castellano euskera batua euskera bizkaiera

ISIDORO DE LOOR Dohatsua

Urriaren 6a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Isidoro Loor, pasiotarren artean "San Joserena" deitua, 1881. urtean jaio zan, Vrasenen, Flandes sortzaldean, Gent eleizabarrutian. Nekazarien seme, gustura lan egin eban labrantzan eta bertan lan egin eban, arik eta, 26 urteko zala, Ere-ko pasiotarren nobiziadu etxean anai laguntzaile lez sartu arte. 1908. urteko irailaren 13an egin eban erlijioso profesa; handik aurrera, bere Anai laguntzaile izateari egokiozan mota askotako zerbitzu apaletan emon eban bere bizitza han-hemengo alkarteetan, beti ere, Pasiotarren bizitzaren oinarri diran otoitzari eta penitentziari gogo-bihotzez emona. Haunditsu batek jota eukan eskumako begia galdu eban 1911. urtean. Bere bizilagunen eta gainerako ezagunen aurrean emondako ezaugarriak nabarmenak izan ziran: karidadea eta xumetasuna, lanean zintzotasuna eta otoi zaletasuna. Pleuritis eta minbiziak oinazemin gorriak sufriduazo eutsoezan hilabete osoan. 1916. urteko urriaren 6an hil zan 35 urtekoa zala, eta hareetatik 8 erlijioso-bizitzan. "Anai laguntzaile ona" eta "Jaungoikoaren borondatearen anaia" goitizenez deitua izan zan. Joan Paulo II. Aita Santuak beatifikatu eban 1984ko irailaren 30an.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jaungoiko gure Jauna,
Isidoro Dohatsuaren apaltasunean eta zerbitzuan eukan fintasunean,
Kurutzearen kerizpean eroandako
biziera ezkutuaren eredua emon deuskuzu;
egizu gure eguneroko lana Zuretzat otoitz-lurrun
eta anaientzat maitasun-zerbitzu izan dedila.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: 1 Joan 4, 7-16

"Alkar maite badogu, Jaungoikoa geugaz dago,
eta Haren maitasuna bere betera heldu da gure artean"



"Senide maiteok: Maitatu daigun alkar, maitasuna Jaungoikoagandik datorrelako, eta maite dauan guztia Jaungoikoagandik jaioa da eta ezagutzen dau Jainkoa. Maite ez dauanak ez dau ezagutzen Jainkoa, Jaungoikoa maitasuna da-ta.

Jaungoikoak deuskun maitasuna honetan agertu zan: Jaungoikoak bere Seme bakarra bialdu ebala lurrera, gu Haren bidez bizi gaitezan. Maitasuna badala, honetan agertzen jaku: ez geuk Jainkoa maite izan dogulako, Harek gu maite izan gaitualako baino, eta bere Semea gure pekatuen bake-opari bialdu ebalako.

Senide maiteok: Jaungoikoak gu hain maite izan bagaitu, geuk ere alkar maitatu behar dogu. Jaungoikoa ez dau inok inoiz ikusi. Alkar maite badogu, Jaungoikoa geugaz dago, eta Haren maitasuna bere betera heldu da gure artean.

Honetan ikusten dogu Beragaz gagozana eta Bera gugaz: Bere Espiritutik emon deuskulako. Guk ikusi eta autortzen dogu Aitak Bere Semea bialdu ebala munduaren Salbatzaile. Norbaitek autortzen badau Jesus Jaungoikoaren Semea dala, Jaungoikoa haregaz dago, eta bera Jaungoikoagaz.

Guk ezagutu dogu eta sinistu Jaungoikoak deuskun maitasuna. Jaungoikoa maitasuna da, maitasunean dagoana Jainkoagaz dago eta Jainkoa haregaz".



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 132, 1. 2. 3

E/. Poztasunean alkartzen gaitu Jainko maitasunak.

Bai eder dela, bai gozo,
senideak elkarturik bizitzea! E./

Gantzuketako orio bikaina bezala da,
buruan isuri eta bizarrean behera,
Aaronen bizarrean behera,
soinekoraino jasten dan orio lurruntsua bezala. E./

Sion mendira jasten dan iruntza bezala,
Hermon mendian baizen ugari.
Sionen emoten dau Jaunak bedeinkazinoa:
bizia betiko! E./



Aleluia

Ikusten dauan senidea maite ez dauanak,
ezin maitatu ikusten ez dauan Jainkoa



EBANJELIOA: Joan 15, 1-8

"Neu naz mahatsondoa, eta zuek aihenak"


Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- "Neu naz benetako mahatsondoa, eta nire Aita mahastizaina. Nigan fruturik emoten ez dauan aihena, ebagi egiten dau; eta frutua emoten dauan guztia, inausi, frutu gehiago emon dagian. Zuek, bai, garbi zagoze, Nik adierazo deutsuedan berbeari esker. Zagoze Nigan eta Ni zuokan. Aihenak ezin daike berez fruturik emon, mahatsondoan ez badago; ezta zuok ere, Nigan ez bazagoze.

Neu naz mahatsondoa, eta zuek aihenak. Nigan dagoanak, eta Ni haregan, frutu asko emoten dau. Ni barik ezer ez dozue egin eta. Nigan ez dagoana, aihena lez kanpora botaten dabe, eta igartu egiten da; gero batu eta surtara botaten dabez, eta erre egiten dira.

Nigan bazagoze, eta nire berbak zuekan badagoz, eskatu egizue nahi dozuen guztia, eta izango dozue. Honexek goratzen dau nire Aita: zuok frutu ugaria emoteak; holan nire ikasle izango zaree".

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Isidoro de Loor dohatsua lagun hartuta, eskatu deiogun Jaunari, Jesukristoren presentzia geure eguneroko bizitzaren apaltasunean ezagutu eta estimatzen lagundu deiskula.

1.- Gizaki guztien alde, Jaungoikoak bere Semearen nekaldian eta heriotzan agertu deuskun maitasuna meditatzen ikasi dagien, eta Isidoro anaiak lez, behar dan erantzuna emoten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Erlijiosoen alde, Jesukristori deutsoen maitasunak Ebanjelioaren testigu biziak eta benetako zerbitzariak egin dagizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixoen alde, Jaunak gorputzeko sendotasuna emon deioela, arimako bakea, sufrimentuen aurrean eroapena eta osasunbidea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Hemen alkartu garanon alde, gizaki guztienganako edegitasuna eta onarpena ebanjelioaren bidekoa izan dedin, norkeri eta interes guztien gainetik. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristian parte hartzen dogun guztion alde, gure bizitzan Jaungoikoaren borondatea bilatzeko eta beteteko behar dogun adorea izan dagigun, beti Jaunagan uste osoa jarriz, Isidoro dohatsuaren antzera. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Ontasun iturri zaitugun Aita Jaungoikoa, Isidoro dohatsua beti ahalegindu zan zure borondate santua bilatzen eta beteten. Onartu egizu, arren, zure zerbitzariaren gure aldeko otoitza. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onartu egizu, Jauna,
guk, zure zerbitzariok altarean
aurkezten deutsuguzan dohaiok,
Isidoro dohatsuaren jaia ospatzean;
emoiguzu, munduko eragozpen guztien gainetik,
Zeu izan zaitezala gure ondasuna.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zu, Jauna, zeruko eta lurreko izakiak
beti gorestea,
eta zeruetako erreinuagaitik
Kristori eskeiniak izan diran santuak gogoratuz,
zure asmo ederrak ospatzea.

Eurakan berreskuratzen dau gizakiak
Zugandik hartu eban hasierako santutasuna,
eta hemen lurrean gozaten ditualarik
gero zeruan betean izango dituanak.

Horregaitik,
aingeru eta santuekin batean
goresten zaitugu eten barik abesten dogula.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Jauna,
Sakramentuaren grazia lagun,
eta Isidoro dohatsuaren antzera,
arren, eskatzen deutsugu
zeure maitasunean gorde gaizuzala
eta bere betetasunera eroan daizula
gugan hasi dozun egintza, Kristo etorri arte.
Gizaldirik gizaldi errege bizi da ta. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
Isidoro de Loor dohatsuaren jaia ospatzeko
hemen alkartu gaituanak
bedeinkatu, zaindu eta bere bakean sendotu zagiezala. E./ Amen.

Kristo Jaunak,
Isidoro de Loor dohatsuagan
pazku misterioaren indar barritzailea agertu dauanak,
bere Ebanjelioaren testigu zintzoak egin zagiezala. E./ Amen.

Espiritu Santuak
Isidoro de Loor dohatsuagan
Ebanjeliozko karidade eredua eskeini deuskunak,
emon deizuela Eleizan sinismen eta maitasunaren
benetako batasuna gehitzea. E./ Amen.

Eta bedeinkatu zagiezala
Jaungoikoa Ahalguztidunak,
Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue