castellano euskera batua euskera bizkaiera

KARLOS HOUBEN Deuna

Urtarrilaren 5a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Andres deunaren san Karlos (Joan Andres Houben) Munstergeleen-en (Holanda) jaio zan 1821ko abenduaren 11n. Bere bizitza Jainkoari eskeintzeko erabakia hartu ondoren, Ere-ko (Belgika) Pasiotarren nobizio-etxera joan zan 1845ean eta 1846ko abenduaren 10ean boto erlijiosoak egin ebazan. 1850eko abenduaren 21ean abade ordenatua izan ondoren, 1852an Ingalaterrako Pasiotarren fundazino barrira bialdu eben. Hilbarria zan hemen Domingo Barberi dohatsua, senide bananduak fede katolikora erakarteko hain lan handia egin ebana.

San Karlos Houben-ek ere, Ekumenismoaren apostolu izan zan Domingo dohatsuaren bidea jarraituz, gogotik lan egin eban arimen onerako eta Eleizearen batasunerako, lehenengo Ingalaterran eta gero Irlandan. Hemen hil zan santutasun ospe haundiagaz 1893ko urtarrilaren 5ean, Jaunaren Agerkunde bezperan.

Kurutzeko san Paulo Sortzailearen eta lehenengo Pasiotarren antzera, barru bizitza haundiko gizona, predikuan baino gehiago nabarmendu zan bedeinkapenen eta autortzen apostolutzan. Joan Paulo IIak 1988ko urriaren 16an dohatsu autortu eban, eta Benedikto XVI. aita santuak 2007ko ekainaren 3an kanonizatu.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko Jauna,
zeuk emon zeuntson Andres deunaren san Karlos abadeari
besteen onerako bizitzea
eta erru eta sufrimentuak zapalduak zeureganatzeko indarra;
emoiguzu guri ere,
hari jarraituz,
eten barik gure senideak salbamen bidera
erakartzen ahalegintzeko argia eta laguntza.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Isaias 58, 6-11

"Emon zeure ogitik gose danari"


Isaias Profetaren liburutik

Hauxe dino Jaunak:
"Hauxe da Nik maite dodan baraua:
eten bidebako kateak,
askatu buztarrien edeak;
itzi libre menpekoak,
apurtu buztarri guztiak;
emon zeure ogitik gose danari;
etxean hartu aterpe bako behartsuak;
jantzi bilusik dagoana,
eta ez bazterrera itzi zeure hurkoa.

Orduan, zure argia
egun-sentia lez zabalduko da,
eta zure osasuna berehala erneko,
aurretik joango jatzu zuzentasuna,
eta atzetik, Jaunaren aintza.
Orduan, zuk hots egin, eta Jaunak erantzungo deutsu;
zuk deadar egin, eta Harek honan erantzungo:
"Hemen naukazu".

Buztarria joteko kinuak eta asmo txarrak
zeure ingurutik aldentzen badozuz,
gose danari zeure ogitik emoten badeutsazu,
eta behartsuari jaten,
zure argia ilunpetan zabalduko da,
eta zure ilunaldia eguerdi bihurtuko.
Atseden luzea emongo deutsu Jaunak,
basamortuan aseko zaitu,
zure azurrak sendotuko ditu;
urez asetutako baratza lez izango zara,
agortzen ez dan iturria lez".



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 111, 1-2. 5-6. 7-8. 9

E/. Zorionekoak errukitsuak, honeek lortuko dabe-eta errukia.

Dohatsu, Jaunaren bildur dan gizona,
Haren aginduak oso maite dituana.
Ahaltsu izango da lurrean haren hazia,
zintzoen ondorengoa onetsia. E./

Zorionekoa, errukitu eta emon egiten dauan gizona,
bere gauzak zuzen atontzen dituana.
Ez da kili-kolo ibiliko behin ere,
haren gomuteak iraungo dau betiere. E./

Barri txarrak ez dau bildurtzen,
bizkor dau bihotza Jaunagan itxaroten.
Sendo dauka bihotza bildurrik bage,
bere arerioak lotsaz ikusi arte. E./

Zabaltzen deutse eta emoten behartsuei,
beti irautekoa da haren esku zabala,
ospez jagiko da haren ahalmena. E./



Aleluia

Agindu barri bat emoten deutsuet:
alkar maitatu dagizuela, nik maite izan zaituedan lez.



EBANJELIOA: Lukas 6, 27-38

"Izan zaiteze errukiorrak, zuen Aita errukiorra dan lez"


Aldi aretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- "Hauxe dinotsuet Nik entzuleoi: maitatu egizuez zuen arerioak; egin on, gorroto deutsuenei; bedeinkatu, madarikatzen zaituenak; egin otoitz, txarto esaten deutsuenen alde.
Matraila baten joten zaituanari, eskeini egiozu bestea ere; eta zure soin-gainekoa kentzen deutsunari, ez ukatu jantzia.
Eskean datortzunari, emoiozu; zeurea kentzen deutsunari, ez bihurtuazo, egin besteei, eurak zeuoi egitea nai zeunkeen lez. Maite zaituenak maite izanik, ze esker on zor jatzue? Pekatariak ere maite dabez euren maitatzaileak. Eta on egiten deutsuenei on eginik, ze esker on zor jatzue? Pekatariak ere egiten dabe beste horrenbeste. Ordaina hartzekotan aurreraturik, ze esker on zor jatzue? Pekatariak ere aurreratzen deutse pekatariei, gero ordaina hartzekotan.
Zuok, ostera, maitatu egizuez zuen arerioak; egin on eta aurreratu, ordainaren zain egon barik; eta zuen saria handia izango da, eta Goi-goikoaren seme izango zaree; Bera ere ona da-ta gaiztoekin eta esker txarrekoekin.
Izan zaiteze errukiorrak, zuen Aita errukiorra dan lez.
Ez epaitu, eta ez zaitue epaituko; ez kondenau, eta ez zaitue kondenauko; parkatu egizue, eta parkatu egingo jatzue; emon, eta emongo jatzue: neurri zabala botako jatzue altzora, eta betea, eragina, gainezkakoa. Zeuok erabilten dozuen neurriaz izango zaree neurtuak".

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: otoitz dagiogun apalik Jainko ahalguztidunari, san Karlosen testigutzaz gure fedea indartu eta gure bizitza ingurukoentzat lagungarri egin dagian.

1.- Eleizearen alde: bere apostolutza lanean gure sasoiko arazoez arduratu dedin: goseaz, pobreziaz, ezjakintasunaz, gogorkeriaz eta zuzengabekeriaz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristauon alde: san Karlosen bitartez, alkartzen gaituan guztia indartu dagigun eta banantzen gaituan guztia gainditu. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Bakearen alde: gure munduan indartsu errotu dedin, eta gorroto eta gerra guztiak gure nazionetatik aldendu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure alde: gure santuaren eredua jarraituz, besteakazko hartuemonetan pertsona zintzoak, alaiak, edegiak eta gure senideakandik hur-hurrekoak izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure alkarteetako gazteen alde: san Karlos pasiotar bizitzara deitu eban Jaun onak, emon deioela beraganako maitasunean eta Eleizearen zerbitzuan bizitzeko gogo bizia. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Jauna, zure Semearen apostolu aukeratu zenduan san Karlos Houben-en bitartez, lagundu eiguzu zure deiari bihotz zabalez erantzuten eta, holan, zugandik hartu doguzan argia eta bizia gizaki guztiengana zabaltzen. Jesukristo gure Jaunaren biratez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onartu, Jauna, zure herriaren emaitzak
eta emoiguzu,
zure Semeak maitasunez gugan egin dituan
egintza harrigarriak gogoratuz,
san Karlos Houben-en antzera,
zuganako eta lagun hurkoaganako maitasunean indarbarritu gaitezala.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta beharrezko,
zuzen eta salbagarri,
zuri, Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiereko horri,
eskerrak emotea nonahi eta beti,
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

Gaurko egunez san Karlos Houben-en jaia
alaitasunez ospatzea emoten deuskuzun ezkero,
haren bizitzako ereduaz
zure Eleizea indartuz,
haren berbeaz argituz
eta haren bitartekotzaz zainduz.

Horregaitik,
aingeru eta santu guztiekin batean,
poz betean goresten zaitugu, Jauna,
eten barik dinogula.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Indartu gaizala, Jauna, hartu dogun otordu santuak
eta, san Karlos Houben eredu dogularik,
bihotzean eroan
eta egintzetan erakutsi dagigula
besteenganako maitasuna eta zure egiaren argia.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Gaur san Karlos Houben-en jaia ospatzeko
batu gaituan Jainko gure Aitak
bedeinkatu, zaindu
eta bere bakean gorde zagiezala. E./ Amen.

San Karlos Houben-engan
bere pazko misterioaren indar barritzailea
agertu dauan Jesu Kristo gure Jaunak,
Ebanjelioaren egiazko lekukoak egin zagiezala. E./ Amen.

San Karlos Houben-engan
ebanjelioko maitasunaren jarraibidea
eskeini deuskun Espiritu Santuak,
Eleizan fede eta maitasunezko benetako batasunean
hazteko grazia emon deizuela. E./ Amen.

Bedeinka zagiezala
Jaungoiko ahalguztidunak,
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue