Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 12. igandea - 2021.eko Ekainaren 20a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak anaiarteko ospakizun hontara, Jesusen jarraitzaileen topaketa berezi hontara.

Senideok: Jesus Maisuaren urratsei jarraitzera gonbidatzen gaitu liturgiak; jakin badakigulako Jesus dela bide bakarra, bai Jainkoarekin topo egiteko, eta baita Hark eskaintzen dizkigun dohain laguntzak hartzeko ere. Aitarekin dugun topaketa honetan, geure arteko anaitasunaren gozoa aurkitu eta dastatuko dugu; horrela, landu nahi du Jaunak gure sinesmena, gu guztiok seme-alaba, anaia-arreba, bere Familia bezala sentitzera iritsi gaitezen. Hauxe da ospatu nahi duguna.

Hauxe izan da amaitzen goazen PASTORAL URTEAN ere bizi gura izan duguna. Jainkoari eskerrak ematen dizkiogu Beragandik hartutako dohain eta laguntza guztiengatik, eta urte berriaren hasieran indarrez eta animuz bete gaitzala eskatu. Gure Kristau Elkarteak denon beharrizana du.

Sinesmen eta anaitasun batzar honetan guzti hau ospatu nahi dugu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Job 38, 1. 8-11

Itun Zaharreko jakintsu baten gogoeta entzungo dugu. Job, ezaugarria dugu: jainkozale eta indartsua, baina baita ere gizadiaren oinazearen aurrean noraezean aurkitzen dena. Hartzen duan erantzunak, unibertsoa kontenplatzera eroaten du. Eta hemen, benetako jakintsu baten eta maite gaituen baten aztarnak ikusten ditu. Jainkoarekin aurkitzen da.


2. irakurgaia: 2 Korintotarrei 5, 14-17

Pauloren ustez, Jesusengan sinesteak berritasunen kopuru handi bat dakarzkio fededunari. Horregatik, arduraz jartzen ditu kristauak: “Zaharrak” ez zaitzatela harrapa, ezta galkorra den edozeinek ere, iritziak iritzi; hori gabe, Kristogan izaki berriak bezala bizi berritu gaitezen. Aspaldikoa joan da, hasi da berria. Ikuspegi horretatik bizi beharra dago. Onar dezagun gogoeta eder eta sakon hau.


Ebanjelioa: Markos 4, 35-40

Ekaitzaren erdian, ikasleak larri aurkitzen dira eta Jesus trankil, lotan. Urduritasunean Jesusengana hurbiltzen dira, eta honek, sinesmen falta aitatzen du. Jesusek, gizakien kontra dauden indarrak baretu egiten ditu. Eta ikasleak aho zabalik elkarri diotse: “nor dugu hau”? Sinesmenaren hasiera dugu. Bakoitzak egin behar dugun sinesmen prozesuaren hasieran dugun galdera da. Zutik ALELUIA abestuz prestatzen gara entzuteko.

Jainko herriaren otoitza

Itsasontzian Jesusen ikasleak bezala, jo dezagun uste osoz Jainkoagana, gure Aitagana, gure beharrak, Elizarenak eta munduarenak Hari aurkeztuz.

1.- Elizaren alde: Harengan benetan bizirik eta presente dagoen Jesu Kristogan sinets dezan, eta, horrela, Jainkoaren aurpegia argi eta garbiago erakuts dezan gizonen aurrean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintarien eta buruzagien alde: adore handiz eta gogo beroz borroka dezaten bakearen eta justiziaren alde. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Sinesmen bidean eragozpenak eta zalantzak dituenen alde: Jauna agertu dakiokeen pertsonen eta bizitzaren zentzu bete gisa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure artean beharrizanean aurkitzen diren guztien alde: Jesusen antzera, beraiekin arduratu eta hurreratuko diren pertsonekin aurki daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Geure elkarteko eta Elizbarrutiko elkarte guztien alde: anaitasunaren esperientziak itxaropenez bizitzera eta geure sinesmen testigantza adorez ematera eraman gaitzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta elkartearen ibilbiderako lagungarritzat eskaintzen ditugu zeinu hauek.

Mesedez: inork ez dezala pentsa, horrela egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZIA (FAROLA) ISIOTUTA AURKEZTEA

(Elkarteko militante batek edo politika, sindikatu edo erakunde baten sartuta dagoen nagusi batek egin daiteke. Argiontzia meza-emaileari eman eta honek aldare gainean uzten du. Gero honela dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Argiontzi isiotu hau dakarkizut, Jauna. Argi hau Jesu Kristo berbiztuaren eta profeta askok gizaldietan zehar bizi izan duten konpromezuaren ezaugarria da. Mundua eraldatzen, Elizaren eta gizon-emakume askoren ahalegina agertu nahi dizugu. Ahul eta behartsuen alde zauden Aita-Ama ona, onar ezazu zure bihotz onez.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, elkartearen, militante guztien eta nire izenean dakarkizut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure Ebanjelioa zabaltzen egiten dugun ahaleginaren ezaugarri bezala dakarkizut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, nahiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dugu. Emaguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez dadin gezatu.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Sakramentuetan erabiltzen den krisma ontzi hau aurkezterakoan, bataioan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genuen konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dugu. Sarritan kontrako indarrak, lotsak edo beldurrak gehiago egiten digute. Emaguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezen.


ONTZI BATEN LEGAMINAREN AURKEZPENA

(Elkarteko militante batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai den legami pixka bat dakarkizut. Gizarte gizakoiago, berdintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dut eskaintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onar itzazu haien bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dugun laguntza eta gaitasuna eskatzen dizugu.

Agurra

Senideok: Jaunarekin bat egitearen poza ospatu dugu. Sarritan noraezean eta ezinean aurkitzen garan giza esperientzia ia denok izango dugu. Eukaristian indarberritzen gara, eta Kristo geure ondoan sentitzen dugu, gurekin batera datorrela, bere laguntza, indarra eta salbamena eskainiz. Hemen bizi duguna, gure etxeetan, elkarteetan eta besteekin ditugun harremanetan bizitzera deituak gara. Hartu dezagun bere bedeinkapena.

Egun honetarako gogoeta

“Profeta handi bat agertu da gure artean,
Jainkoak bere Herriari ikustaldia egin dio”






Erraz ziurta daitekeen jazoera bat da: orain urte gutxi dela, ez sinestea salbuespeneko egoera bat zen, gehiengo handi batek Jaunagan edo Jesu Kristogan sinesten zuen aldi hartan. Urte batzuetatik honantz, sinestea arraro samarra egiten da.

Sustraira jota, gaurko ez sinestearen arrazoi nagusia honetan datza: giza bizitzako joan-etorrien Jaun eta Jabe bakartzat Jainkoa ez onartzean: haien ustez, jarrera honek Jainkoaren borondatea goitik behera ezartzen dio gizakiari, askatasuna gutxituz, gizakia kanpotik ezarritako erabakien betetzaile huts bihurtuz. Jakina, arrazoibide eta iritzi hauek Jainkoaren irudi faltsu baten fruitu dira.

Hona hemen Kristau Elkartearen atzeratu ezineko eginbehar bat: Jainkoaren irudia garbitzea eta egokitzea, gaurkorako ulergarriagoa eta erakargarriagoa izan dadin. Jainko irudi horren egokitze hori, Jesusen irudia lantzetik eta egokitzetik hasten da; izan ere, Jesus izan zen gizarteko ahaltsuen aurrean gizon guztiz askea, eta, horrez gain, behartsuen eta zapalduen askatzailea. Berak erakusten eta iragartzen duen Jainkoagan duen sinesmenagatik jokatzen du horrela Jesusek. Zehatzago esanda: Jesus da Jainkoaren giza aurpegia.

Jesusek Jainkoa AITATZAT hartzen du; horrela, bere burua Jainko-Semetzat du, ez morroitzat. Beldurrak ez du izan behar Jainkoaren aurrean izan behar dugun jarrera egokia, Jesus Berak erakusten digunez. Bestelako proiektua zuen! Hori dela-eta, Jesusen bizitza osoa hauxe izan zen: beste tankera baten izaten eta bizitzen erakustea. Horrelaxe ulertzen zuen inguruko jende xumeak: “Profeta handi bat agertu da gure artean, Jainkoak bisitatu du bere herria”. Jesus eta bere salbamen presentzia onartzeko, sinesmen prozesu bat egin beharko dute.

Arlo honetan badugu zeregina! Kontua zera da: gure bizitza eta biziera aztertu eta hortik atera kontuak, zer-nolako Jainkoa agertzen dugun.

Zorionekoak Jainkoa Aitatzat ezagutzen dutenak,
eta Jesus, Semetzat eta anaiatzat,
eta hala besteei erakusten dienak:
gure munduarentzat bedeinkapen bihurtuko dira-eta!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Esana egiten diote haizeak eta itsasoak”

(Mk 4, 41)

 

 


bidean@bidean.net
orue