castellano euskera batua euskera bizkaiera

Santa MARIA GORETTI

Uztailaren 6a

Iruzkinak >>  
#
# # #

Liturgia

##

# # #
#
# # #

Biografia Datuak / Espiritualitatea

Corinaldon (Italian) jaio zan, 1890. urteko urriaren 16an, familia behartsu baten. Bere umearoa, neketsua benetan, Nettuno inguruan igaro eban, eta bere zeregina amari etxeko arazoetan lagundutea izan zan; txikitatik agertu zan jainkozale, sarri otoitzera emona. 1902an, bere garbitasuna zaindu beharrak eraginda, hiltea nahiago izan eban pekatu egin baino: bere aurka eraso eban gazteak azkena emon eutson, burdinziri batez heriotzaz zaurituz. Hil aurretik Mariak bere erasotzaileari parkatu eutson. Pio XIIak kanonizatu eban 1950. urtean. Pasiotarrak arduratu ziran bere beatifikazinoaz, eta eurak zaintzen eta zuzentzen dabe arduraz Nettunoko santutegia eta bertan gordeten diran bere gorputz-hondarrak.

# # #
#
# # #

Mezako otoitza

Errugabetasunaren eta garbitasunaren iturri zaran Jauna,
zure zerbitzari Maria Gorettiri
gaztaro ederrean martiriza-grazia emon zeuntson;
emoiguzu, bere bitartez,
zure aginduak beteteko sendotasuna,
hari bere sendotasunaren saritzat martiri-koroia emon zeuntson Horrek.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Berbearen Liturgia

LEHENENGO IRAKURGAIA: 1 Korintokoai 6, 13c-l5a. 17-20

"Zuen gorputzak Kristoren gorputz-atal dira"


Senideok:

Gorputza ez da haragikeriarentzat, Jaunarentzat baino; eta Jauna gorputzarentzat. Jauna biztu eban Jaungoikoak biztuko gaitu geu ere bere indarrez.

Ez ete dakizue zuen gorputzak Kristoren gorputz-atal dirana? Jaunagaz alkartzen dana, espiritu bat da Haregaz.

Iges egizue haragikeriatik. Gizonak egin daiken beste edozein pekatu, gorputzetik kanpora gelditzen da, baina haragikeria egiten dauanak, bere gorputzean egiten dau pekatu.

Ala ez dakizue zuen gorputza Espiritu Santuaren jauretxe dana? Zuokan bizi da Bera, Jaungoikoak emonda. Ez zaree zeuon buruaren jabe, karu erosiak baino. Goratu egizue, beraz, Jaungoikoa zuen gorputzagaz.



ERANTZUN-SALMOA: Salmoa 30, 3b-4. 6 eta 8. l6b-17

E/. Zu zara, Jauna, nire babesa.

Izan zakidaz harkaitz, ni gordeteko,
gaztelu sendo, ni salbatzeko.
Zeu zaitut harkaitz eta gaztelu,
zure izenagaitik eroan nagizu eta gidatu. E./

Zeure eskuetan izten dot nire arnasea,
askatuko nozu, Jauna, Jainko leiala.
Poztu eta alaituko naz zure maitasunaz,
begiratu deutsazulako nire zoritxarrari. E./

Atara nagizu arerioen eskutik,
aurrean narabilenakandik.
Arpegi argia erakutsi morroi oni,
salbau nagizu zeure errukiz. E./



Aleluia: St 1, 12

Zorionekoa probaldian sendo irauten dauan gizakia!
Proba gainditu ondoren, Bera maite dabenei
Jainkoak agindu deutsen
betiko bizia jasoko dau sari.



EBANJELIOA: Joan 12, 24-26

"Galgaraua hilten bada, garaua ugari emoten dau"

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- ?Bene-benetan dinotsuet: galgaraua lurrean jausi eta hilten ez bada, bakarrik gelditzen da; baina hilten bada, garaua ugari emoten dau.

Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; eta bere bizia gorroto dauanak mundu honetan, betiko bizitzarako gordeko dau.

Nire serbitzari izan nahi dauanak, jarraitu beist; eta Ni nagoan tokian, hantxe izango da nire serbitzaria ere. Nire serbitzari egiten dana, goratu egingo dau nire Aitak?.

# # #
#
# # #

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: otoi dagiogun Jaungoiko Aitari, Maria Goretti birjina eta martiriaren testigantzaz gure sinismena sendotzen eta bere laguntzaz babesten gaituanari, eta bere herriaren eskariak entzun dagizala eskatu deiogun.

1.- Eleizearen alde: gaiztakeriaren aurka sendotu dagiala, Ebanjelioaren aldeko testigantza beti ausardiz emonez. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrialdeetako agintarien alde: umearoan dagozanen duintasuna zaindu eta zapalduta sentitzen diran ume guztiak eten barik babestu dagizan; gizonen bihotz gaiztoz edo bizitzaren gogorkeriz sufritzen dabenak Eleizagan aurkitu dagiezala laguntza eta babesa. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gazte guztien alde: Jaungoikoa euren bizitzatik hur aurkitu dagien eta bihotz zabalez erantzun dagien euren kristau bokazinoaren eskakizunen aurrean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Maria Goretti martiriaren bitartez, Jaunak bere bakez eta sendotasunez bete dagizala, bizitzako larritasunen eta tentaldien aurrean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartu garan guztion alde: gure kristau sinismenak eta ebanjeliotik darion maitasunak eraginda, Jesukristo iragarri deiegun oraindik ezagutzen ez dabenei edo ezagutu ez balebe lez bizi diranei. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Jesukristo gure Jauna, birjintasun bidea zeuretzat aukeratu eta kastitatea maite dozuna, onartu egizuz gure eskariak eta, santa Maria Goretti bitarteko dogula, emoiguzuz eskatu deutsuguzan ondasunak. Jaungoiko eta errege bizi zara ta gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Opagaien gaineko otoitza

Gure Jaun eta Jaungoiko,
atsegin bekizuz
Maria Goretti martiri santuaren egun honetan
eskeintzen deutsuguzan oparigaiok,
behinola bere martiritza aintzatsua izan jatzun lez.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Eskerrak emotea - Prefazioa

V./ Jauna zuekin.
E./ Eta zure espirituarekin.

V./ Gora bihotzak.
E./ Jaunagan daukaguz.

V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen,
Zu Jaun hori beti gorestea,
nunahi eta beti Zuri eskerrak emotea,
Jauna, Aita guziz santu,
Jaungoiko Ahalguztidun betiko horri.

Maria Goretti martiri santuak,
Kristori jarraituz,
zure izena autortzeko isuri dauan odolak,
argi erakusten ditu zure miragarriak:
gure makaltasunean zure ahalmena agertzen dozu,
eta indartsu egiten indarrik bakoa,
zure autorle eta lekuko izan daiten,
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

Horregaitik, zeruko talde guztiekin
lurrean beti eta beti goresten zaitugu,
Zuri Jaungoiko guztiz haundi Horri,
eten barik (esanez) kantatuz:

Santu, Santu, Santua...

# # #
#
# # #

Jaunartzearen osteko otoitza

Jaungoiko gure Jauna,
Maria Goretti santua zure santuen artean
sartzea nahi izan dozu,
martiritzaren eta birjintasunaren koroi bikoitzaren edertasunez;
Emoiguzu, arren, hartu dogun sakramentuaren indarrez,
txarraren indarra menperatu daigula
eta holan zeruko aintza jaristea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

# # #
#
# # #

Bedeinkapena

Jaungoiko gure Aitak,
gaur Santa Maria Gorettiren jaia ospatzeko batu gaituanok,
bedeinkatu, zaindu
eta bere bakean sendotu gagizala. E./ Amen.

Kristo Jaunak,
Santa Maria Gorettirengan Pazko misterioaren
indar barritzailea agertu deuskunak,
bere Ebanjelioaren benetako testigu egin gagizala. E./ Amen.

Espiritu Santuak,
Santa Maria Gorettirengan ebanjeliozko
karidate eredua eskeini deuskunak,
emon deizuela bere grazia,
sinismen eta maitasunezko batasuna
Eleizan gehitzeko grazia. E./ Amen.

Eta Jaungoiko Ahalguztidunaren
Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren
bedeinkapena jatsi dedila zuen gainera. E./ Amen.

# # #

 

Iruzkinak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue