castellano euskera batua euskera bizkaiera

LORENZO MARIA SALVI Dohatsua

Ekainaren 12a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

San Prantzisko Jabier-en Lorenzo Maria dohatsua (Salvi) Erroman jaio zan 1782. urteko urriaren 30an; Capranikan hil zan, 1856. urteko ekainaren 12an. Pasiotarren arteko profesa 1802. urteko azaroaren 20an egin eban eta abade ordenatua izan zan 1805. urteko abenduaren 29an. Nagusitzan arduratsu agertu zan beti, baina, batez ere, misiolari lez nabarmendu zan, eten barik herriz-herri eta Kurutzeko San Paulo Sortzailearen urratsei jarraituz, eta Jesusen Umearoko arnasez kutsatutako apostolutzaren eraginez, espiritualtasun bide hori zabalduz berbaz, ezaugarriz eta idatziz. Joan Paulo II. Aita Santuak beatifikatu eban 1989. urteko urriaren 1an. Bere gorpuzkinei Vetrala-ko San Miguel pasiotarren eleizan kultu emoten jake.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jaungoiko Jauna,
Zuk adierazo deutsozu Lorenzo Maria abadeari
gizon egin zan zure Berbearen ezaguera bizi eta sakona,
Jesus Umearen kontenplazino sutsu eta gozoa dastatuz;
bera bitarteko hartuta, arren, eskatzen deutsugu
guk ere, umearo-espiritualtasunaren eraginez,
azkenik ez dauan bizitza zure Semeagan aurkitu daigula.
Zeugaz eta Espiritu Santuagaz
gizaldiz gizaldi errege bizi da-ta. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Oseas 11, 1. 3-4. 8c-9

Hauxe dino Jaunak:
"Israel umetxu zala, maite izan neban,
eta Ejiptotik dei egin neutsan neure semeari.
Neuk irakatsi neutsan Efrain-i oinez ibilten,
eta besoan hartu neban;
halan ere, ez eben ezagutu Nik zaintzen nituala.
Giza-lokarriz erakarten nituan,
maite-lokarriz;
umetxua bere arpegiraino
jasoten dauana lez nintxaken;
eta jaten emoteko makurtzen nintxaken.
Bihotza irauli egin jat barruan,
sutan daukadaz erraiak.
Ez deutsat biderik emongo nire hasarrearen garrari;
ez dot gehiago Efrain hondatuko;
Jaungoikoa nazalako, ez gizona;
Santua, zuen artean, eta ez nator hondatzera".



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 130, 1. 2. 3

E/. Emoiozu, Jauna, zure morroiari
bihotz-xalotasuna.


Jauna, nire bihotz hau ez dago harro,
begiok ez daukadaz behar baino gorago.
Ez nabil gauza haundien atzetik,
ni baino gorago dagozan harrigarrien atzetik. E./

Ostera, batu-batu egin naz neugan,
arimearen bakean,
seintxua lez amaren altzoan;
seintxua lez da
nire arimea nigan. E./

Zagoz Jaunaren zain, Israel-herri,
orain eta beti. E./



Aleluia

Bere burua ume hau baizen txiki egiten dauana,
haxe izango da handiena zeruetako Erreinuan.



EBANJELIOA: Mateo 18, 1-5. 10

"Umetxuen antzeko bihurtzen ez bazaree,
ez zaree sartuko zeruetako erreinuan"



Aldi haretan, hurreratu jakozan ikasleak Jesusi, eta itandu eutsoen:
- "Zein da handiena zeruetako Erreinuan?".

Jesusek, umetxu bati deitu, guztien erdian ipini, eta esan eutsen:
- "Benetan dinotsuet: umetxuen antzeko bihurtzen ez bazaree, ez zaree sartuko zeruetako Erreinuan. Holan, bere burua ume hau baizen txiki egiten dauana, haxe izango da handiena zeruetako Erreinuan. Honelako ume bat nire izenean hartzen dauanak, Neu hartzen nau.

Begira, gero, txiki horreetako bat gitxitzat hartzeaz! Neuk esaten deutsuet: horreen aingeruak zeruetako nire Aitaren arpegia ikusten dagoz zeruan beti".

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: otoi egin deiogun Jaungoiko Aitari, Jesukristo bere Semearen bitartez, gu guztion alde bere bizia emon eban-eta.

1.- Eleiz artzain eta kristau fededun guztien alde: Jaungoikoak gizaki guztientzat eskeintzen deuskun salbamenaren iragarpen argi eta sakramentu eginkor izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Eleizearen zerbitzurako dei berezia jasoten dabenen alde: Lorenzo Maria dohatsuaren antzera, esanekotasunez eta leialtasunez onartu eta erantzun dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Lorenzo Mariari jarraituz, beti geure begi-aurrean izan dagiguzan Jesusen Umearoko espiritualtasun bideko erakutsiak eta birtuteak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gizon-emakumeen arteko hartuemonetan anaitasun, begirune eta karidadeko giroa zabaldu eta sendotu daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Pasiotar espiritualtasuna gogotsu sakondu dagigun, Kurutzeko Paulo santuak itzi eta Lorenzo Maria Salvi dohatsuak hain zintzoki jarraitu ebazanez. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Entzun, arren, Jauna, gure eskariak eta egizu, Lorenzo Mariaren jaieguna gaur ospatzen dogunok, bere bizikera santuan jarraitu deiogula, geure bokazinoa leialtasunez biziz. Jesukristo gure Jaunaren biratez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Ontasun iturburu zaran Jaungoiko Jauna,
Lorenzo Maria dohatsuagan gizaki zaharra desegin
eta zure antzeko gizaki barria sortzea nahi izan dozun horrek,
emoiguzu, haren irabaziei esker,
gu ere Zeuk barriztu gaizuzala,
bera izan zan lez,
zeure gogoko jatzun oparia eskeini ahal deizugun.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zu, Jauna, zeruko eta lurreko izakiak
beti gorestea,
eta zeruetako Erreinuagaitik
Kristori eskeiniak izan diran santuak gogoratuz,
zure asmo ederrak ospatzea.

Eurakan berreskuratzen dau gizakiak
Zugandik hartu eban hasierako santutasuna,
eta hemen lurrean gozaten ditualarik
gero zeruan betean izango dituanak.

Horregaitik,
aingeru eta santuekin batean
goresten zaitugu eten barik abesten dogula.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Apalik eskatzen deutsugu, Jauna,
zure zerbitzariok, sakramentu honegaz sendoturik,
gauza guztien gainetik zure bila ibili gaitezala,
Lorenzo Maria Salvi dohatsua lez;
eta mundu honetan bizi garan bitartean,
gizaki barriaren irudi biziak izan gaitezala.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
Lorenzo Maria Salvi dohatsuaren jaia ospatzeko
hemen alkartu gaituanak
bedeinkatu, zaindu eta bere bakean sendotu zagiezala. E./ Amen.

Kristo Jaunak,
Lorenzo Maria Salvi dohatsuagan
pazku misterioaren indar barritzailea agertu dauanak,
bere Ebanjelioaren testigu zintzoak egin zagiezala. E./ Amen.

Espiritu Santuak
Lorenzo Maria Salvi dohatsuagan
Ebanjeliozko karidade eredua eskeini deuskunak,
emon deizuela Eleizan sinismen eta maitasunaren
benetako batasuna gehitzea. E./ Amen.

Eta bedeinkatu zagiezala
Jaungoikoa Ahalguztidunak,
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue