castellano euskera batua euskera bizkaiera

BERNARDO MARIA SILVESTRELLI dohatsua

Abenduko 9a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Jesusen Bernardo Maria dohatsua (Cesar Silvestrelli), Erroman jaio zan, 1831. urteko azaroaen 7an, Silvestrelli-Gozzani familia prestuan. Egunean bertan bateatua izan zan eta sendotua 1840. urteko ekainaren 7an; abade ordenatua izan zan Argentaro Mendian 1857. urteko abenduaren 22an, eta erlijoso profesa egin eban Morrovalleko nobiziaduan 1857. urteko apirilaren 28an; hemen lagun izan eban Ama Atsekabetuaren Gabirel santua. Laster baten leporatu eutsoezan Kongregazinoko goi-karguak: ikasleen zuzendari, nobizioen maisu, erretore, Probintzi-kontseilari eta Jeneral Nagusia 1878-88 eta 1893-1907. Kongregazinoko espiritu ekintzaile ausarta une larrietan, bultzada indartsua ezarri eutson gure Kongregazinoari munduan zehar. Bera gidari argi eta ausarta zala, sei probintzi barri sortu ziran, eta erabarrituak beste guztiak, Italia eta Frantziako gobernarien aginduz zapuztuak izan ziran eta. Jeneral Nagusitzari uko eginez, bizi arteko ohorezko Jeneral Nagusi titulua hartu eban Aita Santuaren aginduz. Sabina-ko Moricone bakarlekura baztartu zan, eta jausikera batez bertan hil zan 1911. urteko abenduaren 9an, 80 urte ebazala. Joan Paulo IIak beatifikatu eban 1988ko urriaren 16an.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Gure Jaungoiko Jauna,
Zuk ezarri zeuntson Bernardo Maria abadeari,
lurreko ondasun guztien gainetik,
Jesus Kurutzeratuaganako maitasun gartsua,
emoiguzu bere laguntzaz eta ereduz,
Kristoren Nekaldia eten barik gogoratu dagigula,
gu berrerosi ginduzanagaitik bizi eta hil gaitezan.
Errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Filipotarrei 3, 8-14

"Laisterka noa helburura, saria lortuteko;
sari horretara deitzen nau-ta Jaungoikoak goitik,
Kristo Jesusen bidez"




Senideok: dana galeratzat daukat, neurribako ondasun honen aldean: Jesukristo neure Jaunaren ezaguera. Beronegaitik dana galdu neban, eta dana simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan eta Beragan bizi izatekotan; ez Legetik datorkidan zuzentasunez, Kristogan sinistetik datorkidanez baino. Jaungoikogandik dator zuzentasun hau, eta sinismena dau oinarri. Beraz, Kristo ezagutu nahi dot, eta Haren biztueraren indarra; Haren lagun izan nahi dot nekeetan, eta Beraren antzeko heriotzean, egun baten hilen artetik biztuko nazan itxaropenez.
Eta, Kristo Jesusek niretzat lortu daualako, saria eskuetan badaukat ere, ene senideok, oraindino sari lortu ez baneu lez hartzen dot nik neure burua. Gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dana ahazturik, eta aurrean dagoana bilatuz, arineketan noa helburura, saria lortzeko; sari horretara deitzen dau-ta Jaungoikoak goitik, Kristo Jesusen bitartez.



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 14, 1-3a. 3bc-4ab. 5

E/. Zorionekoa Jaunaren aurrean dabilena.

Jauna, nor egon daiteke zure etxean?
Nor bizi zure mendi santuan?
Akatsik barik eta zintzo dabilana,
bere artean egia dinoana. E./

Mihingainez inor bezten ez dauana,
urkoari gatxik egiten ez deutsana,
auzokoa lotsagarri izten ez dauana. E./

Gaiztoari esker txarra emoten deutsona,
Jainko-bildur dana ospatzen dauana.
Dirua irabazitan emoten ez dauana,
errubagearen aurka eskupekorik hartzen ez dauana. E./



Aleluia

Maite nauanak gordeko dau nire berbea
eta nire Aitak maiteko dau eta beragana etorriko gara.




EBANJELIOA: Mateo 7, 21-27

"Hatx-gainean jasotako etxea eta hare-gainean jasotako etxea"

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- "Niri "Jauna, Jauna!" esaten deustenak, ez dira guztiak sartuko zeruetako Erreinuan, zeruan dagoan nire Aitaren nahia egiten dabenak baino.
Egun haretan, askok esango deust:
"Jauna, Jauna, ez ete ginan zure izenean profeta izan? Ez ete genduzan zure izenean deabruak uxatu, eta zure izenean mirari asko egin?".
Orduan garbi esango deutset:
"Ez zaituet inoiz ezagutu, alde nigandik, gaizkileok!".
Beraz, nire berbok entzun eta beteten dituana, bere etxea hatx-gainean jaso eban gizon zentzundunaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uriolak, atara eban haizea, eta jo eban etxe hori, baina ez zan jausi, hatx-gainean oinarrituta egoan-eta.
Nire berbok entzun eta beteten ez dituana, bere etxea hare-gainean jaso eban gizon burubakoaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uriolak, atara eban haizea, jo eben etxe hori, eta jausi egin zan; eta handia izan zan horren hondamena".

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoi egin deiogun Jaungoiko gure Aitari, Bernardo Maria Silvestrelli dohatsua lagun dogula.

1.- Eleizan ez daitezala falta gizon-emakumeak, euren bizikeraz zoriontasunen espiritua erakutsi dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gu kristauon alde: esparru guztietan Ebanjelioa zabaltzeko gauza izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Pasiotar Familiaren alde: Bernardo Maria dohatsuaren testigantzak eraginda, herrialde eta kulturgiro barrietara zabaldu daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Pasiotar hezitzaileen alde: erlijioso gazteak laztasunez bizitzera eta behartsuak eta baztartuak zerbitzera jo dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: pasiotarren espirituz ondo jantzita, eguneroko kurutzea eroaten ikasi dagigun eta holan iragarri sinismenez eta koerentziz Kristoren Nekaldia eta Biztuerea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Aita santu, zaindu zure Eleizea, kurutzearen Ebanjelioa bere eskuetan itzi dozu-eta; egizu emon dagizala beti frutu ugariak eta santutasun ezaugarriak, holan iragarri ahal dagian Espirituaren indarrez argitzen eta salbatzen dauan Berbea. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Jaungoiko Jauna,
zure jainko-ontasunera joten dogu
zerutar dohaien eske,
Bernardo Maria dohatsuaren omenez eskeintzen doguzan dohaiok,
zure ahalmenaren eta aintzaren erakusgarri direnez,
zure herriarentzat betiko salbamen frutu bihurtu daitezan.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
Zu, Jauna, zeruko eta lurreko izakiak
beti gorestea,
eta zeruetako Erreinuagaitik
Kristori eskeiniak izan diran santuak gogoratuz,
zure asmo ederrak ospatzea.

Eurakan berreskuratzen dau gizakiak
Zugandik hartu eban hasierako santutasuna,
eta hemen lurrean gozatzen ditualarik
gero zeruan betean izango dituanak.

Horregaitik,
aingeru eta santuekin batean
goresten zaitugu eten barik abesten dogula.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Bizi-Ogiaz sendoturik,
eskatzen deutsugu, Jauna,
bihotz zabalez zerbidu zaiguzala
eta anai-arrebak maitasun sendoz,
Bernardo Mariaren antzera.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
gaur Bernardo Maria Silbestrelli dohatsuaren
jaieguna ospatzeko batu gaituanak,
bedeinkatu, zaindu
eta bere bakean sendotu zagiezala. E/. Amen.

Jesus Jaunak,
Bernardo Maria Silbestrelli dohatsuaren bizitzan
bere Pazku misterioaren indar bizi-barritzailea agertu dauanak
Ebanjelioaren testigu jator egin zagiezala. E/. Amen.

Espiritu Santuak,
Bernardo Maria Silbestrelli dohatsuarengan
ebanjeliozko karitatearen eredua eskeini deuskunak,
emon deizuela Eleizako sinismen eta maitasunezko
batasunean heltzen joateko grazia. E/. Amen.

Eta bedeinkatu zagiezala Jaungoiko Ahalguztidunak,
Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak. E/. Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue