castellano euskera batua euskera bizkaiera

ODOL GUZTIZ BALIOTSUA

Uztailaren 1a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Erospenaren Odola da Jainko maitasunaren ezaugarririk agirikoena: Jesukristo... "Auda gu maite gaituena eta gure pekatuetatik bere Odolaz askatu gaituena" (Apk 1,5). Gure Fundatzaileak, Kongregazioa Kristoren Odolez asebeteta ikusten zuenez, esan ohi zuen: "Hauxe da gogo biziz nahi nukena: Jesukristoren Odol Guztiz Santuaren jainkozko bainuan noizean behin murgildu zaiteztela; egon ere, beti dago irakiten, bere neurrigabeko maitasun garretan biztuta. Bainu horri esker, zure arima gero eta garbiago egiten da eta guztitariko birtutez aberasten" (Lett. III, 64).Vaticano II. Kontziliora arte, Eliza osoan ospatzen zen jai hau, gure egutegi propioko atal dugu 1773. urtetik, "Memoria Passionis" delako misterioaren atal osagarri baita.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko Jauna, zure Seme bakarraren Odol Guztiz Baliotsuarekin
gizaki guztiak berrerosi dituzun Horrek,
zaindu ezazu guregan zure errukiaren egintza,
gure salbamenaren misterioa ospatuz,
bere betiko fruituak iritsi ahal ditzagun.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./AMEN

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Ebertarrei 9, 11-15

"Kristo bere odolaz eta behin betirako sartu zen Santutegian"


Senideok: Kristo, beti iraungo duten ondasunen apaiz nagusi bezala etorri zaigu; Haren etxola haundiagoa eta osoagoa da; ez giza-eskuz egina, hau da, sortutako mundu hontakoa; Kristo ez baita Santutegian aker-odolez, ez zekor-odolez sartu, bere-bere odolaz eta behin betirako baizik, honela betiko askatasuna irabazirik.

Aker-odolak eta zezen-odolak, eta bigantxa errearen hauts zipriztinduak, kutsudunak garbitzeko indarra baldin badu, azaleko garbitasuna emanez, zenbatez indartsuago ez da izango Kristoren odola, gure barrua egite usteletatik garbitzeko, guk Jaungoiko bizia gurtu dezagun, betiko Espirituaren indarrez bere burua Jaungoikoari opari garbi eskaini dion ezkero!

Horregatik, Kristo elkargo berri baten bitartekoa da, eta heriotza bat izan da, lehengo elkargoko pekatuak ordaintzeko; horrela, «deituek» betiko oinordetasunaren agintzaria berengana dezaten.



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 102, 1-4. 8. 10. 17-18

E/. Zure odolaz berrerosi gaituzu, Jauna.

Ene anima, goretsazu Jauna,
nere barren osoak Haren izen deuna.
Ene anima, goretsazu Jauna,
eta ez ahaztu Harek zuri egina. E./

Harek barkatzen baititu zure hobenak,
sendatzen zure gaitzak denak;
begiratzen du heriotzetik zure bizia,
ematen dizu buruntzat grazia ta errukia. E./

Errukior da Jauna ta kupibera,
berant-haserre ta guztiz onbera.
Ez dihardu gurekin gure hobenen neurrira,
ez digu ordaintzen gure erruen harira. E./

Jaunaren maitasuna, berriz, beldur diotenentzat,
betidanik betidaino,
Haren zuzentasuna haien semeen semeenganaino;
Haren ituna gordetzen dutenendako,
bete-asmoz Haren aginduetaz oroi direnendako. E./


Aleluia

(Apk 5, 9)

Bazara nor liburu hartu eta beronen zigiluak irekitzeko;
hila izan baitzara eta zeure heriotzaz
Jainkoarentzat irabazi gaituzu.



EBANJELIOA: Markos 14, 12-16. 22-26

"Hau nere gorputza da. Hau nere odola da"

Legamigabeko Ogien jaiko lehen eguna zen, Pazko Bildotsa hiltzen zeneko eguna. Ikasleak esan zioten Jesusi: «Gu nora joatea nahi duzu, Pazko-afaria egiteko gauzak prestatzera?».

Jesusek bere ikasleetako bi bidali zituen, esanez: «Zoazte irira; gizon bat aterako zaizue bidera, ur-suila daramakiela; jarrai ezaiozue; eta sartzen den tokian, esaiozue etxe-nagusiari: Hau dio Maisuak: “Nun da nere afal-tokia, nere ikasleekin Pazkoa jan dezadan?”. Harek, etxe-goian, gela haundi bat erakutsiko dizue jarlekuekin. Presta ezaiguzue hantxe afaria».

Joan ziren ikasleak; eta, irira iritxi zirenean, Jesusek esan bezala aurkitu zuten dena; eta Pazko-afaria prestatu zuten.

Jaten ari zirela, Jesusek ogia hartu, eta bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu zuen eta eman zien, esanez: «Hartzazue: hau nere gorputza da». Gero, edan-ontzia hartu eta esker-otoitza eginez, eman zien, eta guztiek edan zuten bertatik. Eta esan zien: «Hau nire odola da, itunaren odola, guztientzat ixurtzen dena. Hara Nik egia esan: Ez dut gehiago ardorik edango, ardo berria Jainkoaren Erreinuan edango dudan egunera arte».

Abestu zituzten salmoak, eta Olio-mendira atera ziren.

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok: Eska diezaiogun Jaungoiko Aita guztiz errukitsuari, bere Semearen Odol baliotsuaren bidez, mundua berrerosi eta bereganatu duenari.

1.- Pekatuen barkamenerako isuria izan den Odol Baliotsuaren bidez, sinestedunen pekatuak garbi ditzala, beren desleialtasunez Elizaren edertasuna zikindu baitute. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Abelen odolak baino hobeki hitz egiten duen Jesusen Odolak Jaungoikoarekin adiskide ditzala oraindik Berarengandik urruti daudenak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Jetsemaniko baratzean odol tantak isurtzerainoko itolarria bizi izan zuen Jaunak, lurjota bizi direnei lagun diezaiela eta adorea eta bakea eman. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure Aita Jaungoikoak garbi ditzala Eliza Kristoren Odolez eta sinestedun guztiei eman diezaiela benetako bihotz-berritzeko grazia. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde, Jesusen Odolez santuturik Jaungoikoarekin adiskidetu gaitezen eta apaiz herri bihurtu. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Jainko Ahalguztidun eta betikoa, entzun, arren, gure otoitzak, eta egizu, betiko bizitzaraino darion ur bizia den Kristoren Odolaren egintza salbagarriaren bidez, Testamentu Berriko Bitarteko denarengana hurbil gaitezela. Gizaldiz gizaldi Jaungoiko eta errege bizi baita. AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Gure eskeintza Zuri egitean, Jauna,
misterio hauek ospatzeak
Jesusengana hurbil gaitzala,
Bera baitugu Testamentu Berriko Bitartekoa,
horrela bere Odolaren egintza salbagarria eskerronez ospatuz.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen,
beharrezko eta salbagarri
Zuri eskerrak ematea nonahi eta beti,
Jauna, Aita Santu, Jaungoiko Ahalguztidun Horri,
Jesukristo Gure Jaunaren bitartez.

Zuk bidali zenuen mundura,
Berak bere burua opatuz,
gizateria ilunpetako katigutik askatzeko
eta guztiok pekatupetik ateratzeko,
Bere Odol ederrez garbituz.

Eta beraien jantziak Bildotsaren Odolez
garbitu dituztenak jarrai ahal diezaioten,
Bere hilezkorrezko aintzan partekide izanez.

Horregatik aingeru eta goi-aingeruekin
eta zeruko talde guztiekin
zure aintzari goratzarre hau
beti eta beti (esaten) abesten diogu.

Santu, santu, santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Sakramentu hauekin indarberriturik,
eskatzen dizugu, Jauna,
Kristoren Odolez beti garbi gaitzazula,
betiko bizitzaraino darion iturriko ur bizia Bera baita.
Jesukristo Gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

- Jainko errukitsuak,
bere Semearen nekaldiaren bidez
gizadia berrerosi zuenak,
era ditzala zuen bizitzak
Kristo gurutziltzatuaren irakatsien arabera
eta isur dezala zuengan bere bedeinkapen ugaria. E./ Amen.

- Eman diezazuela, San Paulo Gurutzekoaren gidaritzapean,
maitasunaren ekintza handiena hausnartuz,
elkarrekin baturik irautea,
eta eraman zaitzatela, gaitz guztietatik zaindurik,
santutasunaren gailurrera. E./ Amen.

- Eman diezazuela,
Jaunaren nekaldia bizi eta zabaltzen ahalegintzen zaretenoi,
Salbamenaren misterioan parte hartzea
eta bere aintzaren oinordekide izatea. E./ Amen.

- Bedeinka zaitzatela
Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue