castellano euskera batua euskera bizkaiera

EUGENIO BOSSILKOV dohatsua

Azaroaren 13a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Eugenio Bossilkov dohatsua, pasiotar gotzaina, Belenen jaio zan, Bulgarian, 1900. urteko azaroaren 16an. Hamaikak urtetik gora bere aberriko pasiotarren seminarioetan -Oresc eta Russee- jaso eban heziketa; ondoren Belgika eta Holanda-ko pasiotar alkartetxeetara bialdua izan zan, bere heziketak burutzera. Nobiziadua Eren, Belgikan, egin eban, eta orduan ezarri eutsoen Bihotz Sakratuaren Eugenio izena. Teologi ikasketak amaitu ondoren, abadetza jaso eban 1926. urteko uztailaren 25an. Berehala Erromara bialdu eben; 1932an teologian doktoradutza lortu eban, Pontifizio Instituto Orientalean. Bulgariara bihurtu zan 1933an. Russeko eta Badarski-Gheran parrokietako pastoraltzan jardun eban hainbat urte; denpora asko baino lehen, 1947. urtean, Nikopolisko gotzain izendatu eben. Bulgaria osoan oso goraipatua eta maitatua izan zan. Stalinen jazarpenaldian heriotz-kondena ezarri eutsoen eta Sofiako kartzelan fusilatua izan zan 1952. urteko azaroaren 11an.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainkoa Jauna,
Zuk emon zeuntson
Eugenio gotzain dohatsuari
bere herria sinismenean
eta eleiz-batasunean zaintzeko grazia,
odol-heriotza jasanez;
egizu, arren, Zugaitik bizia emoterakoan,
atzerarik izan ez eban haren antzera,
guk ere sendo iraun dagigula sinsimenaren autorpenean.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: 2 Korintoarrei 4, 1-2. 5-7

"Jesus Jauna dala autortzen dogu,
eta gu Jesusegaitik zuen zerbitzari"



Senideok: Jaungoikoaren errukiz, apostolutzako zerbitzua daukagunok, ez dogu adorerik galtzen. Isilpean, lotsaz lez ibiltea alde batera itzi dogu; ez gabiltz maltzurkerietan, ezta Jaungoikoaren berbea guzurrez nahastetan ere; hori barik, egia irakatsiz, geure buruak sinisgarri agertzen deutseguz gizon guztiei, Jaungoikoaren aurrean.
Ez gabiltz geure buruak ezagutzera emoten; Kristo dala Jauna ezagutuazoten dogu, eta gu zuen morroi Jesusegaitik.
?Ilunetik argiak urten begi? esan eban Jaungoikoak, Berak egin dau argi gure bihotzetan, geuk ere argi egin daigun, Kristoren arpegiari darion Jainko-haunditasuna ezagutzera emonez.
Ondasun hau buztinezko ontzietan darabilgu, honenbesteko indarra Jaungoikoagandik dala agertu dedin, eta ez geugandik.



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 30, 3cd-4. 6 y 8ab. 16bc-17

E/. Zeure eskuetan izten dot, Jauna, nire arnasea.

Izan zakidaz harkaitz ni gordeteko,
gaztelu sendo ni salbatzeko.
Zeu zaitut harkaitz eta gaztelu,
zure izenagaitik eroan nagizu eta gidatu. E./

Zeure eskuetan izten dot nire arnasea,
askatuko nozu, Jauna, Jainko leiala.
Ni, barriz, sendo nago Jaunagan,
poztu eta alaituko naz zure maitasunaz. E./

Aurpegi argia erakutsi morroi honi,
salbau nagizu zeure errukiz.
Zure aurpegiaren kerizpean babesten gaituzu
gizonaren asmo maltzurretik. E./



Aleluia

Zorionekoa probaldia ondo jasaten dauan gizakia,
ondo aztertu ondoren,
bizitzako koroia jasoko dau eta.




EBANJELIOA: Mateo 10, 17-22

"Nigaitik agintari eta erregeakana eroango zaitue;
hareen eta atzerritarren aurrean autormen emon dagizuen"


Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere apostoluei:
- "Kontuz ibili jenteagaz. Euren auzitegietara eroan eta zigorkatu egingo zaitue euren sinagogetan. Eta Nigaitik agintari eta erregeakana eroango zaitue, hareen eta atzerritarren aurrean autormen egin dagizuen.
Eroaten zaituenean, ez ibili buru-hausten, zer esango eta zelan esango. Orduan emongo jatzue zer esana. Izan ere, zeuok barik, zuen Aitaren Espiritua izango da zuekan berba egingo dauana.
Anaieak anaiea eroango dau heriotzara eta aitak semea; eta umeak gurasoen aurka jagiko dira, eta hil egingo dabez. Nire izenagaitik guztiak begitan hartuko zaitue; baina azkeneraino irauten dauana, salbauko da".

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Eugenio Bossilkov dohatsua, bere berbaz eta bizitzaz Kristo Berbiztuagan sinismenean testigua gogoan dogula, zuzendu deiogun Jaunari otoitz eskaria.

1.- Eugenio Bossilkov dohatsua bitarteko eta lagun dogula, kristau guztiak senitarte bateko sentidu daitezala, nun maitasuna, alkar onartzea eta batasuna nagusi diralarik. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Lurreko herrialde guztiak, gogorkeria, guzurra eta zuzengabekeria alde batera itzirik, Kristorengana zabaldu daitezan, Berak dakarren salbamen eta bakea onartuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Erlijioso bizitzan Jaunari konsakratuak diran leikaide-lekaimeak onartu dagiela bihotz zabaltasunez, Kristoren jarraitzaile izateko bokazinoa, Jaungoikoaren eta urkoaren zerbitzari zintzo agertuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Egiaren eta justiziaren alde jokatzearren, aurrean erabiliak diran guztien alde, Jesusen jarraitzaileak bixkortzen diran indar misteriotsua sentidu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Eugenio Bossilkov dohatsuaren martiritza Pasiotar Familiarentzat bedeinkapen iturri emonkorra bihurtu dedila. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Onartu egizu, Aita ona, gure otoitza, eta Kristogan bere sinismena bizia emonez autortu eban Eugenio Bossilkov dohatsua bitarteko dogula, emoiguzu guri ere behar dogun indarra, zure Semearen jarraitzaile duinak izan gaitezan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onartu egizu, Jauna, gure oparia,
zure Semearen Nekaldian ospatzen doguna,
Eugenio Bossilkov dohatsua bitarteko dogula,
gugan bizi bihurtu dedin.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen,
nonahi eta beti eskerrak emotea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko Ahalguztidun Horri,
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

Gaur Eugenio Bossilkov dohatsuaren
jaieguna ospatzeko pozaldia emoten deuskuzulako;
bere bizitzaren jarraibidez zure Eleizea sendotzen dozu,
bere hitzez irakasten deutsozu
eta bere laguntzaz zaintzen.

Horregaitik guk ere,
zeruko aingeruekin batera
gorespen goratzarrea abesten (esaten) deutsugu.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Zure Semearen Gorputz-Odolez janarituta, Jauna,
emoiguzu, arren,
Eugenio Bossilkov martiri dohatsuaren jaiegunean,
Zugan beti egotea,
zure maitasunean irautea,
zure bizitzaz bizitzea eta
zure eskuz gidatuak izatea.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
gaur Eugenio Bossilkov dohatsuaren
jaieguna ospatzeko batu gaituanak,
bedeinkatu, zaindu
eta bere bakean sendotu zagiezala. E/. Amen.

Jesus Jaunak,
Eugenio Bossilkov dohatsuaren bizitzan
bere Pazku misterioaren indar bizi-barritzailea agertu dauanak
Ebanjelioaren testigu jator egin zagiezala. E/. Amen.

Espiritu Santuak,
Eugenio Bossilkov dohatsuarengan
ebanjeliozko karitatearen eredua eskeini deuskunak,
emon deizuela Eleizako sinismen eta maitasunezko
batasunean heltzen joateko grazia. E/. Amen.

Eta bedeinkatu zagiezala Jaungoiko Ahalguztidunak,
Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak. E/. Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue