Pasiotar Familiaren albisteak

Pasiotar diakonu berriak

Data: 2014 / 01 / 07

DABID eta DANIEL -pasiotar gazteak- DIAKONU.

Gaur egun negarmuxin asko dago bazterretan, Eliz barruko giroa ere barruan dela. Baina, egia esan, pozgarririk ere asko dago. Hona hemen bat: aurtengo abenduaren 21an, Gasteizko San Pedro elizan, mutil tantai lerden bik DIAKONUTZA maila hartu zuten Miguel Azurmendi gotzain jaunaren eskutik: DABID eta DANIEL, pasiotar erlijiosoak.

Ospakizun zirraragarria benetan! Baietz garbi borobila Jainkoari eta gizonen aurrean, inolako baldintza eta kontratu paperik gabe. Beren burua bizitza osorako ezindu, behartsu eta baztertuen zerbitzurako eskainiz. Izan zen zorion oihurik eta txalo zaparradarik ospakizunean! Hori da bizia jokatzea maitasun-zerbitzurako.

Pasiotarren Karismaz hornituta, Gurutzean guregatik bizia eman zuenaren jarraitzaile izateari baietza. Frantzisko aita santuak dionez, “funtzionario” ez baina “profesional” izateko asmo sendoz. Bekatuak bekatu, horrelakoek egiten dute sinesgarri Eliza eta berak iragartzen duen Berri Ona.

Handik-hemendik elkartu gera
San Pedron jende ugari,
Dabid-Daniel, zuek eginda
dugun gonbidapenari.
Gaurko urratsez pozik zaudete
hala duzue nabari.
Elizan eta herri-bizitzan
Diakonu-Zerbitzari:
Lagunduz pobre, gaixo, behartsu,
premian dagoenari.
Jarraituz Jesus Jaunari
eta Paul Gurutzekoari,
adiskideok, har itzazue
gure txalo eta opari:
Zorionak eta eutsi goiari
eta emandako HITZARI.


Ospakizuneko argazki batzuek ikusteko >>>sakatu HEMEN<<<.

 

Argibideak

 
 
bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue