castellano euskera batua euskera bizkaiera

JESU KRISTO GURE JAUNAREN PASINOAREN OROITZAPENA

(Hausterre eguna baino lehenagoko barikua)

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Gure aita san Paulo Kurutzekoak, 1758ko irailaren 27ko eskutitz baten, Pasinoko Jaiaren Ofizioa aldatu eiela eskatzen eutsan hainbat erlijiosori. Aita Tomas Struzzieri izan zan testua idatzi ebana. Klemente XIV.a aita santuak ospakizuna Eleiza osora zabaldu gura izan ebalako atzeratu egin eban testuen onespena. 1776ko urtarrilaren 10ean heldu zan onespen hori. Gure aita hilda egoan ordurako.

Nekaldiko misterio osoa bere zabaltasun handienean hartzen dau jai honek, Jesu Kristok bere Aitaren nahia betetako jasan ebazan oinaze-minen orokortasuna emon gurean ospakizunari. Hiru helburu lortu gura dira:

  • Jaungoiko Aitaren salbamen ekintza ospatzea, berak gure erredentzinoa kurutzeko heriotzaz bete eian bialdu ebalako bere Seme bakarra.

  • Guri maitasunaren goi-goiko ezaugarri honen gelditu bako oroitzapena egiten laguntzea.

  • Gu lekuko eta kide izatera bultz egitea, erredentzinoaren fruituak gizon-emakume guztiak jaso daiezan.

    Liturgia jaiburu honek, "Jaungoiko maitasunaren ekintza bikainena" (Lett. II, 499) Eukaristiako oparia barritzean eta ospatzean, Pasinoko Kongregazinoak Jaunaren pasinoko misterioagaz daukan batasuna adierazoten eta erakusten dau.

  • # # #
    #
    # # #

    Mezako otoitza

    Jaungoiko ahalguztidun betikoa,
    Jesu Kristo gure Salbatzailea,
    gizon egina eta kurutzeko heriotzaraino apaldua,
    gizon-emakumeoi jarraibide emon deuskuzuna;
    emoiguzu haren Pasinoaren Oroitzapena egiten dogunoi
    maitasunaren ezaugarri nagusi hau
    beti gogoan izatea,
    haren biztuerako aintzan parte izan daigun.
    Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

    # # #
    #
    # # #

    Berbearen Liturgia

    1. IRAKURGAIA: Isaias 53, 1-12

    "Gure pekatuakaitik alderik alde zulotua"

    Nork sinistu dau guk esandakoa? Nori agertu jako Jaunaren besoa? Kimua bezela hazi zan haren aurrean; zuztarra lur lehorrean bezela, ederrik eta giza antzik barik ikusi genduan eta itxura atseginik barik, barregarri eta gizonetan azkenengo, oinaze-gizon egina, nekeen barri dakiana, ez-ikusi egiten jakenetakoa; madarikatua eta baztertua.

    Gure nekeak hartu zituan harek eta gure minak eroan. Legenardun moduan geunkan, Jaunak jota eta lotsatuazota. Gure pekatuakaitik alderik alde zulotua; gure gaiztakeriakaitik txikitua. Haren gainera jausi zan, guri bakea emoten deuskun zigorra; haren zauriak osatu gaitue.

    Gu danok, ardi galduak ginan, bakoitza bere bidetik; eta Jaunak haren gainean ezarri zituan gu guztion gaiztakeriak. Txarto erabilen, baina bera makurtu egin zan; eta ez eban ahorik zabaldu. Harategira daroen bildotsa bezela, ule moztaileen aurrean ardia bezela, isilik egon zan, ahorik zabaldu barik. Zuzen bako auzitan galdu eben.

    Nork hartu eban aintzakotzat haren etorkizuna? Bizidunen lurretik kendu egin eben; nire herriaren pekatuakaitik hil eben. Gaizkileen artean lur emon eutsien, eta pekatariakaz haren hilobia; nahiz-eta berak bidebakokeriarik ez egin, eta haren ahotik guzurrik ez jalki. Jaunak nekeetan lehertu gura izan eban. Bere bizia ordain emoten badau, izango dau osteko ugari, luzatuko jakoz egunak, beteko da Jaunaren nahia haren bitartez. Bere oinazeen sari, ikusiko dau argia eta asetuko da. Jasan dauanaren bidez, nire zerbitzariak zuzentasuna emongo deutso askori, hareen hutsegiteak bere gain hartuz. Horregaitik jendetzak emongo deutsadaz nik bere parte, giza taldeak izango ditu harrapakin; heriotzara emon ebalako bere burua, eta pekataritzat hartu ebelako. Bere gain hartu zituan askoren hutsegiteak, eta bitarteko izan zan ekatarientzat.



    ERANTZUN SALMOA: Sal 21, 8-9. 17-18a. 19. 20. 23

    E./ Kristoren Nekaldia bego beti gure bihotzetan grabatua.


    Ikusten nabenak hoantxe hasi jataz barreka,
    ezpain-keinu eta buru eraginda:
    "Jaunagan dau usteon, salbatu bei;
    maite badau, onik atara bei". E./

    Txakur taldeak nauka inguratuta,
    gaizkile sailak erdian hartuta.
    Esku oinak zulotu deustiez,
    hazur guztiak bat banatu daikedaz.
    Nire jantziak berentzat banatzen dabez,
    nire soinekoa zotz egiten dabe. E./

    Zu, ostera, Jauna, ez egon urrun,
    zu, nire indar, zatortaz bizkor nire lagun.
    Nire senideei zure izena deutset iragarriko,
    batzarraren erdian zaitut goretsiko. E./


    2. IRAKURGAIA: 1 Korintokoei 1, 18-25

    "Guk Kristo kurutzeratua predikatzen dogu"

    Senideok:
    Kurutzearen mezua, galtzen diranentzat, zorakeria da; salbatzen diranentzat, ostera, guretzat, Jaungoikoaren indarra. Idatzita dago, izan be: "Hondatu egingo dot jakintsuen jakinduria, eta huts bihurtuko dot adituen adimena". Zertan dira jakintsuak, ikasiak, mundu honetako gauzetan adituak? Jaunak ez ete dau zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria?

    Begiratu, Jaunak bere jakinduria agertu dauanean, gizakiak ez dira gauza izan euren jakinduriaz Jaungoikoa ezagutzeko; horregaitik, Jaunak, guk iragarten dogun zorakeriaren bidez salbatu gura izan ditu fededunak.

    Juduak ezaugarri eske dabilz; greziarrak, jakinduria bila; guk, barriz, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu, juduentzat oztopoa dana eta greziarrentzat, zorakeria; baina deituentzat -nahiz judu izan, nahiz greziar- Jaunaren indar eta Jaunaren jakinduria. Jaungoikoaren zorakeria gizakiak baino jakintsuagoa dalako; eta Jaungoikoaren ahulezia gizakiak baino indartsuagoa.



    Aleluia: Is 53, 7

    Agur, gure Errege, Aitaren esaneko:
    kurutzera eroana izan zara,
    hiltegira bildotsa bezela.



    EBANJELIOA: Joan 19, 17-30

    "Jesusek, burua makurturik, azken arnasea emon eban"

    Aldi haretan, hartu eben Jesus, eta, kurutzea sorbaldan eroiala, "Burazur" (hebreeraz, barriz, Golgota) izeneko lekura eroan eben. Han josi eben kurutzean; eta haregaz batera beste bi, bata alde batetik, eta bestea bestetik, eta erdian Jesus. Kurutze buruan idazkun bat ipinteko agindu eban Pilatok; honantxe inoan idazkiak: "Jesus Nazaretarra, juduen erregea".

    Judutar askok irakurri eban idazkuna, uritik hur egoalako Jesus kurutzean jositako lekua, eta idazkuna hiru hizkuntzatan idatzi ebelako: hebreeraz, latinez eta grekoz. Judutarren abade nagusiak, orduan, honantxe esan eutsien Pilatori:
    - "Ez ipini "Juduen erregea", "Honek esan dau: Juduen erregea naz" baino".

    Baina Pilatok:
    - "Idatzi dot, eta idatzita dago".

    Gudariak, Jesus kurutzean josi ebenean, haren jantziak hartu eta lau zati egin ebezan, gudari bakoitzarentzat zati bana; soinekoa, barriz, itzi egin eben. Jostura bakoa zan, goitik behera guztiz ehoa. Eta alkarri esan eutsien:
    - "Ez daigun zatitu; zotz egin daigun, ea nori toketan jakon".

    Holantxe bete zan Liburu Santuak dinoana: "Nire jantziak eurentzat banatu ebezan, eta nire soinekoa zotz egin eben". Hori egin eben gudariak.

    Jesusen kurutzearen oinean egozan: bere ama, amaren ahiztea, Kleofasen Maria, eta Maria Magdalena. Jesusek bere ama ikustean eta, han bertan, berak hain maite eban ikaslea, honan esan eutsan amari:
    - "Andrea, horra hor zure semea!".

    Eta gero ikasleari:
    - "Horra hor zure ama!".

    Eta harrezkero, ikasleak bere etxean euki eban Ama.

    Gero, Jesusek, dana bete zala ezaguturik, Liburu Santua bete eitean, honantxe esan eban:
    - "Egarri naz".

    Bazan han ozpinez betetako pitxar bat. Eta ozpinetan bustitako belaki bat kanabera puntan lotuta, ezpainetara emon eutsien. Ozpina hartuta, honan esan eban Jesusek:
    - "Bete da guztia".

    Eta, burua makurturik, azken arnasea emon eban.

    # # #
    #
    # # #

    Jaungoiko herriaren otoitza

    Senideok: jarri daigun gure begiradea kurutzean jasota dagoan Jesusengan, honengan sinisten dabenei betiko bizitza emoteko jarrita dagoalako, eta eskatu deiogun Jaunari alkarren alde:

    1.- Munduaren Askatzaileak indartu daiala salbamenaren sakramentua dan Eleizea, eta honek iragarri deiela herri guztiei Jesu Kristoren heriotzea eta biztuerea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

    2.- Munduaren Salbatzaileak sendotu daizala oinazeak, gaixotasunak eta baztertuak izatearen esperientzia bizi daben guztiak, eta erakutsi deigula guri hareen sufrimenduakaz bat egiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

    3.- Munduaren Salbatzaileak eroan daizala alkartasunaren eta bakearen bideetatik herri guztiak eta hareetako agintariak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

    4.- Gugaitik nekaldia eta heriotzea jasan zituan munduaren Salbatzaileak emon deiela gure egunetako gizakiei Kristoren Pasinoan Jainko maitasunaren ekintza handiena aurkitzea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

    5.- Pasiotar familia Kurutzeratuaren oinazea eta heriotzea kontenplatuz bizitera deitu dauan munduaren Salbatzaileak, emon deela kide guztiei Pasinoaren fruituak ugari jasotea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

    OTOITZA: Jaungoiko ahalguztidun betikoa, zure Semearen Pasinoaz mundua salbatu gura izan dozu, onartu gure eskariak, eta emoiguzu Jesu Kristok bere heriotzan erakutsi deuskun maitasuna ezagutu dogunoi haren kurutzeko fruituak bete-betean gozatzea. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

    # # #
    #
    # # #

    Opagaien gaineko otoitza

    Begiratu ondo gurean, Jauna,
    hemen aurkezten deutsuguzan dohainak
    eta egizu zure zerbitzuan leial iraun gura dogunok
    alkartu gaitezala zure Seme Kristoren oparira,
    munduaren erredentzinorako eskeini eban-eta.
    Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

    # # #
    #
    # # #

    Eskerrak emotea - Prefazioa

    "KRISTOREN NEKALDIA,
    JAUNGOIKO MAITASUNAREN EKINTZARIK HANDIENA"



    V./ Jauna zuekin.
    E./ Eta zure espirituarekin.

    V./ Gora bihotzak.
    E./ Jaunagan daukaguz.

    V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
    E./ Egoki da eta zuzen.

    Egoki eta bidezko da, bai,
    zuzen eta osasungarri,
    guk zuri, Aita on
    eta Jainko ahalguztidun eta betiko horri,
    eskerrak emotea nonahi eta beti.

    Zure Seme Jesu Kristo gure Jauna
    gure antzeko egiteraino maite izan dozulako mundua.
    Eta harek, gu azkenera arte maitatuz,
    bere gogoz jasan eban kurutzeko heriotzea.

    Eta oinaze handienetan zala,
    parkamena eskatu eutsun hiltzaileentzat,
    eta bere Ama, ama egin guretzat.

    Bere arima zure eskuetan ipiniz,
    egin eban kurutzeko eskeintzea
    eta, bere biztuerearen indarraz
    guri betiko bizitza eskuratuz,
    erakutsi guganako zuen erruki neurribakoa.

    Salbamen misterio honegaitik aingeruak dira pozten
    eta eten barik zure aurpegiaren aintza dabe gurtzen.
    Itzi guri be hareen ahotsakaz alkartuta
    alaitasun bardinez zuri kantatzen:

    Santu, santu, santua...

    # # #
    #
    # # #

    Jaunartzearen osteko otoitza

    Jauna,
    Pasinoko Oroitzapen nagusi honetan
    zure erredentzinoaren sakramentuetan parte hartzea emon deuskuzu,
    garbitu gaizuz eta egizu gai izan gaitezala
    zure Seme Jesu Kristoren nekaldiari falta jakona
    Eleizearenganako maitasunez gugan osotzeko.
    Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

    # # #
    #
    # # #

    Bedeinkapena

    Jaungoiko errukitsuak,
    bere Semearen nekaldiaren bidez
    gizadiaren erredentzinoa bilatu ebanak,
    osotu daizala zuen bizitzak
    Kristo kurutzeratuaren irakatsiak kontuan hartuta
    eta isuri daiala zuengan
    bere bedeinkapen ugaria. E./ Amen.

    Emon deizuela,
    san Paulo Kurutzekoaren gidaritzapean,
    maitasunaren ekintza handiena hausnartuz,
    alkarregaz batuta irautea,
    eta eroan zaiezala, gatx guztietatik zaindurik,
    santutasunaren gailurrera. E./ Amen.

    Emon deizuela,
    Jaunaren nekaldia biziten eta zabaltzen
    ahalegintzen zarienoi,
    Salbamenaren misterioan parte hartzea
    eta bere aintzaren oinordeko kide izatea. E./ Amen.

    Bedeinkatu zagiezala
    Jaungoiko ahalguztidunak:
    Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E/. Amen.

    # # #

     

    Iruzkinak >> 


     

    Jatorria - Bidea

     
     
    #
    # # #
    Un caminar
    # # #
    bidean@bidean.net
    orue