castellano euskera batua euskera bizkaiera

GURUTZEKO SAN PAULO

Urriak 19

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Ovadan (Italia) jaio zen 1694ko urtarrilaren 3an. Gaztetan bere aitarekin merkataritzan jardun zuen. Jaunaren deiari jarraituz, 1720ko azaroaren 22an, ermitauaren jantzi beltza eman zion gotzainak eta berrogei eguneko otoitzaldiari ekin zion gartsuki.

Geroago, Erroman bere anaia Joan Bautistarekin gaixozain igaro zuen denboraldian Benedikto XIII. aita santuak apaiz ordenatu zuen. Ondoren, Argentario mendiko bakardadera bildu zen. Han bizi zela, Jainkoak argituta eta Kristoren Nekaldiaren eta Heriotzaren oroipena egiteko eta zabaltzeko, Jesu Kristoren Pasioko Kongregazioa sortu zuen. Helburu bertsua duen Klausurako Lekaime Pasiotarren Kongregazioa ere hark sortua da.

Gurutzeko mezuaren predikari aspergaitza izan zen, nagusi leiala eta zintzoa, penitentzian eta otoitzean eredu bikaina, arimako zuzendari trebea, XVIII. mendeko mistikorik handienetakoa. Erroman hil zen 1775eko urriaren 18an.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko gure Jauna,
gurutzeko Hitza iragartzeko
sugarrez berotu zenuen
gure Aita san Paulo Gurutzekoa apaiza:
emaguzu, hark adoretu eta lagundurik,
asma dezagula guk ere,
zure Seme Jesu Kristoren pasioaren bidez,
gure senideak zureganatzen,
horiekin erospenaren fruitua lor dezagun.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez... E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Isaias 61, 1-3

"Behartsuei berri ona ematera bidali nau Jaunak"

Jaunaren Espiritua nigan dago,
Jaunak gantzutu bainau.
Behartsuei berri ona ematera bidali nau,
bihotz urratuak sendatzera;
gatibuei barkamena iragartzera
eta giltzapetuei askatasuna;
Jaunaren grazia urtea
eta gure Jainkoaren mendeku eguna iragartzera;
atsekabetuak kontsolatzera bidali nau Jaunak.



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 95, 1-2a. 2b-3. 7-8a. 10

E/. Nire anaiei Jaunaren hitza iragarriko diet.

Kanta Jaunari kantu berri,
kanta, lur osoa, Jaunari.
Kanta Jaunari, bedeinka haren izena. E./

Iragarri egunez egun harengandiko salbamena.
Zabaldu haren ospea atzerrietan,
haren mirariak herri guztietan. E./

Herrietako sendiak, eman Jaunari,
eman Jaunari ospe eta goraldi.
Eman ospe Jaunari bere izenaren ederrez. E./

Esazue atzerrietan: "Jauna errege da,
lurbira koloka ez dadin sendo ezarri du,
herriak zuzenbidez epaitzen ditu". E./



II IRAKURGAIA: 1 Korintoarrei 1, 17-25

"Jainkoak iragarpen zoroaren bidez
salbatu nahi izan zituen fededunak"



Senideok:
Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, berri ona zabaltzera baizik; eta hori ere ez jakinduriazko hitzez, Kristoren gurutzeak indarrik gal ez dezan. Gurutzearen mezua, galtzen direnentzat, zorakeria da; salbatzen direnentzat, ordea, guretzat alegia, Jainkoaren indarra.
Idatzia dago, izan ere: ?Hondatu egingo dut jakintsuen jakinduria, eta huts bihurtuko adituen adimena?. Zertan dira jakintsuak, ikasiak, mundu honetako gauzetan adituak? Jainkoak ez ote du zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria? Begira, Jainkoak bere jakinduria agertu duenean, gizakiak ez dira gauza izan beren jakinduriaz Jainkoa ezagutzeko; horregatik, Jainkoak, guk iragartzen dugun zorakeriaren bidez salbatu nahi izan ditu fededunak.
Juduak ezaugarri eske dabiltza; greziarrak, jakinduria bila; guk, berriz, Jesu Kristo gurutziltzatua predikatzen dugu, juduentzat behaztopa dena eta greziarrentzat zorakeria; baina deituentzat -nahiz judu izan, nahiz greziar- Jainkoaren indarra eta Jainkoaren jakinduria, Jainkoaren zorakeria gizakiak baino jakintsuagoa baita; eta Jainkoaren ahulezia gizakiak baino indartsuagoa.



Aleluia

Behartsuei berri ona ematera bidali nau Jaunak,
eta giltzapetuei askatasuna.
(Lk 4, 18)



EBANJELIOA: Markos 6, 7-13

"Hamabiak bidaltzen hasi zen"

Aldi hartan Jesus, Hamabiei dei egin eta binaka bidaltzen hasi zen, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena ematen ziela. Biderako ezer ez hartzeko agindu zien, makila bat besterik ez: ez ogirik, ez zakutorik, ezta gerrikoan dirurik ere; oinetan sandaliak eraman zitzatela, baina aldatzeko soinekorik ez. Eta esan zien: "Etxe batean sartzen zaretenean, gelditu bertan herri hartatik atera arte. Eta nonbait onartzen ez bazaituztete eta entzun nahi ez, handik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, beraien kontrako seinaletzat".

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok, jo dezagun otoitzean Jainkoagana, eta eska diezaiogun entzun ditzala gure eskariak eta lagun diezagula Kristo gurutziltzatua benetan maitatzen, san Paulo Gurutzekoak maite izan zuen bezala.

1.- Jesusen Eliza garen artzainok eta eliztarrok maiz hausnar dezagula Jaunaren pasioa, eta, horrela, Jainkoarekin bat egin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- San Paulo Gurutzekoaren jokabideak espirituaren ondasunak bilatzera eraman ditzala axolagabekeriaren lozorroan bizi direnak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gorputzez nahiz gogoz sufritzen dutenek gurutzearen eskola harrigarrian santuen egiazko jakinduria ikas dezatela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jesu Kristo gure Jaunaren gurutzeak sustrai sakonak bota ditzala Pasiotar Familiako kide guztien bihotzetan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Guk guztiok, Jaunaren pasioaren oroitzapena den Eukaristiaren ospakizunean elkarturik, etengabe lan egin dezagula Elizaren zerbitzuan Kristo gurutziltzatuaren aintzarako. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Jainko Jauna, Gurutzeko san Paulo Pasioko Ebanjelioaren mezulari egin zenuen, entzun gure eskariak, eta egizu, zure neurrigabeko errukiari esker, eskura dezagula uste osoz eskatzen dizuguna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onartu, Jauna, Gurutzeko san Paulo gure Aitaren festaburuan
aurkezten dizkizugun opariak,
eta egin gaitzazu gu geu ere
eskaintza bizi, santu eta atsegin zuretzat.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki eta bidezko da, bai,
zuzen eta osasungarri,
guk zuri, Aita on
eta Jainko ahalguztidun eta betiko horri,
eskerrak ematea nonahi eta beti,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Zure herrian Kristoren Pasioaren
oroitzapena egiteko,
harrigarriro hautatu zenuen
zure zerbitzari Gurutzeko san Paulo;
eta zure Semearen gizakienganako
maitasun neurrigabean suturik,
penitentziaren, pobretasunaren eta bakardadearen
maitale sutsu bihurtu zenuen.
Zuk egin zenuen arimen maisu
eta Ebanjelioaren mezulari,
hitzez eta bizitzaz
fruitu oparoak aldarrikatuz,
bekatari ugari zugana zitzan,
eta kristau herriari lagundu
zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren
Nekaldia etengabe gogoratzen eta hausnartzen.

Horregatik, Jauna, santu eta aingeruekin batera
pozez beterik kantatzen dizugu.

Santu, santu, santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Jesus Jauna,
zure betiko maitasun neurrigabearen oroipen den
eukaristia mahaian esku hartzea eman diguzu:
emaguzu gure Aita san Paulo Gurutzekoaren
otoitzei esker eta hari jarraituz,
gure bizitzan Pasioaren misterioa
hitzez eta egitez adierazteko laguntza.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

- Gure aita san Paulo Gurutzekoa Jesus gurutziltzatuaren maitale argitsua egin zuen Jainkoak, hari zintzo jarraituz, Jesu Kristoren egiazko ikasleak egin zaitzatela. E./ Amen.

- Eta gaur jai giro alaian ospatzen duzuen gure Aitaren bitartekotasunez, eman diezazuela zuen bizitzan eta apostolutzan Kristo gurutziltzatuarenganako maitasunean irautea. E./ Amen.

- Eta bizitza honetako ezbeharren eta borroken ondoren, irits dezazuela gure Aitarenekin zeruan betiko aintza gozatzea. E./ Amen.

- Bedeinka zaitzatela
Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue