castellano euskera batua euskera bizkaiera

San BIZENTE MARIA STRAMBI

Irailak 24

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Civitavechian jaio zan 1745. urtean. Abade ordenatuta laster sartu zan sortubarri zan Pasiotarren Kongregazinoan. Kristau bizitzaren eragile gartsua izan zan, batez ere, Jesukristoren Nekaldiaren iragarpenez, ea Italia osoa zeharkatuz. Kristau ikasbide eta otoitz giroko hainbat liburu argitaratu ebazan. Azken honeen artean Odol Guztiz Baliotsuari buruzko liburua dugu azpimarragarrienetakoa. Askoren zuzendari argia izan zan santutasun bidean; gogora daiguzan bi: Gaspar del B˙falo santua eta Ana Mari Taigi dohatsua. Macerata eta Tolentino eleizbarrutietako gotzain izendatu eben; su eta gar jardun eban apostolu lanetan eleizgizonei eta kristau herri osoari bizibarritzera eraginez, artaldearen alde artzain arduraz jokatuz. Bere sasoiko herri bizitzako nahastetan, Eleizearen askatasunaren defendatzaile bulartsua agertu zan, Napoleonen agintaldiko lapurketen aldeko leialtasuna baino erbesteratzea lehenago aukeratuz. Bere eleizbarrutira bihurtu zanean, bere artzaintzako arduraz eta behartsuen aldeko zerbitzuz lehen baino ere distiratsuago agertu zan. Leon XII. Aita Santuak Quirinal-era erakarri eban bere kontseilaritzat. Bertan hil zan 1824. urteko urtarrilaren 1an, egoera larrian egoan Aita Santuaren alde bere bizia Jaunari eskeiniz. Bere gorputz hondarrak Maceratan datzaz 1957. urtetik gora.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko Jauna,
Zuk emon zeuntson Bizente Maria Strambi gotzainari
zure Eleizan Jesukristo Kurutzekoaren
azkenbako ondasunak iragarteko misinoa;
emoiguzu guri ere, bere bitartez,
zure maitasun misterioa gero eta gehiago ezagutzea
eta Ebanjelioaren harira zure presentzian ibiltea,
egite onezko frutu ugariak emonez.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Isaias 61, 1-3a

"Behartsuei barri ona emotera bialdu nau,
bihotz-urratuak osatzera"



Jaunaren Espiritua neugan dago,
Jaunak igurtzi nau-ta.
Behartsuei barri ona emotera bialdu nau,
bihotz-urratuak osatzera;
katiguei parkamena iragartera
eta giltzapetuei askatasuna;
Jaunaren grazi-urtea
eta gure Jainkoaren bengantza-eguna iragartera;
negarrez dagozanak poztu daitezan,
eta alaitu, Siongo atsekabetuak.



ERANTZUN-SALMOA: Sal 88, 2-5. 21-22. 25-27

E/. Iragarriko dot, Jauna, zure salbamena.

Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti,
zure leialtasuna adierazoko gizaldiz-gizaldi.
Esana dozu: "Maitasuna betiko dot eregi",
zure leialtasuna zeruan dozu sendo jarri. E./

Ituna egin dot nire autatuarekin,
Dabid nire morroiari neutson zin egin:
"Betiko sendotuko dot zure hazia,
menderen mende eregiko zure aurkia". E./

"Dabid aurkitu dot morroi niretzat,
igurtzi dot nire orio santuaz,
nire eskua beti beragaz izan dagian,
nire besoak bizkortu dagian". E./

"Nire leialtasuna ta grazia ditu beragaz,
nagusi urtengo dau haren indarrak nire izenagaz,
Berak deituko nau: "Zeu zaitut Aita,
ene Jainko, nire salbamenaren Harkaitza"." E./



Aleluia

Inok ez dau maitasun haundiagorik
bere adiskideen alde bizia emoten dauanak baino.



EBANJELIOA: Joan 10, 11-16

"Artzain onak bere bizia emoten dau ardiakaitik"

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen farisearrei:
- "Neu naz artzain ona. Artzain onak bere bizia emoten dau ardiakaitik. Morroiak, ostera, artzaina ez danak, ardiak bereak ez dituanak, ikusten dau otsoa etorten, eta, ardiak itzita, iges egiten dau; otsoak harrapau eta sakabanatu egiten ditu, morroiak ez daukalako ardien ardurarik.

Neu naz artzain ona; ezagutzen dodaz neure ardiak, eta nireak ezagutzen nabe Ni; Aitak Ni ezagutzen nauan lez, eta bardin Nik Aita. Gainera neure bizia emoten dot Nik ardiakaitik. Badaukadaz artegi honetakoak ez diran beste ardi batzuk; honeek ere ekarri beharra daukat; entzungo dabe nire ahotsa, eta artalde bakarra izango da, eta artzain bakarra".

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoi egin dagiogun, anai-arrebok, Bizente Maria Strambi lagun dogula, Aita Jaungoiko Ahalguztidunari, bere Seme bakarra emoteraino mundua maite izan dauanari.

1.- Aita santuaren alde: Jainkoak emon deiozala jakituria eta sendotasuna, Jainko Herri santua zuzentzeko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gotzain eta abadeen alde: Hitzaren eta Eukaristiaren zerbitzari diranez, Kristoren gose-egarri diranei behar daben janari ugaria eskeini deioen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Herrietako agintedunen alde: Jaungoiko gure Jaunak zuzendu daian euren buru-bihotzak, herriak justiziz, askatasunez eta bakez gidatu dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Misiolarien alde: herriei Kristoren Nekaldia iragarteko eginkizuna dauken ezkero, jentea bihotz-barritzera eta santutasunera erakarten ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen batu garanon alde: Bizente Maria Strambiren antzera, gure bizia jarri daigula Jesukristo Kurutzekoaren eta bere Eleizaren alde. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Jauna, luzatu zure begirada samurra apaltasunez eta itxaropenez dei egiten deutsun familia honen gainera; Bizente Maria Strambi lagun dogula, zure Eleizan ez daitezala inoiz falta artzain santu eta argiak, geroko zorion herrira zuzendu dagien. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Onartu egizuz, Jauna,
altarera ekarri deutsuguzan oparigaiok,
Bizente Maria Strambi gotzain santuaren oroipen egunean;
eta eiguzu, bere eredua jarraituz,
Kristo zure Semearen erakutsiak leialki jarraitu daiguzala,
Ebanjelioaren iragarpenean lankide sutsuak izanez.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen,
nonahi eta beti eskerrak emotea,
Jauna, Aita Guztiz santu,
Jaungoiko Ahalguztidun Horri,
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

Gaur Bizente Maria Strambiren
jaieguna ospatzeko pozaldia emoten deuskuzulako;
bere bizitzaren jarraibidez zure Eleizea sendotzen dozu,
bere hitzez irakasten deutsozu
eta bere laguntzaz zaintzen.

Horregaitik guk ere,
zeruko aingeruekin batera
gorespen goratzarrea abesten (esaten) deutsugu:

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Jauna, zure mahai santuan janaritu gaituzu;
egizu sakramentu honek sendotu gaizala zure maitasunean
eta eragin deigula gure anai-arrebakan Zu zerbitzera.
Jainko eta errege bizi zara-ta gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
gaur San Bizente Maria Strambiren jaieguna ospatzeko batu gaituanak,
bedeinkatu, zaindu
eta bere bakean sendotu zagiezala. E/. Amen.

Jesus Jaunak,
San Bizente Maria Strambiren bizitzan
bere Pazku misterioaren indar bizi-barritzailea agertu dauanak
Ebanjelioaren testigu jator egin zagiezala. E/. Amen.

Espiritu Santuak,
San Bizente Maria Strambirengan
ebanjeliozko karitatearen eredua eskeini deuskunak,
emon deizuela Eleizako sinismen eta maitasunezko
batasunean heltzen joateko grazia. E/. Amen.

- Bedeinkatu zagiezala
Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue