castellano euskera batua euskera bizkaiera

Santa GEMA GALGANI

Maiatzaren 16a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

1878. urtean jaio zen Toscanan, Italiako lurraldean, Luccatik hur. Haurtzarotik izan zuen Jesukristoren Nekaldiaz maiteminduta bizitzeko grina eta dohaina; bizieraz garbia, barru-joeraz zerutarra. Aita eta amagandik haurtzaroan gelditu zen umezurtz; handik laster inguruko kristau familia batek karitatez berean hartu zuen. Kristau bertutez ondo jantzitako familia zen. Gema birjintasun botoz Jaunari eskaini zitzaion eta gogo beroz santutasun bidera jo zuen. Eukaristiarekiko eta Jesus Gurutziltzatuarekiko debozio sutsua bizi izan zuen. Jaunak goi-mailako karisma bereziz aberastu zuen, bekatarien alde bere burua oparitzat eskainiz. Hamar mila saiakera egin zituen pasiotar lekaimeen artean sartzeko. Bere ametsak gauzatu ezinik, munduaren erdian eman zuen, eman halako santutasun jarraibide harrigarria. 1903. urteko apirilaren 11an, larunbat santuz, hil zen Luccan.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko Jauna, Gema Galgani santua
zure Seme Gurutziltzatuaren irudi bizi egin zenuen;
emaiguzu, bere bitartez,
Jesukristoren oinazetan partekide izanez,
bere aintzan ere kide izan gaitezela.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin
Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Hebertarrei 12, 1-6

"Joan gaitezen, eraman haundiz, dagokigun borrokaldira,
sinismenaren iturri eta helburu den Jesus gogora erakarriz"


Senideok: Honenbeste testigu hodei erdian gaudenez gero, utz ditzagun zama guztiak eta inguratzen gaituen pekatua; eta joan gaitezen, eraman handiz, dagokigun borrokaldira, sinismenaren iturri eta helburu den Jesus gogora erakarriz. Honek ere, izan zezakeen atseginaren ordez, gurutzea eraman zuen, lotsakizuna gutxietsirik; eta orain Jaungoikoaren aulkiaren eskuin aldean jarririk dago.

Gogoan eduki ezazue, bada, halako erasoaldia bekatariengandik eraman zuena; ez etsi, ez galdu kemenik. Oraindik ez zarete odola isurtzeraino iritsi, pekatuaren aurkako borrokaldian. Ahaztu egin zaizue, semeei bezala, ematen zaizuen burubide hau:
- "Ene seme, ez gaizki har Jaunaren zentzaldirik, eta ez galdu kemenik, Hark haserre egin dizuela-eta. Jaunak maite duena zentzarazten du, eta semetzat daukana zigortzen".



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 33, 2-3. 6-7. 8-9

E/. Bila dabilzkionengandik hurbil dago Jauna.

Bedeinka dezadan aldi oro Jauna,
nire ahoan beti Haren gorespena.
Gailendu bekit bihotza Jaunarekin,
poztu bitez apalak hori entzutearekin. E./

Begira esaiozue alai zaitezten,
zuen aurpegiak lotsa ez daitezen.
Dohakabe honek oihu egin zuen, eta Jaunak entzun,
estualdi denetatik atera du bere eskuz. E./

Jaunaren aingeruak txabolak ipintzen ditu
beldur diotenen inguruan, eta babesten ditu.
Txasta ezazue eta ikus zein samur den Jauna,
bai dohatsu, Harengana dijoana. E./



Aleluia

Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
zure erreinuko misterioak
jende xumeari erakutsi baitizkiozu.
(Mt 11, 25)



EBANJELIOA: Mateo 11, 25-30

"Gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde,
eta jende xumeari erakutsi bait dizkiozu"



Aldi hartan, Jesusek honela esan zuen:
- "Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jende xumeari erakutsi baitizkiozu. Bai, Aita, hala nahi izan duzu. Nire Aitak dena eman dit; inork ez du ezagutzen Semea, Aitak baizik; ezta Aita ere, Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi izan dionak baizik.

Zatozte Nigana nekatuok, lanpetuok; eta Nik arinduko zaituztet. Har ezazue nire uztarria eta ikasi Nigandik: bihotz-bera naiz eta apala; eta aurkituko duzue zuen arimentzat atseden. Nire uztarria leuna baita, eta nire zama arina".

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok, dei egin diezaiogun Jainkoaren errukiari, eta Santa Gema Galganiren erakutsiz argitu nahi izan gaituen bezala, lagun deizaigula, gure eskariak onartuz.

1.- Jaunak gehi dezala Elizaren edertasuna, beragan gero eta gehiago ugal daitezen birjina gartsuak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Santa Gema bitarteko dugula, Jaunak argi ditzala pekatariak, beren hutsegiteak aitortuz, parkamena iritsiko duten uste osoa eman diezaiela eta pekatuak aitortzeko adorea izan dezatela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Behartsu, ezindu, bidegaldu eta itxaropenik gabe bizi direnen alde: Beren oinazeminez Jesukristoren Gurutzean partekide diren guztiak, Kristoren Nekaldian aurki dezatela behar duten bakea eta atsedena. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Klausurako lekaime pasiotarren alde: Kristorekin bat eginik, ezkutuan daramaten bizierak erakarri ditzala Jaungoikoarengandik aldenduak, eta giza-bihotzak daukan zoriontasun egarria ase dezaken bakarraren bila gogo biziz hasi daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Santa Gemaren antzera, Eukaristian ase ditzagula gure maitasun egarriak, Jaunak sendo dezala gure ahultasuna eta gure itxaropena bizkortu. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Jauna, Zeuk aukeratu zenuen Santa Gema zure sinestedunen artean, Zureganako biderakusle; entzun ezazu gure otoitza, eta bere erakutsiak lagun diezagula Jesukristo Gurutzekoari jarraitzen, egun baten berarekin batera zure Erreinuko aintza irits ahal dezagun. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Jainko Jauna, lagun iezaiguzu, arren,
opari eder hau bihotz garbiz eta gogo beroz
Zuri eskain eskaintzen,
Santa Gema Galgani gogoan dugula.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Bai, zuzen eta bidezko da
zeruko eta lurreko izaki guztiak
Zu gora zaitzaten, Jauna,
eta, zeruetako Erreinuagatik
Kristori eskainiak izan diren
santuak gogoan ditugularik,
zure asmo ederrak ospatzea.

Haiei esker, iristen du gizakiak
Zuregandik hasieran hartu zuen santutasuna,
eta lurrean bertan dastatzen ditu
zeruko dohainak.

Horregatik, aingeru eta santu guztiekin
beti eta beti goresten zaitugu abestuz:

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Zeruko janari honekin indarberriturik, Jauna,
munduarentzat hilik eta Kristorentzat bakarrik bizirik irautea irits dezagula,
Santa Gema Galganiren erakutsiak jarraituz.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
gaur Santa Gemaren jaia ospatzeko bildu gaituenok,
bedeinkatu, zaindu eta bere bakean sendo zaitzatela. E./ Amen.

Kristo Jaunak,
Santa Gemagan
Pazko misterioaren
indar berritzailea agertu digunak,
bere Ebanjelioaren benetako testigu egin zaitzatela. E./ Amen.

Espiritu Santuak,
Santa Gemagan Ebanjeliozko
karitate eredua eskaini digunak,
eman diezazuela bere grazia,
sinesmen eta maitasunezko batasuna
Elizan gehitzeko grazia. E./ Amen.

- Eta Jaungoiko Ahalguztidunaren
Aitaren, Semearen, eta Espiritu Santuaren
bedeinkapena jetsi dedila zuen gainera. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue