castellano euskera batua euskera bizkaiera

ZAURI AINTZATSUAK

Pazku 2. igande ondorengo barikuan

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Jesuskristo Gure Jaunaren Zauri Aintzatsuen ospakizuna pazku misterio osoaren laburpen bat lez da: heriotzea, biztuerea eta zerura igoerea; eta Kristo bere nortasun osoan kontenplatzen lagundu behar deusku, "hila, berbiztua, Jaungoikoaren eskumaldean dagoana, eta gure alde erreguka dagoana" (Er 8, 34, Eb 7, 25).
Bere aintzan Kristok gordetzen dituan Zaurien bidez, guztiok berrerosteko bere bizia eskeini dauana eta gure gorespena hartzeko nor badan Bildotsa ospatzen dogu (Ap 5, 9-12). Kelmen XIV. Aita santuak emon eutson gure Kongregazinoari ospakizun hau 1773. urteko urtarrilaren 15an.
"Guk, Pasiotarrok, Pazku Misterioa geure bizitzaren ardatz dogu" (Konst. 65).

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jesukristo Jauna,
mundua zure Zaurien odolez berrerosi zenduana,
eta zalantzan egozan apostoluei erakutsiz,
zure Biztuerako sinismenean sendotu zenduzana;
egizu, zure maitasunaren ezaugarri aintzatsuak gurtuz
eta kurutzean zure antzekoago izaten ahaleginduz,
zure Biztueraren aintzan partekide izatea merezi dagigun.
Gizaldirik gizaldi errege bizi zara ta. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

1. IRAKURGAIA: Apokalipsis 5, 6-12

"Zeure odolaz erosi gagizuz Jainkoarentzat"

Nik, Joanek, hara zer ikusi neban: Bildots bat aulkiaren aurrean, lau bizidunen eta zaharren erdian; opari eskeinia bazirudian arren, zutunik egoan, zazpi adar eta zazpi begi ebazala: lur guztira bialdutako Jaungoikoaren zazpi espirituak dira honeek. Etorri zan eta hartu eban liburua, aulkian jesarrita egoan eskumatik.
Bildotsak liburua hartu ebanean, lau bizidunak eta hogeta lau zaharrak Haren aurrean ahuspez jarri ziran, bakotxak bere zitarea eukala, eta usain gozoz beteriko urrezko ontziak: santuen otoitzak dira honeek. Eta kantu barri bat kantetan hasi ziran:

"Liburua hartzeko eta siluak urratzeko bazara nor,
hila izan zarealako,
eta zeure odolaz erosi dozuz Jainkoarentzat gizonak,
leinu eta hizkuntza,
herri eta enda guztietakoak;
eta abade-erreinu egin dozuz
gure Jainkoarentzat,
eta errege izango dira lurrean".


Eta begitu neban, eta aingeru askoren ahotsa entzun neban; milaka eta miloika ziran, aulkiaren eta bizidunen eta zaharren inguruan; eta hots handiz honan inoen:

"Indarra ta aberastasuna,
jakituria ta ahalmena,
ospea, aintza ta gorespena hartzeko bada nor
hila izan dan Bildotsa".



ERANTZUN SALMOA: Isaias 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6

E./ Pozik aterako dogu ura salbamenaren iturrietatik.


Hara, Jainkoa da nire salbatzaile;
ba dot uste on eta ez naz bildur.
Jauna da-ta nire indar eta kemen,
Bera izan da nire salbamen.
Atarako dituzue urak pozetan,
salbamenaren iturrietan. E./

Eskerrak Jaunari,
Haren izena oihu egizue.
Ezagutuazo herrietan Haren eginen bikainak,
iragarri egizue Haren izen garaia. E./

Kanta Jaunari, harrigarriak egin ditu-ta,
ezagutu begie hau lurbira osoan.
Sion-en bizi zareenok, goratu egizue irrintzika,
haundi dago-ta Israel-go Santua zuen erdian. E./


Aleluia:

Jesukristo, Zu zara testigu zintzoa,
hilen arteko lehen semea,
Zuk maite izan gaituzu
eta zure odolez askatu gaituzu gure pekatuetatik.



EBANJELIOA: Joan 20, 24-29

"Ene Jauna eta ene Jaungoikoa"

Tomas, ostera, Hamabietako bat, Bikotxa eritxona, ez egoan besteakaz batera, Jesus etorri zanean. Beste ikasleak esan eutsoen:
- "Jauna ikusi dogu".
Tomasek, ostera:
- "Haren eskuetan untze-zuloak ikusten ez badodaz, nire hatzamarra Haren untze-zuloetan sartzen ez badot, eta nire eskua Haren saihetzean, ez dot sinistuko".
Handik zortzi egunera, barriro ere barruan egozan ikasleak, eta Tomas eurakaz. Sartu zan Jesus, ateak itxita egozala, eta euren erdian zutunik, esan eutsen:
- "Bakea zuekin".
Gero Tomasi:
- "Ekazu hatzamar hori, hona hemen nire eskuak; ekazu esku hori, eta sartu egizu nire saihetsean; eta ez izan sinisgogor, sinistedun baino".
Tomasek erantzun eutson:
- "Ene Jauna eta ene Jaungoikoa!".
Eta Jesusek:
- "Ikusi dozulako sinistu dozu? Zorionekoak, ikusi barik sinisten dabenak".

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesukristo hilen artetik biztu ebanari eta bere Espiritu indarrez guztiok biztuten gaituan Jaungoiko gure Aitari otoi dagiogun:

1.- Eleiz artzainen alde: Jesukristoren biztuerea eta mundu barri baten itxaropena adorez iragarri dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako arduradun nagusien alde: herrien arteko hartuemon baketsu eta solidarioak bilatzen aspertu barik ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Guduak eta indarkeriakaitik sufritzen daben herrialdeen alde: euren neke-oinazetan arinduak eta gozatuak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jesukristoren ikasle guztien alde: itxaropen eta biztueraren testigu izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Espiritu Santuz beterik, Kristo berbiztuaren bizitza adorez bizi daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Gure Jaun eta Jaungoikoa, Jesus zure Semearen Zauri aintzatsuei esker, maitasun haundiz maitatu gaituzuna, agertu eiguzu zure errukia eta emoiguzu uste osoz eskatu deutsuguna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onartu egizuz, Jauna,
ekarri deutsuguzan opariok,
zure Semearen Zauri Aintzatsuak gogoan doguzala,
gure askatasunaren bide dira eta.
Gizaldirik gizaldi errege bizi da ta. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

BIZI DAN KRISTO DA ETEN BARIK
GURE ALDEKO BITARTEKOA



V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zu, Jaun hori, beti gorestea,
baina poz haundiagoz,
Kristo, gure Pazkua,
hil eta eskeinia izan dan aldi honetan.

Berau bere burua guretzat eskeintzen dago beti,
eta gure alde otoitz egiten zure ondoan;
Berau da opari-Bildotsa,
gehiago hilgo ez dana, betirako bizi dana.

Horregaitik, Pazko pozez gainezka dagoz
gizon-emakume guztiak mundu zabalean,
zeruko indar eta aingeru guztiak ere
horregaitik dagoz beti
zure aintzaren gorespena kantatzen.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Gure Jaun eta Jaungoikoa,
bizi-ogiz Zeuk janaritu gaituzu;
eiguzu, zure Seme Jesukristoren Zauri aintzatsuak
ospatu doguzanoi,
eroan daiguzala beti gure bihotzetan ezarrita.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko errukitsuak,
bere Semearen Nekaldiaren bidez,
gizadia berrerosi nahi izan dauanak,
zuen bizitzak
Kristo kurutzeratuaren erakutsietara moldatu dagizala
eta isuri dagiala zuen gainera bere bedeinkapen ugaria. E./ Amen.

Alkartuta zaindu zagiezala,
Kurutzeko San Pauloren gidaritzapean,
bere maitasun egintzarik haundiena hausnartuz
eta, gatx guztietatik aterata,
ontasun-gailurretara zuzendu zagiezala. E./ Amen.

Jaunaren Nekaldia bizi eta iragartera zeuon buruak eskeini dozuezanok,
bere salbamen misterioan eta aintzazko oinordekotzan
partekide egin zagiezala. E./ Amen.

Eta bedeinkatu zagiezala
Jaungoiko Ahalguztidunak,
Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue