castellano euskera batua euskera bizkaiera

Andre Maria, ITXAROPEN Santuaren AMA

Uztailaren 9a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

"Itxaropen Santuaren Ama" izenez, Andra Mariaganako eraspena Nekaldiko Kongregazinoan bere hasieratik da ezaguna. Bere eragile nagusi lez Tomas Strutzzieri misiolari entzutetsua izan zan, geroago gotzain mailara jasoa. Misino Santuetara beti eroaten eban aldean eraspen honetako Andra Mariaren irudia.

Geroago baten, irudi hori sailean ugaritu zan, eta gure erlijiosoen geletan jarri eben, euren begi-bihotzak Beragana zuzendu egiezan, espirituzko beharrizanetan bere laguntza eskatuz. Holan Itxaropen Santuaren Andra Maria Birjina bihurtu zan guztien eredu eta geure itxaropenaren eusgarri sendoa. Andra Mariak agertzen eta erakusten dauan itxaropenaren iturburu, Ume Jesusek eskuan daukan Kurutzea da, bertan bere heriotzarainoko maitasunaren ezaugarri.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Gure Aita-Ama Jaungoikoa,
Andra Maria, Itxaropen Santuaren Ama izenez
ospatzea emon deuskuzu;
emoiguzu, bere bitartez,
gure itxaropena goiko ondasunetan jarri dagigula,
gure lurreko bizitzaldian geure egitekoa bete ondoren,
jasoko doguzala sinismenez itxarotera konbidatzen gaitu eta.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Sirak liburutik 24, 9-12. 19-22

"Ni naz itxaropen santuaren ama"


Denporea hasi aurretik sortu ninduan Jainkoak
eta izateari ez deutsot inoiz itziko.
Haren aurrean ihardun izan dot
egoitza santuan kultugintzan
eta holan finkatu naiz Sion mendian.
Uri maitean emon deust atsedenleku
eta Jerusalenen dot neure aginpidea.
Herri ospetsuan bota ditut sustraiak,
Jaunaren sailean dago nire ondarea.
Ni naz maitasun garbiaren, bildur santuaren,
ezagutzaren eta itxaropen santuaren ama.
Nigan dago bidearen eta egiaren grazia,
nigan bizitzaren eta onbidearen itxaropen betea.
Etorri nigana irrikatzen nozuenok,
eta ase nire emaitzez.
Eztia baino gozoago da nitaz gomutatzea,
abaraska baino gozoago ni ondaretzat hartzea.
Jaten nauenak orduan eta goseago izaten dira nitaz,
edaten nauenak orduan eta egarriago.
Nire esana egiten dauanak ez dau porrot egingo,
nigaz diharduanak ez dau pekaturik egingo.



ERANTZUN-SALMOA: Lk 1, 46-48a. 48b-49. 50-51. 52-53. 54-55

E/. Agur Maria, gure itxaropen.

Haundiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat neure barrua;
Jainkoa da-ta nire salbamena,
ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna. E./

Dohatsu deituko deuste gaurdanik gizaldi guztiak,
haundiak egin deustazalako Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia gizaldiz gizaldi,
bildur deutsoenakana. E./

Bere besoaren indarra erabili dau,
buru-harroak hondatu ditu;
bota ditu euren aulkitik haundikiak,
eta gora jaso ditu ezerezak. E./

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
errukia gogoratu jakola;
gure gurasoei halan eutsen berbea emona,
Abrahani eta ondorengoei betiko esana. E./



Aleluia

Ama deuna eta Birjina orbanbakoa,
munduko Erregina goralgarria,
otoi gure alde, aukeratu zinduzan Jaunaren aurrean.



EBANJELIOA: Joan 2, 1-11

"Eta Jesusen Ama han zan"

Aldi haretan, ezteguak ziran Galileako Kanan, eta Jesusen Ama han zan. Jesus ere deitua izan zan, bere ikasleakaz. Ardaoa amaitu zan, eta esan eutson Jesusi bere amak:
- «Ez dauke ardaorik».

Eta Jesusek erantzun:
- «Eta guri zer ardura deusku, emakume? Nire ordua ez da oraindino etorri».

Orduan, amak morroiei:
- «Egizue Berak esaten deutsuena».

Harrizko sei ontzi egozan han, judeguen ohituraz eskuak garbitzeko ipinita, ontzi bakotxa ehunen bat litrotakoa. Jesusek esan eutsen:
- «Bete egizuez ontziak urez».

Eta hareek goraino bete ebezan. Jesusek barriro:
- «Atara orain, eta eroan mahai-zainari».

Eta hareek eroan eutsoen. Probau eban mahai-zainak ardao bihurtutako ura, nondik ekarren jakin barik (morroiak, bai, baekien, eurak atara ebelako); orduan, ezkonbarriari deituta, esan eutson:
- «Ardao ona guztiak hasieran ataraten dabe; eta edanda dagozanean, orduan txarra. Zuk, ostera, oraintxe arte gorde dozu ardao ona».

Holan, Galileako Kanan egin zituan Jesusek bere lehenengo ezaugarriak; bere aintza agertu eban, eta sinistu eben Haregan bere ikasleak.

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Dana ahal dauan eta hain maite gaituan Aitaren eskuetan gure otoitzak itziz agertzen dogu Beragan dogun uste osoa. Eta hau Andra Maria bitarteko dogula egiten dogu.

1.- Mundu zabalean dagoan Eleizearen alde: munduaren aurrean Kristogan dauan segurtasunaren testigantza emon dagian, eta guztientzat itxaropen iragarle izan dedin. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako gobernarien alde: euren erantzukizunez ondo jabetu daitezan, herrien arteko hartuemonak zuzendu dagiezan eta bake zuzenaren segurtasuna lortu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gogo oneko gizon-emakume guztien alde: gizarteko ingurugiroa egokitzen ahalegindu daitezan, guztien alkarbizitza bakean eta anaitasunean garatu daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixorik eta sufritzen dagozan guztien alde: oraingo eta geroko bizitzaren itxaropen sendoz eutsita sentidu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jaunaren Berbeak argituta eta Mariaren ereduz bixkortuta, kristau itxaropenez bizitzea lortu dagigula, ingurukoei bihotz onez komunikatuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Zure bihotz samurrez onartu, arren, Jauna, gure itxaropena dan Mariaren bitartez egin deutsuguzan eskariak. Jesukristo gure Jaunaren izenean. AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Entzun, arren, Jauna, zure herriaren otoitza
eta onartu egiten deutsun eskeintza,
zure Semearen Ama bitarteko dogula,
gure gurariak aintzat hartuak
eta gure eskariak entzunak izan daitezan.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen,
nunahi eta beti gorespenik ederrenez Zu gorestea,
Aita Santu betiko Hori,
Zuk esku zabalez emon zeutson munduari
Salbamenaren Egilea dan Jesukristo,
eta baita Maria ere goi itxaropenaren eredutzat.

Izan ere, zure mirabe apala oso-osoan emon jatzun:
zure Berbea sinistuz,
Gizasemea sortu eta haragi bihurtu eban,
profetak iragarri ebenez;
eta, salbamen egintzari betean emona izan zan,
gizaki guztien ama egina.

Baina, bera, berreroskundearen lehen frutua zanez,
Adanengandiko seme-alaba guztien arreba ere bada,
askatasun beterako bidean,
Maria bera dabelako itxaropen sendo eta poz betea,
Jaunaren egun zoriontsua argitu arte.

Horregaitik,
aingeru talde guztiekin batera,
poz betean abesten deutsugu.

Santu, Santu, Santu...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Salbamen eta sinismen sakramentuz janarituta,
uste onez beterik eskatzen deutsugu gure Aita eta Jaun horri,
Andra Maria, Itxaropenaren Ama maitasunez gogoratzen dogularik,
Beragaz batera gozatu dagigula zure Jainko maitasuna.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko Jaunak, bere ardura maitekorrez
mundua Birjina Mariaren erraietako frutu ederrez
Salbatzea gura izan ebanak,
bete zagiezala bere bedeinkapenez. E/. Amen.

Ama Birjinaren laguntza izan dagizuela beti,
bizitzaren Egilea beragandik hartu dozuenok. E/. Amen.

Eta zuoi guztioi,
gaur Mariaren jaieguna gogo beroz ospatzera
hemen alkartu zareenoi,
Jaunak Espirituaren poza eta bere Erreinuko ondasunak
ixuri deizuezala. E/. Amen.

Eta Jaungoikoa ahalguztidunaren,
Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren
bedeinkapena jatsi dedila zuen gainera. E/. Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue