Aurkezpena

Agur t’erdi guztioi.

Bi gauzatxo azaldu nahi dizkizuet eta berri on eta interesgarri bat komunikatu: ERRONKA BERRI bati ekiten diogu, web gune bat zabaldu nahi dugu, pertsona, talde eta elkarte askori lagunduko diogun ziurtasun osoz.

Web gune hau familia erlijioso batean, PASIOTARREN familian, jaiotzen da, eta, zehazki, ORUE auzoan, baina laiko batzuen laguntzarekin ere kontatzen dugu. Badugu horretarako arrazoi berezi bat: 50. urteurrena ospatzen ari gara Oruen gaudena.

Urte hauetan zehar, tontor honetan, ekintza ugari eta bizi-biziak gertatu dira: Orueko parrokiako eta Bizkaiko beste herri askotako pastoral ekintza; gazte askoren prestakuntza eta Pasiotar berrien formakuntza; Lauaxeta ikastolan, ume eta gazte askoren heziketa; dozenaka eta ehundaka pertsonaren isiltasun eta espiritualitate giroa; adineko pertsona ugariren arreta egoitzan; eta euskal kulturaren aldeko zeregin amaituezina, besteak beste.

Hori dena jende askoren borondaterik onenaz, eta, gainera, lan isila eta ezkutua eginez. Beste batzuek, ostera, lana modu ageriagoan egin dute, baina adore eta ekimen handiarekin, garai eta egoera berrietara egokitzeko ahaleginak eginez.

Web gune berriaren APUSTUA petsona horiei guztiei egindako omenaldi antzeko zerbait da, egin duten lanagatik eta eman duten guztiagatik gure esker ona erakusteko modu bat.

Gaur, pertsona horien guztien konpromiso eta ekintza bide eredugarria jarraitu nahi dugu, ona eta egokia sentitzen dugulako. Ez dakigu noraino hel gaitezkeen, baina giza balioak eta Ebanjelioaren BERRIA zabaltzeko aukera emango digu. Horixe da gure ERRONKA.

Bizitzaren edozein eremutan erabil daitekeen MATERIAL multzo bat eskaini nahi dizuegu etengabe. Ez daukazue baimenik eskatu beharrik material hori erabiltzeko. Alderantziz, asko poztuko ginateke erabiliko bazenute eta baliagarri izango balitzaizue. Ea dena osatuta daukagun ondorengo hilabete hauetan. Gure KONPROMISOA da.

Bide ona egin!

Aita Fermin

bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue