castellano euskera batua euskera bizkaiera

GRIMOALDO SANTAMARIA dohatsua

Azaroaren 18a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Garbikundearen Grimoaldo (Fernando Santamaria) 1883. urteko maiatzaren 4an jaio zan Pontecorbon (Frosinone, Italian) eta bost anaietatik nagusiena bera izan zan. Sortzez Garbiaren alkarteko kide izan zan gaztetxo zalarik, bere lagun txikien artean apostolutza onuragarria eginez. 1900. urteko martiaren 6an erlijioso profesa egin eban Pasiotarren artean. Bere profesatik urte bira orduko, abadetzarako prestatzen egoala, Ceccanoko bakartegian, meningitis zorrotz batek jota gaixotu zan, 1902. urteko azaroaren 2an Jaunagan lokartu zan, berak aurretiaz esandako moduan, Mariari deika eta "poz-pozik" -berak inoanez- Jaungoikoaren nahia betez. 19 urte eukazan hil zanean. Santutasun gailurrera igoteko bide sekretua honetan datza: Maria Sortzez Garbiaganako berarizko eraspena; egon ere, txikitatik berari eskeinia egon zan. Joan Paulo II. Aita Santuak beatifikatu eban 1995. urteko urtarrilaren 29an.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko Jauna,
zure Eleiza Santuari
kristau bizitzaren eredu barriak eskeintzen deutsozuzana;
egizu Garbikundearen Grimoaldo dohatsuaren
antzeko izan gaitezala
Maria Sortzez Garbiaganako seme-eraspenean
eta anaiarteko karidadean,
bere antzera geu ere Kristoren usain gozo izan gaitezan lurrean
eta betiko bizitzaren saria bere ondoan jaso dagigun.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Filipotarrei 4, 4-9

"Aintzakotzat hartu egizue onbidetsu dan guztia"

Senideok:
Zagoze beti pozik Jaunagan; barriro dinotsuet: zagoze pozik. Ezaguna izan bedi gizon guztientzat zuen bihotz zabala. Hurrean da Jauna.
Ez euki ezeren kezkarik; hori barik, beti ta beti zuen esker onezko otoitz eta eskarietan agertu zuen eskabideak Jaungoikoari. Eta gogoeta guztiak baino handiagoa dan Jaungoikoaren bakeak gordeko ditu zuen bihotzak eta zuen gogapenak Kristo Jesusi lotuta.
Gainerakoan, ene senideok, aintzakotzat hartu egizue egiazko, jator, zuzen, garbi, maitagarri, izen oneko dan guztia; hartu aintzakotzat onbidetsu edo goragarri dan guztia. Egizue nigandik ikasi eta hartutakoa, nigandik entzun eta ikusitakoa. Eta bakearen Jaungoikoa zuekin izango da.



ERANTZUN-SALMOA: 1 Samuel 2, 1. 4-5. 6-7

E./ Saltoka daukat bihotza Jaunagan,
neure Salbatzaileagan.


Saltoka daukat bihotza Jaunagan,
jagi da nire bekokia Jainkoagan.
Arerioen aurka ahozabal ibili naz,
zure laguntzaz pozten naz. E./

Bizkorren uztaiak eten ohi dira,
makalak, ostera, kemenez jazten dira.
Aseak, ogi-orde doaz lanera,
goseak, barriz, lanetik atsedenera.
Zazpitan erdi da agor zana,
agortu da seme asko zituana. E./

Heriotzea ta bizia Jaunak ditu emoten,
Berak leizaratzen dau eta handik ataraten.
Jaunak dau pobre ta aberats egiten,
beheratzen eta goratzen. E./


Aleluia:

Zorionekoak, gogoz behartsu diranak,
eurena dabe-ta zeruetako Erreinua.



EBANJELIOA: Mateo 13, 44-46

"Saldu egiten ditu daukazan gauza guztiak, eta soloa erosi"

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutson jenteari:
- "Zeruetako Erreinua soloan ezkutatutako altxorraren antzekoa da. Aurkitzen dau gizon batek eta gorde egiten dau. Pozez beterik, joan eta saldu egiten ditu daukazan gauza guztiak, eta soloa erosi.

Holantxe, zeruetako Erreinua harribitxi ederren bila dabilen merkatariaren antzekoa da. Bat oso bikaina aurkitzen dauanean, joan eta saldu egiten ditu daukazan gauza guztiak, eta harribitxia erosi".

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: Jesus Kurutzeratuari eskeinita zintzoro bizi izan zan Garbikundearen Grimoaldo dohatsua lagun dogula, egin deiogun otoitz Jaungoikoari, dohai guztien emoile bera dogu-ta:

1.- Aita Satuaren eta abadeen alde: lurreko gatz eta munduko argi izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau familien alde: senitartean kristau baloreak zintzoro trasmitidu dagiezan, etxea otoitzleku eta eleiz bizi izan dedin. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gazteen alde: Jesusen aparteko ardurea eta maitasuna eurentzat dala jabetu daitezan eta bere adiskide izateaz poztu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Kristau herri osoaren alde: Grimoaldo dohatsuaren antzera, Mariaren maitale zintzoak izan gaitezan, nunahi bere debozinoa zabalduz, eta seme-alaba lez bera goraldu eta bere babespean bizi gaitezan, Jaunaren laguntza eskatuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia honetan parte hartu dogun guztion alde: gaurko gure dohatsuaren antzera, onartu dagigun geure txarkerietara hiltea, eta ipini dagigula gure bizitza Kristoren eta gure anai-arreben alde. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Entzun, Jauna, gaur Grimoaldo dohatsua bitarteko hartuta, egiten deutsugun otoitza, eta emoiguzu eskatzen deutsuguna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onartu, arren, Jauna,
Garbikundearen Grimoaldo dohatsuaren jaieguna ospatzean,
zure zerbitzariok altarera dakartzuguzan dohaiok,
eta emoiguzu, munduko loturetatik askatuta,
Zeu izan zaitezala gure ondasun bakarra.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zu, Jauna, zeruko eta lurreko izakiak
beti gorestea,
eta zeruetako erreinuagaitik
Kristori eskeiniak izan diran santuak gogoratuz,
zure asmo ederrak ospatzea.

Eurakan berreskuratzen dau gizakiak
Zugandik hartu eban hasierako santutasuna,
eta hemen lurrean gozaten ditualarik
gero zeruan betean izango dituanak.

Horregaitik,
aingeru eta santuekin batean
goresten zaitugu eten barik abesten dogula:

Santu, santu, santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Hartu dogun Sakramentu honi esker
eta Garbikundearen Grimoaldo dohatsuari jarraituz,
eskatzen deutsugu, Jauna,
zure maitasunean beti zaindu gaizuzala
eta gugan hasi dozun egintza
bere betetasunera eroan dagizula,
Kristo etorri arte.
Gizaldirik gizaldi errege bizi da-ta.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
Grimoaldo Santamaria dohatsuaren jaia ospatzeko
hemen alkartu gaituanak,
bedeinkatu, zaindu eta bere bakean sendotu zagiezala. E./ Amen.

Kristo Jaunak,
Grimoaldo Santamaria dohatsuagan
pazku misterioaren indar barritzailea agertu dauanak,
bere Ebanjelioaren testigu zintzoak egin zagiezala. E./ Amen.

Espiritu Santuak
Grimoaldo Santamaria dohatsuagan
ebanjeliozko karidade eredua eskeini deuskunak,
emon deizuela Eleizan sinismen eta maitasunaren
benetako batasuna gehitzea. E./ Amen.

Bedeinkatu zagiezala
Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue