castellano euskera batua euskera bizkaiera

NAHIGABEETAKO AMA BIRJINA

Irailak 15

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

"Ama Birjinak sinismenaren erromesaldian aurrera egin eban, eta leialtasunez lagundu eutson Semeari kurutzeraino, eta honen ondoan, ez Jainkoak nahi barik, zutunik iraun eban, bere Seme bakarrarekin sakon sufrituz eta ama erraiez haren opariarekin bat eginez, berak sorturiko biktimaren hilketa maitekiro onartuz; eta, azkenik, Kristok berak kurutzean hiltzear egoela, amatzat emon eutson ikasleari hitz honeetan: "Andrea, horra hor zure Semea" (Jn 19, 26). Horregaitik, aldarrikatzen dau Eleizak: "Zoriontsua zu, Birjina Maria, hil barik, Jaunaren kurutze ondoan martiritzaren koroa merezi zenduena"."

Ama Birjina Nahigabetuarenganako tradizino luzeko debozinoa kontuan hartuz, Ama hori Kongregazinoaren Zaindari nagusi aldarrikatu eban 38. Kapitulu Jeneralak (1964). Titulu hau Paulo VI. Aita santuak 1973ko martxoaren 8ko Gutun Apostolikoan berretsi eban.

Jai honen ospakizunak Ama Nahigabetuarekin Kristoren nekaldiko misterioan esku hartze sakonagoa bizitzeko aukera eskeintzen deutse Pasiotar guztiei, eta gure Sortzaile santuaren espiritua barritzekoa.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jauna, kurutzearen oinean
zure Semearen oinazeak Amak berea egin egizan nahi izan zenduan,
egizu Eleizak,
Kristoren nekaldian Mariarekin bat eginez,
Haren biztueran parte hartzea merezi daiala.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Judit 13, 17-20

"Bedeinkatu zaizala, ene alaba, goi-goiko Jainkoak
lurreko emakume guztien gainetik"



Egun hareetan, jende guztia guztiz harrituta gelditu zan eta, makurturik, Jainkoa gurtu eben, danak batera esanez:
- "Goratua zu, gure Jainko hori, zuk suntsitu dozuzalako gaur zeure herriaren etsaiak!".

0ziasek esan eutson Juditi:
- "Bedeinkatu zaizala, ene alaba, goi-goiko Jainkoak lurreko emakume guztien gainetik; goratua zeru-lurrak egin zituen Jainko Jauna, berak gidatu zaitualako gure etsaien nagusiaren burua moztera. Jainkoaren indarraz oroituko dan herriari ez jako inoiz ere ahaztuko zuk Jainkoarengan izandako itxaropena. Emon begizu Jainkoak beti goratua izatea eta bere ondasunak hartzea, zeure bizia arriskuan jarri dozulako, gure herria zeinen zapaldua egoen ikusirik. Gure Jainkoaren aurrean zuzen jokatuz, gure hondamendia eragotzi dozu".

Eta herri osoak esan eban:
- "Hala bedi! Hala bedi!".



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 144, 2-4. 6. 8-11

E/. Jauna, zure maitasuna abestuko dut betiren beti.

Egunero zaitut bedeinkatuko,
zure izena menderen mende dot goratuko.
Haundi da Jauna, guztiz goresgarri,
Haren haunditasuna ez daiteke igarri. E./

Gizaldiak gizaldiri zure lanak adierazoten deutsoz,
zure indarra iragarten deutso.
Zure aintza haundiaren dirdira zabal aitatzen dabe,
zure mirariak zabaltzen dabez. E./

Bihozbera da Jauna eta errukiorra,
Berant haserre eta guztiz onbera.
Ona da Jauna guztientzat,
errukior Berak egin dituenentzat. E./

Jauna, zure lan guztiak ospatu zagiezala,
Zure zintzoak bedeinkatu zagiezala.
Zure erregetza zein bikain dan autortu begie,
Zure ahal-izateaz hitz egin begie. E./



BIGARREN IRAKURGAIA: Kolosarrei 1, 17-24

"Honela betetzen ditut nire haragian Kristoren nekeak"

Senideok:
Diran guztiak baino lehenago da Bera, eta guztiak Beragan diraute. Gorputzaren buru ere Bera da, Eleizaren buru. Bera da hasierea, hilen arteko lehen-semea, diran guztietan Bera izan dadin lehenengoa. Jainkoaren gogoko izan dalako betearen betea Harengan egotea, eta Haren bidez, gauza guztiak Berekin adiskidetzea; Haren kurutzeko odolaz bakeak eginik, zeru-lurretan diran guztiekin.

Zuek lehen Jainkoarentzat arrotz zineen eta etsai, okerrera eroaten zaituen zuen pentsakeraz. Orain, barriz, Kristok bere gorputz hilkorrean jasan eban heriotzaren bitartez, Jainkoak Berekin baketu zaitue, bere aurrean herri santu, garbi eta pekaturik bagea agertu zaitezen. Baina, horretarako, fedean gogor eta sendo iraun behar dozue, Ebanjelioaren itxaropenik baztertu barik; entzun dozue eta zerupeko sorkari guztiei dei egin jaken Ebanjelioa, eta ni, Paulo, barri on horren zerbitzari egina izan naz.

Poza dot orain, zuen onerako eroaten ditudan nahigabeengatik; honela betetzen ditut nire haragian Kristoren nekeak, Haren gorputza dan Eleizaren alde. Jaungoikoak Eleizaren zerbitzari egin nau, eta bere barri ona zuei osorik adierazteko eginkizuna emon deust.



SEKUENTZIA

Zutunik, kurutze-ondoan,
Ama samina egoan,
eta Semea zintzilik.
Haren arimaren mina!,
zazpi ezpatak egina,
han egoan larrituta.

Hain estu eta atsekabea,
Seme bakardun Andrea,
Ama bedeinkatua!
Oinazez eta atsekabez,
Seme kutunaren lanez
egoan errukitua.

Nork ez dau negar egingo,
Jesusen Ama halango
oinazez ikusita?
Ama-Semeak ikustean
biak oinaze berean
alkarrekin josita?

Baekian beretarren
erruz ebela zigortzen
Jesus, bere maitea.
Inortxok ere ez laguntzen,
eta azken arnasak emoten
han ekusan Semea.

Agur, Ama, maite-iturri,
zurekin oinaze bizi
hartu dagidan egizu.
Sutu Kristoren maitean
bihotz hau, eta haren aurrean
eder egin nagizu.

Ama, nire bihotzari
Kristoren zauriak jarri,
arren, barru-barruan.
Seme horren neke-lanak
erdiz bialdu niregana,
maite nauan sarian.

Zurekin negar bizian
naukazu, eta haren zorian,
hil nadin arteraino.
Zurekin kurutze-ondoan
lagunduz, negar malkotan
nagon bizi nazaino.

Birjinetan ederrena,
zakidaz zeu samurrena,
niri negar eragin.
Kristoren neke-heriotz
zauriak hartzeko, bihotz
hau adoretsu egin.

Zauritu ni zeure zauriez,
zoratu ni zeure odolez,
kurutze-iturripean.
Su-garrez erre ez nagien
Nire alde jarri, arren,
Ama azken egunean.

Hemendik urtetekoan,
Amaren bidez ni noan,
Kristo, garaipenera.
Nire gorputz hau hiltean,
arima doala hegan
Zeruko pozetara.
Amen.



Aleluia

Zutunik egoan Andre Maria,
zeru-lurretako Erregina,
sufritzen Jaunaren kurutze ondoan.



EBANJELIOA: Joan 19, 25-27

Oinazez eta atsekabez,
Seme kutunaren lanez egoan errukiz betea



Aldi aretan, Jesusen kurutzearen oinean egozan: bere ama, amaren ahiztea -Kleofasen Maria-, eta Maria Magdalena.

Jesusek bere ama ikustean eta, han bertan, Berak hain maite eban ikaslea, honan esan eutson amari:
- "Andrea, horra hor zure semea!".

Eta gero ikasleari:
- "Horra hor zure ama!".

Eta arrezkero, ikasleak bere etxean euki eban Maria.

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoitz egin deiogun Jesus Jaunari, bere Amak kurutze ondoan nekaldiko oinazeetan parte hartu egian nahi izan ebanari, eta eskatu deiogun gure senide diran gizaki guztien alde.

1.- Kristauok, Andre Mariak lez, gizakien sufrimentuetan parte hartzen jakin dagigun eta sufritzen dagozanen ondoan iraun, bizipoza eta maitasuna eskeiniz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristoren odolaren frutuak eta beronen nekaldian Andre Maria, Eba barriak, bihotz haundiz jasan zituen oinazeenak, giza familia osora heldu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Andra Mariaren arima saminezko ezpata batek zeharkatu egian nahi izan eban Jaungoikoak sufritzen dagozanei lagundu daien eta pekatuekaitik kezkatsu bizi diranei parkamena eta bakea emon. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Estualdietan edo bakarrik, maite dabezenengandik aldenduta, ez ulertuak, ase ezinik edo barru-hutsik bizi diranen alde, Andre Maria Nahigabetuak poztu eta indartu daizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Andra Maria eredutzat harturik eta bera bitarteko, Jaunaren kurutze ondoan iraun dagigun, eta gure sufrimentuak Kristorenakin alkartu daiguzan gizaki guztien onerako. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA:Giza berrerospen ekintzan zure Semearen Amak bihotz haundiz parte hartu egian nahi izan zenduan Jaungoiko gure Jauna, entzun zure herriaren otoitzak eta egizu berrerospenaren frutuak heldu daitezala ugari zure seme-alaba guztiengana. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Eraldatu, Jauna, dohain honeek
Espiritu Santuaren bitartez,
Ama Birjinarekin batera
egiten dogun altarako opariak
munduko pekatua kendu daian
eta zeruko ateak zabaldu deiskuzan.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta beharrezko,
zuzen eta salbagarri,
zuri, Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiereko horri,
eskerrak emotea nonahi eta beti,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Giza familia erabarritzeko,
zeure jakinduria neurtuezinaz,
Eba barria Adan barriaren kurutze ondoan
egon eiten nahi izan dozu,
Espiritu Santuaren egitez haren Ama izan zanak,
zeure ontasunaren dohai barri bati esker,
nekaldian parte hartu egian;
eta haurra erditzean izan ez zituen oinazeak
gu zuretzat birjaioaraztean, ikaragarriak, jasan egizan.

Horregaitik,
aingeru eta goiaingeruekin
eta zeruko talde guztiekin
zeure aintzaren goratzarrea abesten deutsugu etenbarik.

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Betiko salbamenaren sakramentua hartu ondoren
eskatzen deutsugu, Jauna,
Ama Birjinaren nahigabeak gogoratuz
bete dagigula gugan Elizaren alde
Jesu Kristoren nekaldiari falta jakona.
Jainko eta errege bizi zara-ta gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

- Gizadi barriaren Ama egiteko,
Ama Birjina, kurutzearen oinean,
Semearen pasinoarekin alkartzea nahi izan eban Jaunak,
bere maitasun misterioaren oinordekide egin zagiezala. E./ Amen.

- Eta Kristok, ikasle maiteari
bere Ama amatzat hartzeko agindua emon eutsonak,
zuoi, nekaldiaren misterioa gogartuz bizi zareenoi,
emon deizuela Ama horrenganako maitasun bera. E./ Amen.

Eta zuok, Kristo kurutziltzatuaren eta Ama nahigabetuaren irudia
bihotzean markatua eroanez eta bizitzan erakutsiz,
kurutzearen kerizpean bizitzea pozbide dozuenok,
lortu daizuela eurekin garaile izatea zeruetako aintzan. E./ Amen.

- Bedeinkatu zagiezala
Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue