Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 12. domekea - 2021.eko Ekainaren 20a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak anaiarteko ospakizun honetara, Jesusen jarraitzaileen topaketa berezi honetara.

Senideok: Jesus Maisuaren urratsei jarraitzera konbidatzen gaitu liturgiak; jakin dakigulako Bera dala bide bakarra, bai Jaungoiko Beragaz topo egiteko, eta bai Berak eskeintzen deuskuzan dohai laguntzak hartzeko. Aitagaz dogun topaketa honetan, geure arteko anaitasunaren gozoa aurkitu eta dastatuko dogu; holan, landu gura dau Jaunak gure sinismena, gu guztiok seme-alaba, anaia-arreba, bere Familia lez sentitzera heldu gaitezan. Hauxe da ospatu gura doguna.

Hauxe izan da amaitzen goazen PASTORAL URTEAN ere bizi gura izan doguna. Jainkoari eskerrak emoten deutsaguz Beragandik hartutako doe eta laguntza guztiekaitik, eta urte barriaren hasieran indarrez eta animoz bete gaizala eskatu. Gure Kristau Alkarteak danon beharrizana dau.

Sinismen eta anaitasun batzar honetan guzti hau ospatu nahi dogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Job 38, 1. 8-11

Itun Zaharreko jakintsu baten gogoeta entzungo dogu. Job, ezaugarria dogu: jainkozale eta indartsua, baina baita be gizadiaren oinazearen aurrean noraezean aurkitzen dana. Hartzen dauan erantzunak, unibertsoa kontenplatzera eroaten dau. Eta hemen, benetako jakintsu baten eta maite gaituen baten aztarnak ikusten ditu. Jainkoarekin aurkitzen da. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: 2 Korintotarrei 5, 14-17

Pauloren ustez, Jesusengan sinisteak barritasun kopuru handi bat dakartso fededunari. Horregaitik arduraz jarten ditu kristauak: “Zaharrak” ez zagiezala harrapatu, ezta galkorra dan edozeinek be, eritziak eritzi; hori barik, Kristogan izaki barriak lez bizi barritu gaitezala. Antigualekoa joan da, hasi da barria. Ikuspegi horretatik bizi beharra dago. Onartu dagigun gogoeta eder eta sakon hau.


Ebanjelioa: Markos 4, 35-40

Ekaitzaren erdian, ikasleak larri aurkitzen dira eta Jesus trankil, lotan. Urduritasunean Jesusengana hurreratzen dira, eta honek, sinismen falta aitatzen dau. Jesusek, gizakien kontra dagozan indarrak baretu egiten ditu. Eta ikasleak aho zabalik alkarri dinotse: “nor dogu hau”? Sinismenaren hasierea dogu. Bakotxak egin behar dogun sinismen prozesuaren hasieran dogun itauna da. Zutunik ALELUIA abestuz prestatzen gara entzuteko.

Jaungoiko herriaren otoitza

Itsasontzian Jesusen ikasleak lez, jo daigun uste osoz Jainkoagana, gure Aitagana, gure beharrizanak, Eleizearenak eta munduarenak Berari aurkeztuz.

1.- Eleizearen alde: Beragan benetan bizirik eta presente dagoan Jesu Kristogan sinistu daian, eta, holan, Jaungoikoaren aurpegia argi eta garbiago erakutsi daian gizonen aurrean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintarien eta buruzagien alde: adore handiz eta gogo beroz burrukatu daien bakearen eta justiziaren alde. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Sinismen bidean eragozpenak eta zalantzak dituenen alde: Jauna agertu dakioen pertsonen eta bizitzaren zentzun betea lez. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure artean beharrizanean aurkitzen diran guztien alde: Jesusen antzera, eurekaz arduratu eta hurreratuko diran pertsonakaz aurkitu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Geure alkarte eta Eleizbarrutiko alkarte guztien alde: anaitasunaren esperientziak itxaropenez bizitzera eta geure sinismen testigantza adorez emotera eroan gaizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

Mesedez: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZIA (FAROLA) ISIOTUTA AURKEZTEA

(Alkarteko militante batek edo politika, sindikato edo erakunde baten sartuta dagoen nagusi batek egin leike. Argiontzia meza-emoileari emon eta honek altara gainean izten dau. Gero olan dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Argiontzi ixiotu hau dakartsut, Jauna. Argi hau Jesu Kristo berbiztuaren eta profeta askok gizaldietan zehar bizi izan daben konpromezuaren ezaugarria da. Mundua eraldatzen, Eleizaren eta gizon-emakume askoren ahalegina agertu nahi deutsugu. Ahul eta behartsuen alde zagozan Aita-Ama ona, onartu egizu zure bihotz onez.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, alkartearen, militante guztien eta nire izenean dakartsut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure Ebanjelioa zabaltzen egiten dogun ahaleginaren ezaugarri lez dakartsut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, naiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dogu. Emoiguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez daiten gezatu.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Sakramentuetan erabilten dan krisma ontzi hau aurkezterakoan, bateoan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genduan konpromisua gogoratu eta gaurkotu nahi dogu. Sarritan kontrako indarrak, lotseak edo bildurrak gehiago egiten deuskue. Emoiguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezan.


ONTZI BATEN LEGAMINAREN AURKEZPENA

(Alkarteko militante batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai dan legamin apur bat dakartsut. Gizarte gizakoiago, bardintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dot eskeintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onartu egizuz euren bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dogun laguntza eta gaitasuna eskatzen deutsugu.

Agurra

Senideok: Jaunagaz bat egitearen poza ospatu dogu. Sarritan noraezean eta ezinean aurkitzen garan giza esperientzia ia danok izango dogu. Eukaristian indarbarritzen gara, eta Kristo geure ondoan sentitzen dogu, geugaz batera datorrela, bere laguntza, indarra eta salbamena eskeinduz. Hemen bizi doguna, gure etxeetan, alkarteetan eta besteekaz daukaguzan hartuemonetan bizitzera deituak gara. Hartu daigun bere bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

“Profeta handi bat agertu da gure artean,
Jaungoikoak bere Herriari ikustaldia egin deutso”






Errez ziurtatu daitekean jazoera bat da: orain urte gitxi dala, ez sinistea salbuespeneko fenomenu bat zan, gehiengo handi batek Jaunagan edo Jesu Kristogan sinisten eban aldi haretan. Urte batzuetatik honuntza, sinistea arraro egiten da.

Sustraira jota, gaurko ez sinistearen errazoi nagusia honetan datza: giza bizitzako joan-etorrien Jaun eta Jabe bakarra lez Jaungoikoa ez onartzean: euren ustez, jarrera honek Jainkoaren borondatea goitik behera ezarten deutso gizakiari, askatasuna gitxituz, gizakia kanpotik ezarritako erabagien betetzaile huts bihurtuz. Jakina, errazoibide eta eritzi honeek Jaungoikoaren irudi faltsu baten frutu dira.

Hona hemen Kristau Alkartearen atzeratu ezineko eginbehar bat: Jainkoaren irudia garbitzea eta egokitzea, gaurkorako ulergarriagoa eta erakargarriagoa izan daiten. Jaungoiko irudi horren egokitze hori, Jesusen irudia lantzetik eta egokitzetik hasten da; izan be, Bera izan zan gizarteko ahaltsuen aurrean gizon guztiz askea, eta, horrez gainera, behartsuen eta zapalduen askatzailea. Berak erakusten eta iragarten dauan Jaungoikoagan dauan sinismenagaitik jokatzen dau holan Jesusek. Zehatzago esanda: Jesus da Jainkoaren giza aurpegia.

Jesusek Jainkoa AITATZAT hartzen dau; holan, bere burua Jainko-Semetzat dauka, ez morroitzat. Holan dala, ez da bildurra Jainkoaren aurrean izan behar dogun jarrera egokia, Jesus Berak erakusten deuskunez. Bestelako proiektua eukan Berak! Hori dala-eta, Jesusen bizitza osoa hauxe izan zan: beste tankera baten izaten eta biziten erakustea. Holan ulertzen eban inguruko jente apalak: “Profeta handi bat agertu da gure artean, Jaungoikoak bisitatu dau bere herria”. Jesus eta bere salbamen presentzia onartzeko, sinismen prozesu bat egin beharko dabe.

Arlo honetan badogu zeregin ederrik! Kontua zera da: gure bizitza eta bizikerea aztertu eta hortik atera kontuak, ze Jaungoiko agertzen dogun.

Zorionekoak Jaungoikoa Aitatzat ezagutzen dabenak,
eta Jesus, Seme eta anaia lez,
eta halan besteei erakusten deutsenak:
gure munduarentzat bedeinkapen bihurtuko dira-eta!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Haizeak eta itsasoak be esana egiten dautso”

(Mk 4, 41)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue