castellano euskera batua euskera bizkaiera

Santa GEMA GALGANI

Maiatzaren 16a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

1878. urtean jaio zan Toscanan, Italiako lurraldean, Luccatik hur. Umetatik izan eban Jesukristoren Nekaldiaz maiteminduta bizitzeko grina eta dohaia; bizikeraz garbia, barru-jokeraz zerutarra. Aita eta amagandik umetan gelditu zan umezurtz; handik laster inguruko kristau familia batek karidadez berean hartu eban. Kristau birtutez ondo jantzitako familia zan. Gema birjintasun botoz Jaunari eskeini jakon eta gogo beroz santutasun bidera jo eban. Eukaristiagazko eta Jesus Kurutzeratuagazko debozino sutsua bizi izan eban. Jaunak goi-mailako karisma bereziz aberastu eban, pekatarien alde bere burua oparitzat eskeiniz. Ahaleginak eta bi egin ebazan pasiotar lekaimeen artean sartzeko. Bere ametsak gauzatu ezinik, munduaren erdian emon eban, emon halako santutasun jarraibide harrigarria. 1903. urteko apirilaren 11an, zapatu santuz, hil zan Luccan.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Jainko Jauna, Gema Galgani santua
zure Seme Kurutzeratuaren irudi bizi egin zenduan;
emoiguzu, bere bitartez,
Jesukristoren oinazetan partekide izanez,
bere aintzan ere kide izan gaitezala.
Zugaz eta Espiritu santuagaz
Jainko eta errege bizi da ta gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: Ebertarrei 12, 1-6

"Joan gaitezan, eroapen handiz, dagokigun burrukaldira,
sinismenaren iturri eta helburu dan Jesus gogora erakarriz"


Senideok: Honenbeste testiguren hodei-erdian gagozan ezkero, itzi daiguzan karga guztiak eta inguratzen gaituan pekatua; eta joan gaitezan, eroapen handiz, dagokigun burrukaldira, sinismenaren iturri ta helburu dan Jesus gogora erakarriz. Honek ere, izan eikean atseginaren ordez, kurutzea eroan eban, lotsakizuna gitxietsirik; eta orain Jaungoikoaren aurkiaren eskoi-aldean jarrita dago.

Gogoan euki egizue, bada, halako eraso-aldia pekatariakandik eroan ebana; ez etsi, ez galdu adorerik. Oraindino ez zaree odola isurtzeraino heldu, pekatuaren aurkako burrukaldian. Ahaztu egin jatzue, semeei lez emoten jatzuen burubide hau:
- "Ene seme: ez txarto hartu Jaunaren zentzaldirik, eta ez galdu adorerik, Harek hasarre egin deutsula-ta, maite dauana bait dau Jaunak zentzarazten eta semetzat hartzen dauana dau zigortzen".



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 33, 2-3. 6-7. 8-9

E/. Bila dabilkiozanen hur-hurrean dago Jauna.

Bedeinkatu dagidan aldi oro Jauna,
nire ahoan beti Haren gorespena.
Gailendu bekit bihotza Jaunagaz,
poztu beitez apalak hori entzuteagaz. E./

Begitu egiozue alaitu zaitezen,
zuen aurpegiak lotsatu ez daitezen.
Dohakabe honek oihu egin eban, eta Jaunak entzun,
estualdi danetatik atara dau bere eskuz. E./

Jaunaren aingeruak txabolak ipinten ditu
bildur deutsoenen inguruan, eta babesten ditu.
Txastau egizue ta ikusi ze samur dan Jauna,
bai dohatsu, Haregana iges doana. E./



Aleluia

Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
zure erreinuko misterioak
jende apalari erakutsi deutsazuzalako.
(Mt 11, 25)



EBANJELIOA: Mateo 11, 25-30

"Gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde,
eta jente apalari erakutsi deutsazuz-eta"



Aldi haretan, Jesusek honan esan eban:
- "Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jente apalari erakutsi deutsazuz-eta. Bai, Aita, holantxe nahi izan dozu. Nire Aitak dana emon deust; inok ez dau ezagutzen Semea, Aitak baino; ezta Aita ere, Semeak baino, eta Semeak agertu nahi izan deutsonak baino.

Zatoze Nigana, nekatuok, lanpetuok; eta Neuk arinduko zaituet. Hartu egizue nire buztarria eta ikasi Nigandik: bihotz-bera naz eta apala; eta atsedena aurkituko dozue zuen arimentzat. Nire buztarria leuna da-ta, eta nire zama arina".

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok, dei egin deiogun Jainkoaren errukiari, eta Santa Gema Galganiren erakutsiz argitu nahi izan gaituan lez, lagundu deigula, gure eskariak onartuz.

1.- Jaunak gehitu dagiala Eleizearen edertasuna, beragan gero eta gehiago ugaritu daitezan birjina gartsuak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Santa Gema bitarteko dogula, Jaunak argitu dagizala pekatariak, euren hutsegiteak autortuz, parkamena lortuko daben uste osoa emon deioela eta pekatuak autortzeko adorea izan dagiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Behartsu, ezindu, bidegaldu eta itxaropenik barik bizi diranen alde: euren oinazeminez Jesukristoren Kurutzean partekide diran guztiak, Kristoren Nekaldian aurkitu dagiela behar daben bakea eta atsedena. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Klausurako lekaime pasiotarren alde: Kristogaz bat eginik, ezkutuan daroen bizikereak erakarri dagizala Jaungoikoagandik aldenduak, eta giza-bihotzak daukan zoriontasun egarria ase leiken bakarraren bila gogo biziz hasi daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Santa Gemaren antzera, Eukaristian ase dagiguzala gure maitasun egarriak, Jaunak sendotu dagiala gure makaltasuna eta gure itxaropena bizkortu. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Jauna, Zeuk aukeratu zenduan Santa Gema zure sinistedunen artean, Zuganako biderakusle; entzun egizu gure otoitza, eta bere erakutsiak lagun deiguela Jesukristo Kurutzekoari jarraitzen, egun baten beragaz batera zure Erreinuko aintza lortu ahal daigun. Jesukristo gure Jaunaren biratez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Jainko Jauna, lagundu eiguzu, arren,
opari eder hau bihotz garbiz eta gogo beroz
eskeini deizugula,
Santa Gema Galgani gogoan dogula.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Bai, zuzen eta bidezko da
zeruko eta lurreko izaki guztiak
Zu goratu zagiezan, Jauna,
eta, zeruetako Erreinuagaitik
Kristori eskeiniak izan diran
santuak gogoan doguzalarik,
zure asmo ederrak ospatzea.

Harei esker, lortuten dau gizakiak
Zugandik hasieran hartu eban santutasuna,
eta lurrean bertan dastatzen ditu
zeruko dohaiak.

Horregaitik, aingeru eta santu guztiekaz
beti eta beti goresten zaitugu abestuz:

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Zeruko janari honegaz indarbarriturik, Jauna,
munduarentzat hilik
eta Kristorentzat bakarrik bizirik irautea lortu dagigula,
Santa Gema Galganiren erakutsiak jarraituz.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
gaur Santa Gemaren jaia ospatzeko batu gaituanok,
bedeinkatu, zaindu eta bere bakean sendotu gagizala. E./ Amen.

Kristo Jaunak,
Santa Gemagan
Pazko misterioaren indar barritzailea agertu deuskunak,
bere Ebanjelioaren benetako testigu egin gagizala. E./ Amen.

Espiritu Santuak,
Santa Gemagan Ebanjeliozko
karidate eredua eskeini deuskunak,
emon deizuela bere grazia,
sinismen eta maitasunezko batasuna
Eleiza gehitzeko grazia. E./ Amen.

Eta Jaungoiko Ahalguztidunaren
Aitaren, Semearen, eta Espiritu Santuaren
bedeinkapena jatsi dedila zuen gainera. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue