castellano euskera batua euskera bizkaiera

Santa MARIA GORETTI

Uztailaren 6a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Corinaldo-n (Italian) jaio zen, 1890. urteko urriaren 16an, familia behartsu baten. Bere haurtzaroa, neketsua benetan, Nettuno inguruan igaro zuen, eta bere zeregina amari etxeko arazoetan laguntzea izan zen; txikitatik agertu zen jainkozale, sarri otoitzera emana. 1902an, bere garbitasuna zaindu beharrak eraginda, hiltzea nahiago izan zuen pekatu egin baino: bere aurka eraso zuen gazteak azkena eman zion, burniziri batez heriotzaz zaurituz. Hil aurretik Mariak bere erasotzaileari parkatu zion. Pio XIIak kanonizatu zuen 1950. urtean. Pasiotarrak arduratu ziren bere beatifikazioaz, eta beraiek zaintzen eta zuzentzen dute arretaz Nettunoko santutegia eta bertan gordetzen diren bere gorputz-hondarrak.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Errugabetasunaren eta garbitasunaren iturri zaran Jauna,
zure zerbitzari Maria Gorettiri
gaztaro ederrean martiriza-grazia eman zenion;
emaiguzu, bere bitartez,
zure aginduak betetzeko sendotasuna,
hari bere sendotasunaren saritzat martiri-koroia eman zenion Horrek.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Hitzaren Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: 1 Korintoarrei 6, 13c-l5a. 17-20

"Zuen gorputzak Kristoren gorputz-atal dira"


Senideok:
Gorputza ez da haragikeriarentzat, Jaunarentzat baizik; eta Jauna gorputzarentzat. Jauna piztu zuen Jaungoikoak, piztuko gaitu gu ere bere indarrez.

Ez al dakizue, zuen gorputzak Kristoren gorputz-atal direla? Jaunarekin elkartzen dena, espiritu bat da Harekin.

Ihes egizue haragikeriatik. Gizonak egin dezakeen beste edozein bekatu, gorputzetik landa gelditzen da; baina haragikeria egiten duenak, bere gorputzean egiten du bekatu.

Edo-ta ez al dakizue zuen gorputza Espiritu Santuaren jauretxe dela? Zuengan bizi da Bera, Jaungoikoak emanda. Ez zarete zeuon buruaren jabe, garesti erosiak baizik. Goretsi ezazue, beraz, Jaungoikoa zuen gorputzarekin.



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 30, 3b-4. 6 eta 8. l6b-17

E/. Zu zera, Jauna, nire babesa.

Izan zakizkit harkaitz, ni gordetzeko,
gaztelu sendo, ni salbatzeko.
Zu bait zaitut harkaitz eta gaztelu,
zure izenagatik eraman nazazu eta gidatu. E./

Zure eskuetan uzten dut nire arnasa,
askatuko nauzu, Jauna, Jainko leiala.
Poztu eta alaituko naiz zure maitasunaz,
begiratu bait diozu nire zorigaitzari. E./

Atera nazazu etsaien eskutik,
aurrean narabiltenengandik.
Aurpegi argia erakutsi morroi honi,
salba nazazu zure errukiz. E./



Aleluia: St 1, 12

Zorionekoa probaldian sendo irauten duen gizakia!
Proba gainditu ondoren,
Bera maite duenei Jainkoak agindu dien
betiko bizia jasoko du sari.



EBANJELIOA: Joan 12, 24-26

"Gari-alea hiltzen bada, alea ugari ematen du"

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- ?Egi-egiaz diozuet: gari-alea lurrean erori eta hiltzen ez bada, bakar gelditzen da; baina hiltzen bada, alea ugari ematen du.

Bere bizia maite duenak galdu egingo du; eta bere bizia gorroto duenak mundu honetan, betiko bizitzarako gordeko du.

Nire zerbitzari izan nahi duenak, jarrai bezait; eta Ni naizen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari egiten dena, goratu egingo du nire Aitak?.

# # #
#
# # #

Jainko herriaren otoitza

Senideok: otoi dezaiogun Jaungoiko Aitari, Maria Goretti birjina eta martiriaren testigantzaz gure sinismena sendotzen digunari eta bere laguntzaz babesten gaituenari, eta bere herriaren eskariak entzun ditzala eska dezaiogun.

1.- Elizaren alde: gaiztakeriaren aurka sendo dezala, Ebanjelioaren aldeko testigantza beti ausardiaz emanez. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrialdeetako agintarien alde: haurtzaroan daudenen duintasuna zaindu eta zapalduta sentitzen diren ahur guztiak eten gabe babes ditzan; gizonen bihotz gaiztoz edo bizitzaren gogorkeriaz sufritzen dutenak Elizarengan aurki ditzatela laguntza eta babesa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gazte guztien alde: Jaungoikoa beren bizitzatik hurbil aurki dezaten eta bihotz zabalez erantzun dezaten beren kristau bokazioaren eskakizunen aurrean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Maria Goretti martiriaren bitartez, Jaunak bere bakez eta sendotasunez bete ditzala, bizitzako larritasunen eta tentaldien aurrean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkartu garan guztion alde: gure kristau sinismenak eta ebanjeliotik darion maitasunak eraginda, Jesukristo iragarri diezaiegun oraindik ezagutzen ez dutenei edo ezagutu ez balute bezala bizi direnei. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Jesukristo Gure Jauna, birjintasun bidea zuretzat aukeratu eta kastitatea maite duzuna, onar itzazu gure eskariak eta, santa Maria Goretti bitarteko dugula, emaizkiguzu eskatu dizkizugun ondasunak. Jaungoiko eta errege bizi zara ta gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Gure Jaun eta Jaungoiko,
atsegin bekizkizu
Maria Goretti martiri santuaren egun honetan
eskaintzen dizkizugun oparigaiok,
behinola bere martiritza aintzatsua izan zitzaizun bezala.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak ematea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen,
Zu Jaun hori beti gorestea,
nunahi eta beti Zuri eskerrak ematea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko Ahalguztidun betiko horri.

Maria Goretti martiri santuak,
Kristori jarraituz,
zure izena aitortzeko isuri duen odolak,
argi erakusten ditu zure miragarriak:
gure ahultasunean zure ahalmena agertzen duzu,
eta indartsu egiten indarrik gabea,
zure aitorle eta lekuko izan daiten,
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

Horregatik, zeruko talde guztiekin
lurrean beti eta beti goresten zaitugu,
Zuri Jaungoiko guztiz haundi Horri,
eten gabe (esanez) kantatuz:

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen ondorengo hitza

Jaungoiko gure Jauna,
Maria Goretti santua zure santuen artean
sartzea nahi izan duzu,
martiritzaren eta birjintasunaren koroi bikoitzaren edertasunez;
emaguzu, arren, hartu dugun sakramentuaren indarrez,
gaizkiaren indarra menpera dezagula
eta horrela zeruko aintza iristea.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
gaur Santa Maria Gorettiren jaia ospatzeko bildu gaituenok,
bedeinkatu, zaindu
eta bere bakean sendotu gaitzala. E./ Amen.

Kristo Jaunak,
Santa Maria Gorettirengan Pazko misterioaren
indar berritzailea agertu digunak,
bere Ebanjelioaren benetako testigu egin gaitzala. E./ Amen.

Espiritu Santuak,
Santa Maria Gorettirengan ebanjeliozko
karitate eredua eskaini digunak,
eman diezagula bere grazia,
sinismen eta maitasunezko batasuna
Elizan gehitzeko grazia. E./ Amen.

Eta Jaungoiko Ahalguztidunaren
Aitaren, Semearen, eta Espiritu Santuaren
bedeinkapena jatsi dadila zuen gainera. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue