castellano euskera batua euskera bizkaiera

NAHIGABEETAKO AMA BIRJINA

Irailak 15

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

"Ama Birjinak sinesmenaren erromesaldian aurrera egin zuen, eta leialki lagundu zion Semeari gurutzeraino, eta honen ondoan, ez Jainkoak nahi gabe, zutik iraun zuen, bere Seme bakarrarekin sakonki sufrituz eta ama erraiez haren opariarekin bat eginez, berak sorturiko biktimaren hilketa maitekiro onartuz; eta, azkenik, Kristok berak gurutzean hiltzear zegoela, amatzat eman zion ikasleari hitz hauetan: "Andrea, horra hor zure Semea" (Jn 19, 26). Horregatik, aldarrikatzen du Elizak: "Zoriontsua zu, Birjina Maria, hil gabe, Jaunaren gurutze ondoan martiritzaren koroa merezi zenuena"."

Ama Birjina Nahigabetuarenganako tradizio luzeko debozioa kontuan hartuz, Ama hori Kongregazioaren Zaindari nagusi aldarrikatu zuen 38. Kapitulu Jeneralak (1964). Titulu hau Paulo VI. Aita santuak 1973ko martxoaren 8ko Gutun Apostolikoan berretsi zuen.

Jai honen ospakizunak Ama Nahigabetuarekin Kristoren nekaldiko misterioan esku hartze sakonagoa bizitzeko aukera eskaintzen die Pasiotar guztiei, eta gure Sortzaile santuaren espiritua berritzekoa.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jauna, gurutzearen oinean
zure Semearen oinazeak Amak bere egin zitzan nahi izan zenuen,
egizu Elizak,
Kristoren nekaldian Mariarekin bat eginez,
Haren piztueran parte hartzea merezi dezala.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Judit 13, 17-20

"Bedeinka zaitzala, ene alaba, goi-goiko Jainkoak
lurreko emakume guztien gainetik
"



Egun haietan, jende guztia zeharo txunditua gelditu zen eta, makurturik, Jainkoa gurtu zuten, denek batera esanez:
- "Goretsia zu, gure Jainko hori, zuk suntsitu baitituzu gaur zeure herriaren etsaiak!".

0ziasek esan zion Juditi:
- "Bedeinka zaitzala, ene alaba, goi-goiko Jainkoak lurreko emakume guztien gainetik; goretsia zeru-lurrak egin zituen Jainko Jauna, berak gidatu baitzaitu gure etsaien nagusiaren burua moztera. Jainkoaren indarraz oroituko den herriari ez zaio inoiz ere ahaztuko zuk Jainkoarengan izandako itxaropena. Eman biezazu Jainkoak beti goratua izatea eta beraren ondasunak hartzea, zeure bizia arriskuan jarri baituzu, gure herria zeinen zanpatua zegoen ikusirik. Gure Jainkoaren aurrean zuzen jokatuz, gure hondamendia eragotzi duzu".

Eta herri osoak esan zuen:
- "Hala bedi! Hala bedi!".



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 144, 2-4. 6. 8-11

E/. Jauna, zure maitasuna abestuko dut betiren beti.

Egun oro zaitut bedeinkatuko,
zure izena menderen mende dut goretsiko.
Handi da Jauna, guztiz goresgarri,
Haren handitasuna ez daiteke igarri. E./

Gizaldik gizaldiri zure lanak adierazten dizkio,
zure indarra iragartzen dio.
Zure aintza handiaren dirdira zabal aipatzen dute,
zure mirariak zabaltzen dituzte. E./

Bihozbera da Jauna eta errukiorra,
Berant haserre eta guztiz onbera.
Ona da Jauna guztientzat,
errukior Berak egin dituenentzat. E./

Jauna, zure lan guztiek ospa zaitzatela,
Zure zintzoek bedeinka zaitzatela.
Zure erregetza zein bikain den aitor bezate,
Zure ahal-izateaz hitz egin bezate. E./



BIGARREN IRAKURGAIA: Kolosarrei 1, 17-24

"Honela betetzen ditut nire haragian Kristoren nekeak"

Senideok:
Diren guztiak baino lehenago da Bera, eta guztiek Berarengan diraute. Gorputzaren buru ere Bera da, Elizaren buru, alegia. Bera da hasiera, hilen arteko lehen-semea, diren guztietan Bera izan dadin lehenengoa. Jainkoaren gogoko izan baita betearen betea Harengan egotea, eta Haren bidez, gauza guztiak Berekin adiskidetzea; Haren gurutzeko odolaz bakeak eginik, zeru-lurretan diren guztiekin.

Zuek lehen Jainkoarentzat arrotz zineten eta etsai, gaitzera eramaten zaituzten zuen pentsaeraz. Orain, ordea, Kristok bere gorputz hilkorrean jasan zuen heriotzaren bitartez, Jainkoak Berekin baketu zaituzte, bere aurrean herri santu, garbi eta bekaturik gabea ager zaitezten. Baina, horretarako, fedean gogor eta sendo iraun behar duzue, Ebanjelioaren itxaropenik baztertu gabe; entzun duzue eta zerupeko sorkari guztiei hots egin zaien Ebanjelioa, eta ni, Paulo, berri on horren zerbitzari egina izan naiz.

Poza dut orain, zuen onerako eramaten ditudan nahigabeengatik; honela betetzen ditut nire haragian Kristoren nekeak, Haren gorputza den Elizaren alde. Jaungoikoak Elizaren zerbitzari egin nau, eta bere berri ona zuei osorik adierazteko eginkizuna eman dit.



SEKUENTZIA

Zutik, gurutze-ondoan,
Ama samina zegoan,
eta Semea zintzilik.
Haren arimaren mina!,
zazpi ezpatek egina,
han zegoen larririk.

Hain estu eta atsekabea,
Seme bakardun Andrea,
Ama bedeinkatua!
Oinazez eta atsekabez,
Seme kutunaren lanez
zegoen kupitua.

Nork ez du negar egingo,
Jesusen Ama halango
oinazez ikusita?
Ama-Semeak ikustean
biak oinaze berean
elkarrekin josita?

Bazekien beretarren
erruz zutela zigortzen
Jesus, bere maitea.
Inortxok ere ez laguntzen,
eta azken arnasak ematen
han zekusan Semea.

Hots, Ama, maite-iturri,
zurekin oinaze bizi
har dezadan egizu.
Sutu Kristoren maitean
bihotz hau, eta haren aurrean
eder egin nazazu.

Ama, nire bihotzari
Kristoren zauriak jarri,
otoi, mami-mamian.
Seme horren neke-lanak
erdiz bidal niregana,
maite nauen sarian.

Zurekin negar bizian
naukazu, eta haren zorian,
hil nadin arteraino.
Zurekin gurutze-ondoan
lagunduz, negar malkoan
nagon bizi naizeino.

Birjinetan ederrena,
zakizkit samurrena,
niri negar eragin.
Kristoren neke-herio
zauriak hartzeko, bihotz
hau adoretsu egin.

Zauri ni zeure zauriez,
zora ni zeure odolez,
gurutze-iturripean.
Su-garrez erre ez nazaten
Nire alde jarri, arren,
Ama azken egunean.

Hemendik irtetekoan,
Amaren bidez ni noan,
Kristo, garaipenera.
Nire gorputz hau hiltzean,
arima doala hegan
Zeruko pozetara.
Amen.



Aleluia

Zutik zegoen Andre Maria,
zeru-lurretako Erregina,
sufritzen Jaunaren gurutze ondoan.



EBANJELIOA: Joan 19, 25-27

Oinazez eta atsekabez,
Seme kutunaren lanez zegoen kupitua



Aldi artan, Jesusen gurutzearen oinean zeuden: bere ama, amaren ahizpa -Kleofasen Maria-, eta Maria Magdalena.

Jesusek bere ama ikustean eta, han bertan, Berak hain maite zuen ikaslea, honela esan zion amari:
- "Andrea, horra hor zure semea!".

Eta gero ikasleari:
- "Horra hor zure ama!".

Eta orduez gero, ikasleak bere etxean eduki zuen Maria.

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Otoitz egin diezaiogun Jesus Jaunari, bere Amak gurutze ondoan nekaldiko oinazeetan parte har zezan nahi izan zuenari, eta eska diezaiogun gure senide diren gizaki guztien alde.

1.- Kristauok, Andre Mariak bezala, gizakien sufrimenduetan parte hartzen jakin dezagun eta sufritzen daudenen ondoan iraun, bizipoza eta maitasuna eskainiz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Kristoren odolaren fruituak eta beronen nekaldian Andre Maria, Eba berriak, bihotz handiz jasan zituen oinazeenak, giza familia osora hel daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Andre Mariaren arima saminezko ezpata batek zeharka zezan nahi izan zuen Jaungoikoak sufritzen daudenei lagun diezaien eta bekatuengatik kezkati bizi direnei barkamena eta bakea eman. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Estualdietan edo bakarrik, maite dituztenengandik aldenduta, ez ulertuak, ase ezinik edo barru-hutsik bizi direnen alde, Andre Maria Nahigabetuak poztu eta indar ditzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Andre Maria eredutzat harturik eta hura bitarteko, Jaunaren gurutze ondoan iraun dezagun, eta gure sufrimenduak Kristorenekin elkar ditzagun gizaki guztien onerako. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Giza berrerospen ekintzan zure Semearen Amak bihotz handiz parte har zezan nahi izan zenuen Jaungoiko gure Jauna, entzun zure herriaren otoitzak eta egizu berrerospenaren fruituak hel daitezela ugari zure seme-alaba guztiengana. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Eralda, Jauna, dohain hauek
Espiritu Santuaren bitartez,
Ama Birjinarekin batera
egiten dugun aldareko opariak
munduko bekatua ken dezan
eta zeruko ateak zabal diezazkigun.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta beharrezko,
zuzen eta salbagarri,
zuri, Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiereko horri,
eskerrak ematea nonahi eta beti,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Giza familia eraberritzeko,
zeure jakinduria neurtezinaz,
Eba berria Adan berriaren gurutze ondoan
egon zedin nahi izan duzu,
Espiritu Santuaren egitez haren Ama izan zenak,
zeure ontasunaren dohain berri bati esker,
nekaldian parte har zezan;
eta haurra erditzean izan ez zituen oinazeak
gu zuretzat birjaioaraztean, ikaragarriak, jasan zitzan.

Horregatik,
aingeru eta goiaingeruekin
eta zeruko talde guztiekin
zeure aintzaren gorazarrea abesten dizugu etengabe.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Betiko salbamenaren sakramentua hartu ondoren
eskatzen dizugu, Jauna,
Ama Birjinaren nahigabeak gogoratuz
bete dezagula gugan Elizaren alde
Jesu Kristoren nekaldiari falta zaiona.
Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

- Gizadi berriaren Ama egiteko,
Ama Birjina, gurutzearen oinean,
Semearen pasioarekin elkartzea nahi izan zuen Jaunak,
bere maitasun misterioaren oinordekide egin zaitzatela. E./ Amen.

- Eta Kristok, ikasle maiteari
bere Ama amatzat hartzeko agindua eman zionak,
zuoi, nekaldiaren misterioa gogartuz bizi zaretenoi,
eman diezazuela Ama horrenganako maitasun bera. E./ Amen.

Eta zuok, Kristo gurutziltzatuaren eta Ama nahigabetuaren irudia
bihotzean markatua eramanez eta bizitzan erakutsiz,
gurutzearen itzalean bizitzea pozbide duzuenok,
lor dezazuela haiekin garaile izatea zeruetako aintzan. E./ Amen.

- Bedeinka zaitzatela
Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue