nor egon daiteke zure etxean?
Nor bizi zure mendi santuan?
Akatsik gabe eta zintzo dabilena,
bere artean egia dioena. E./

Mihingainez inor bezten ez duena,
hurkoari gaitzik egiten ez diona,
auzokoa lotsagarri uzten ez duena. E./

Gaiztoari esker txarra ematen diona,
Jainko-bildur dena ospatzen duena.
Dirua irabazitan ematen ez duena,
errugabearen aurka eskupekorik hartzen ez duena. E./



Aleluia

Maite nauenak gordeko du nire hitza
eta nire Aitak maiteko du eta berarengana etorriko gara.




EBANJELIOA: Mateo 7, 21-27

"Hatx-gainean jasotako etxea eta hare-gainean jasotako etxea"

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- "Niri "Jauna, Jauna!" ari zaizkidanak, ez dira guztiak sartuko zeruetako Erreinuan; zeruan dagoen nire Aitaren nahia egiten dutenak baizik.
Egun hartan askok esango dit:
"Jauna, Jauna, ez al ginen zure izenean profeta izan? Ez al genituen zure izenean deabruak uxatu, eta zure izenean mirari asko egin?".
Orduan esango diet garbi:
"Ez zaituztet behin ere ezagutu, alde Nigandik, gaizkileok!".
Beraz, nire hitz hauek entzuten eta betetzen dituena, bere etxea harkaitz-gainean eraiki zuen gizon zentzudunaren antzekoa da. Egin zuen euria, etorri ziren uholdeak, atera zuen haizea, eta jo zuten etxe hura, baina ez zen erori, harkaitz-gainean oinarritua bait zegoen.
Nire hitz hauek entzuten dituena, eta betetzen ez, bere etxea hondar-gainean eraiki zuen gizon buru-gabearen antzekoa da. Egin zuen euria, etorri ziren uholdeak, atera zuen haizea, jo zuten etxe hura, eta erori egin zen; eta handia izan zen haren hondamena".

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Otoi egin diezaiogun Jaungoiko gure Aitari, Bernardo Maria Silvestrelli dohatsua lagun dugula.

1.- Elizan ez daitezela falta gizon-emakumeak, beren bizieraz zoriontasunen espiritua erakuts dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gu kristauon alde: alor guztietan Ebanjelioa zabaltzeko gauza izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Pasiotar Familiaren alde: Bernardo Maria dohatsuaren testigantzak eraginda, herrialde eta kulturgiro berrietara zabal dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Pasiotar hezitzaileen alde: erlijioso gazteak laztasunez bizitzera eta behartsuak eta baztertuak zerbitzera jo dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: pasiotarren espirituz ongi jantzita, eguneroko gurutza eramaten ikas dezagun eta horrela iragarri sinismenez eta koherentziaz Kristoren Nekaldia eta Piztuera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Aita santu, zaindu zure Eliza, gurutzearen Ebanjelioa bere eskuetan utzi baituzu; egizu eman ditzala beti fruitu ugariak eta santutasun ezaugarriak, horrela iragar ahal dezan Espirituaren indarrez argitzen eta salbatzen duen hitza. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Jaungoiko Jauna,
zure jainko-ontasunera jotzen dugu
zerutar dohainen eske,
Bernardo Maria dohatsuaren omenez eskaintzen ditugun dohainok,
zure ahalmenaren eta aintzaren erakusgarri direnez,
zure herriarentzat betiko salbamen fruitu bihur daitezen.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zu, Jauna, zeruko eta lurreko izakiak
beti gorestea,
eta zeruetako Erreinuagatik
Kristori eskainiak izan diren santuak gogoratuz,
zure asmo ederrak ospatzea.

Haiengan berreskuratzen du gizakiak
Zugandik hartu zuen hasierako santutasuna,
eta hemen lurrean gozatzen dituelarik
gero zeruan betean izango dituenak

Horregatik,
aingeru eta santuekin batean
goresten zaitugu eten gabe abesten dugula.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Bizi-Ogiaz sendoturik,
eskatzen dizugu, Jauna,
bihotz zabalez zerbi zaitzagula
eta anai-arrebak maitasun sendoz,
Bernardo Mariaren antzera.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
gaur Bernardo Maria Silbestrelli dohatsuaren
jaieguna ospatzeko bildu gaituenak,
bedeinkatu, zaindu
eta bere bakean sendotu zaitzatela. E/. Amen.

Jesus Jaunak,
Bernardo Maria Silbestrelli dohatsuaren bizitzan
bere Pazko misterioaren indar bizi-berritzailea agertu duenak
Ebanjelioaren testigu jator egin zaitzatela. E/. Amen.

Espiritu Santuak,
Bernardo Maria Silbestrelli dohatsuarengan
ebanjeliozko karitatearen eredua eskaini digunak,
eman diezagula Elizako sinismen eta maitasunezko
batasunean heltzen joateko grazia. E/. Amen.

Eta bedeinka zaitzatela Jaungoiko Ahalguztidunak,
Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak. E/. Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue