castellano euskera batua euskera bizkaiera

ANDRE MARIA BIRJINAREN Aurkezpena

Azaroaren 21a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Ama Birjinaren Aurkezpena Jauretxean, tradizinoak gogoratzen dauanez, Kurutzeko san Paulorentzat jai txit maitea izan zan. Pasiotarren kongregazinoa sortzeko Jainkoari eginiko bere buruaren sagaratzea gogoratzen eutson. Andre Maria Birjinaren Aurkezpenaren deitura eroan egian nahi izan eban kongregazinoko lehen etxeak, Argentario mendian eraiki ebanak, baita Tarkinian ireki eban lekaime pasiotarren lehen monasterioak ere.

Eukaristiak Jainkoaren asmo errukitsua gogoratzen deusku, hau da, zelan Ama Birjina, zerbitzari apala, Kristoren ama egin eban eta zelan Harekin alkartu: "Jainkoaren hitza onartzean Jesusen ama egina izan zan eta, Jainkoaren salbamen asmoa besarkatuz, bere Semearen pertsona eta ekintzari lotu jakon oso-osorik, berrerospenaren misterioaren zerbitzurako bere bizia ipiniz" (LG 56). Ebanjelioetako irakatsiekin bat eginik, Eukaristiak ospatzen dau Maria ere, zerbitzari apala, erregina mailara jasoa: "Kristo asko zerbitzatu ebana" (Pf), Jainko Aitak asko ohoratu dau (Pf, Jn 12, 26).

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Andre Maria Birjina, zure zerbitzari leiala,
zure Semearen ama izateko hautatu zenduan Jainko Jauna,
emoiguzu bera bitarteko eta eredu izanik,
haren antzeko zerbitzu bizitza eroan dagigula,
eta, maitasunez beterik,
zure maitasun harrigarriaren barri ona emon deiegula senideei.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: 1 Samuel 3, 1-10

"Esan, Jauna, zure morroi hau entzuten dago"

Egun hareetan, Jaunaren zerbitzari egoan Samuel umea, Eliren ardurapean; aldi haretan bakan izaten zan Jaunaren hitza, eta ikuskariak ez ziran sarri gertatzen. Egun baten lo egoan Eli bere gelan; hau itsututen hasita egoan, eta ez eban ondo ikusten. Oraindino amatatzeko egoan Jainkoaren zuzia, eta Samuel ohera joanda egoan, Jaunaren kutxa egoan jauretxean.
Jaunak dei egin eutson:
- «Samuel!».
Harek erantzun:
- «Hona hemen ni».
Lasterka Elirengana joan zan, eta esan eutson:
- «Hona hemen ni; deitu deustazulako etorri naz».
Harek erantzun:
- «Ez deutsut dei egin; zoaz barriro ohera».
Eta ohera bihurtu zan, lo egitera.
Jaunak barriro dei egin eutson:
- «Samuel!».
Eta Samuel jagi zan, eta Elirengana joan eta esan eutson:
- «Hona hemen ni, deitu deustazulako etorri naz».
Eta Elik erantzun:
- «Ez deutsut dei egin, seme; zoaz barriro ere ohera».
Samuelek ez eban ordura arte Jauna ezagutzen; eta Jaunaren abotsa ez jakon oraindino ezaguna.
Hirugarren aldiz Jaunak dei egin eutson Samueli. Eta Samuelek, jagita, Elirengana joan eta esan eutson:
- «Hona hemen ni; deitu deustazulako etorri naz».
Ezagutu eban Elik Jauna zala, umeari dei egin eutsona; eta Elik honan esan eutson Samueli:
- «Zoaz lo egitera; eta norbaitek dei egiten badeutsu, erantzun: “Esan, Jauna, zure morroi hau entzuten dago”».
Joan zan Samuel bere tokira, eta etzun egin zan.
Etorri zan Jauna eta dei egin eutson, besteetan lez:
- «Samuel, Samuel!».
Eta Samuelek erantzun:
- «Esan, Jauna, zure morroi hau entzuten dago».



ERANTZUN-SALMOA: Lk 1, 46-48a. 48b-49. 50-51. 52-53. 54-55

E./ Jainkoak ikusi daualako mirabe honen ezereztasuna.


Haundiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozen daukat nire barrua;
Jainkoa da-ta nire salbamena,
ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna. E./

Dohatsu deituko deuste gaurdanik gizaldi guztiak,
haundiak egin deustazalako Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena. E./

Eta Haren errukia gizaldiz gizaldi,
bildur deutsoenakana.
Bere besoaren indarra erabili dau,
buru harroak hondatu ditu. E./

Bota ditu euren aulkitik haundikiak,
eta gora jaso ditu ezerezak;
ondasunez bete ditu gose egozanak,
eta esku-hutsik bialdu asko eukenak.E./

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
errukia gogoratu jakola;
gure gurasoei halan eutsen berbea emona,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana.E./


Aleluia:

Dohatsua zu, Birjina Maria,
zeure burua Jaunaren mirabe aldarrikatu zenduena;
orain, aingeru-taldeak baino gorago aintzatua,
zeruko Erregina lez agurtzen zaitu Elizak.



EBANJELIOA: Lukas 1, 26-38

"Hona hemen ni, Jaunaren mirabea"

Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jaungoikoak, Nazaret deritxon Galileako herri batera, birjina bategana; Dabiden etxeko Josegaz ezkontzeko berbea emonda egoan birjinea, eta Maria eukan izena.
Aingeruak, haren etxean sartuta, esan eutson:
- «Poztu zaitez, graziaz bete hori: Jauna zugaz».
Ikaratu egin zan Maria, berbok entzutean, eta pentsatzen jarri zan zer izan ete eitekean halako agurra. Aingeruak, orduan:
- «Ez izan bildurrik, Maria; Jaungoikoaren ederra aurkitu dozu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu; eta Jesus ezarriko deutsazu izena. Haundia izango da; Goi-Goikoaren Semea deituko deutsoe; eta Jainko Jaunak Haren aita Dabiden errege-aulkia emongo deutso; Jakoben etxean errege izango da beti, eta Haren erregetzak ez dau azkenik izango».
Baina Mariak orduan aingeruari:
- «Zelan izan leiteke hori? Nik ez dot gizonik ezagutzen-eta».
Eta aingeruak:
- «Espiritu Santua jatsiko da zugana, eta Goi-Goikoaren indarrak bere kerizpean hartuko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dan Santuari Jaungoikoren Seme deituko deutsoe. Hara, Isabel zure lengusinea ere, bere zahartzaroan, seindun dago; eta harako agorra zalako ha, seigarren hilabetean aurkitzen da, Jaungoikoarentzat ez dago ezinezkorik ezer-eta».
Mariak orduan:
- «Hona hemen ni, Jaunaren mirabea; jazo bekit zeuk dinozun lez».
Orduan aingeruak itzi egin eban.

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: Gizakien berrerospen ekintzan, Jesusen ondoan egon zan Andre Maria Birjina, Jainkoaren nahia egiteko prest; berau bitarteko dogula, eskatu deiogun konfiantzaz Jaunari:

1.- Maria ispilu eta irudi dauan Jainkoaren Eleizaren alde, harek lez santutasun eta zuzentasunean dirdira egin daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Sufritzen dagozanen alde, gaixo, goseak, bakarrik eta eskutik itzita bizi diranen alde, Mariaren babes eraginkorra sentidu dagien eta haren bitartez euren gatxen sendabidea lortu. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Emakume guztien alde, emakume izatearen eredu eta jarraibidea Mariarengan aurkitzen jakin dagien eta, holan, gizartean dagokien eginkizun eta zerbitzua duintasunez bete. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jesusi hurretik jarraitzeko euren bizitza eskeini daben erlijiosoen alde, erlijioso bizitzaren ama dan Mariarengan euren eredu bizigarria eta laguntza eraginkorra izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Andre Maria Birjina bere Aurkezpenean ohoratzen dogun guztion alde, gure eskeintza eta konpromisoetan bera lez Jaunarekin leialak izanik, gai izan gaitezan gure bizitza eta apostolutzarekin Jesu Kristoren Ebanjelioaren testigantza emoteko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Andre Mariaren betetasunaz gu ere aberasteko, bera graziaz eta bedeinkapenez bete zenduan Jainkoa, onartu haren bitartez egin deutsuguzan eskariak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onartu, Jainko Aita,
Ama Birjina, zure mirabe otzana, oroitzean
aurkezten deutsuguzan opari-emariak,
eta emoiguzu gu geu zuretzat opari atsegingarri izatea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan dauzkagu.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta beharrezko,
zuzen eta salbagarri,
zuri, Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiereko horri,
eskerrak emotea nonahi eta beti,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Atsegin parebakoa izan dozulako
Maria Birjina dohatsuarengan.
Bera, zure salbamen asmoa besarkatuz,
zure Semearen ekintzari bere burua bete-betean eskaini eutson,
gizakiaren berrerospenerako zerbitzu leiala emonez.

Kristori erabateko zerbitzua egin eutsona
asko ohoratu dozu;
eta bere burua mirabe apal autortu ebana
eta maitasunez gure alde otoitzean dabilena,
Erregina egin dozu zure Semearen ondoan.

Horregaitik,
aingeru eta santu guztiekin batera,
etenbarik goresten zaitugu abestuz:

Santu, santu, santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Jainko gure Jauna,
emoiguzu, arren,
Eukaristia honetan parte hartu dogunoi,
Ama Birjinaren antzera bizi
eta Eleizaren zerbitzari zintzo izanez,
zure aurrean beti pozik bizitzea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Ama Birjinaren sabeleko frutu bedeinkatuaren bidez
gizadia maitasunez salbatu nahi izan eban Jainkoak
bedeinkatu zaizala oparotasunez. E/. Amen.


Biziaren Sortzailea emon deutsuen
Ama Birjinaren babesa
lagun izan dagizuela beti. E/. Amen.

Eta, gaur alkarrekin,
Mariaren Aurkezpena jaieraz ospatzen dozuenoi,
emon deizuela Jaunak Espirituaren poza
eta egin zagiezala
bere erreinuko ondasunen oinordeko. E/. Amen.

Eta bedeinka zaitzatela Jaungoiko Ahalguztidunak,
Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak. E/. Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue