castellano euskera batua euskera bizkaiera

AMA BIRJINA NAHIGABETUAREN San GABRIEL

Otsailaren 27a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Asisen (Umbria) jaio zen 1838an. Spoleton ikasle zelarik, ezagutu zuen munduaren lilura. Hala ere, graziaren deiei erantzunez, dena utzita Jesukristoren Nekaldiaren Kongregazioan sartzea erabaki zuen.

Bere bizitza erlijiosoan munduarentzat gurutziltzatua bizitzea hartu zuen jarraibide, Jainkoarekin batasun osoa lortu eta bertute guztiak lantzeko, eta hauen artean bereziki apaltasuna eta menpekotasuna. Ama Birjina Nahigabetuarenganako jaieraz nabarmendu zen batik bat: hauxe da, izan ere, bere espiritualtasunaren bereizgarria.

Abruzzos mendietako Isola del Gran Sasso herrian hil zen 1862ko otsailaren 27an. Haren hilobi ondoan egundoko santutegia ikus daiteke gaur, erromes talde ugarien jomuga eta erlijio bizitzaren gune distiratsua dena. 1926an Italiako Gaztedi Katolikoaren zaindari kide egina izan zen eta, 1959an, Abruzzoetako zaindari nagusi.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko gure Aita,
zure maitasun asmo harrigarriaz
Andre Maria Jesusen Amarekin bat eginda
gurutzearen misterioa bizitzera
deitu zenuen Ama Birjina Nahigabetuaren san Gabriel;
gida gaitzazu zure Seme gurutziltzatuarengana,
honekin nekaldi eta heriotzan bat eginik
piztueraren aintza irits dezagun.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Filipoarrei 3, 8 14

"Dena galeratzat daukat Kristoren aldean,
eta Beraren antzeko izan nahi dut heriotzan"



Senideok:

Dena galeratzat daukat, neurrigabeko ondasun honen aldean: Jesukristo nire Jaunaren ezaguera. Harengatik dena galdu nuen, eta dena simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan eta harengan bizitzekotan; ez Legetik datorkidan neronen zuzentasunaz, Kristogan sinestetik datorkidanaz baizik. Jaungoikoagandik baitator zuzentasun hau, eta sinesmena du oinarri. Beraz, Kristo ezagutu nahi dut, eta Haren piztueraren indarra; haren lagun izan nahi dut nekeetan, eta beraren antzeko heriotzan, egunen batean hilen artetik piztuko naizen itxaropenez.

Eta, Kristo Jesusek niretzat iritsi duelako, saria eskuetan baldin badut ere, ene senideok, oraindik saria iritsi ez banu bezala hartzen dut nik neure burua. Gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dena ahazturik, eta aurrean dagoena bilatuz, lasterka noa helburura, saria iristeko; sari horretara deitzen baitu Jaungoikoak goitik, Kristo Jesusen bitartez.



ERANTZUN-SALMOA: Sal 118, 9-10. 11-12. 13-14

E/. Zure hitza, Jauna, poz iturri da.

Nola eramango bide garbia gazteak?
Zure hitzak beteaz.
Bihotz-bihotzez zaitut bilatzen,
ez utzi ni, zuk aginduetatik baztertzen. E./

Zuk esana bihotzean dut gordeko,
zure aurka bekaturik ez egiteko.
Bedeinkatua zu, Jauna,
erakuts niri zuk ezarriak. E./

Nire ezpainez nik zabalduko,
zuk zure ahoz erabakiak oro.
Pozten naiz zuk hots egin bideetan,
ez hainbat ondasun guztietan. E./



Aleluia

Zorionekoak bihotz zintzo eta emankorrez
Jainkoaren hitza gorde
eta iraunkorki fruitu ematen dutenak.



EBANJELIOA: Markos 1, 17-21

"Saldu dituzun guztiak, eta jarrai niri"

Aldi hartan, Jesus bidera ateratzean, norbaitek, lasterka etorrita, aurrean belaunikaturik, honela galdetu zion: «Maisu on, zer egin behar dut, betiko bizia iristeko?

Eta Jesusek berari: «Zergatik esaten didazu on? Onik ez da inor, Jaungoikoa besterik. Badakizkizu aginduak: Ez inor hil, ezkontza-nahasterik ez egin, ez lapurtu, ez egin gezurrezko testigutzarik, ez kendu azpikeriaz, aintzat eduki aita eta ama». Hark erantzun zion: «Maisu, horiek guztiak gaztetandik bete ditut nik».

Orduan Jesusek begiz begi jarririk, honela esan zion onginahiz: «Gauza bat falta zaizu: zoaz, saldu dituzun guztiak, eta eman behartsuei; eta izango duzu gordailu bat zeruan. Eta gero zatoz eta jarrai niri».

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Kalbarioko misterioari sagaraturik bizitzeko eredu harrigarria dugun Ama Birjina Nahigabetuaren san Gabrielen jaia ospatzean, jaso ditzagun uste osoz gure eskariak Aita Jainkoarengana.

1.- Salbamen sakramentua den Elizaren alde, Espiritu Santuak egunero santutasunean hazi arazi dezan, bataio sagaratzea gogotsuago eta bihotz handiagoz biziaraziz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gizaki guztien alde, ?Jainkoaren jakinduria? den Gurutzeko misterioak lurreko ondasunak ongi baloratu eta erabiltzen lagun diezagun, san Gabrielek baloratu eta erabili zituen bezala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gaurko gazteen alde, beren eginkizuna seriotasun eta erantzukizunez bete dezaten; beren fedea ahuldu ez dadin, eta beren bizitzan garbitasuna eta poza nabarmendu daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Hezkuntza aldian aurkitzen diren pasiotar gazteen alde, elkarrekin bizitzeak dituen zailtasunen erdian, elkarte bizitzako eredu betea san Gabrielengan aurki dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia honetan esku hartzen ari garen guztion alde, eguneroko zereginak iraupenez betetzeko eragingarri eta indar-emaile izan dezagun, san Gabrielentzat izan zen bezala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Entzun, Jauna, gure eskariak; eta Ama Birjina Nahigabetuaren san Gabrielengan zure maitasunaren egintza harrigarriak mirestea ematen diguzun bezala, emaguzu gogotsu haren antzeko izatea, hark bezala guk ere, zure errukia eta maitasuna har ditzagun. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onar, Jauna,
Ama Birjina Nahigabetuaren san Gabrielen jaian
aurkezten dizkizugun opariak;
eralda itzazu eta egin gure salbameneko sakramentu
eta emazkiguzu zure Espiritu Santuaren dohainak.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta beharrezko,
zuzen eta salbagarri
zuri, Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiereko horri,
eskerrak ematea nonahi eta beti,
eta Ama Birjina Nahigabetuaren san Gabrielen jai honetan
zu gorespen kantu alaiz goratzea.

Gabriel gaztea, gurutzearen oinetan,
zure Semearen Amaren nahigabeekin bat eginik,
seme maitasunez eskaini zitzaizun, Aita.

Zure Espirituaren egintza harrigarriari leial erantzunez,
Jesu Kristo gurutziltzatuarekin bat egin zuen
eta Elizarentzat santutasun eredua da.

Gabrielen bizitza santuak argiturik
eta bere zaindaritzapean indarturik,
haren antzera bizi gara, zeruetako erreinua lortu ahal izateko.

Zure onginahiaren dohain hauei esker
eta aingeru eta santuekin elkarturik,
zure aintzaren gorazarrea abesten dugu etengabe.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Biziaren iturri zaren Jauna,
hartu dugun sakramentuaren indarrez
handitu guregan zure egia eta maitasun espiritua,
eta egizu, Ama Birjina Nahigabetuaren san Gabrielen antzera jokatuz,
eskuhar dezagula harekin betiko aintzaren otorduan.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

- Jainko gure Aitak,
(gure parroki, elizbarruti, nazio
elkartearen zaindaria den)
san Gabrielen jaia ospatzeko
gaur bildu gaituenak,
bedeinka zaitzatela, zaindu
eta bakean sendotu. E./ Amen.

- Kristo Jaunak,
pazko misterioaren indar berritzailea
san Gabrielengan azaldu duenak
egin zaitzatela bere Ebanjelioaren egiazko testigu. E./ Amen.

- Espiritu Santuak,
san Gabrielengan
ebanjelio karitatearen eredua eskaini digunak,
Elizan sinesmen eta maitasunean egiaz bat izatea
indarberritzeko grazia eman diezazuela. E./ Amen.

- Bedeinka zaitzatela
Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue