#
#

Hausnarketak:

# # #

Ez beldur izan!

#

# # #
#
#

EZ BELDUR IZAN!






Gabonak [1] dira! Itzuli funtsezkoenera, itzuli iturrietara, itzuli fedearen sustraietara. Eguberriaren aurreko testuetan, hau da zure Jainkoak behin eta berriz eskatzen dizuna, ez izateko beldurrik:

- Joan Bataiatzailearen jaiotza iragartzean, Jaunaren aingeruak esan zion: “Ez beldurtu, Zakarias, entzun du Jainkoak zure eskaria" [2].
- Mariari, Jesusen amari, aingeruak esan zion: "Ez beldurtu, Maria! Jainkoak gogoko zaitu” [3].
- Joseri, Mariaren senarrari, Jaunaren aingeruak esan zion: "Ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko” [4].
- Zelaietan beren artaldeak zaintzeko gaubeilatzen ari diren artzainei, aingeruak esan zien: "Ez beldurtu! Hara, berrion pozgarria dakarkizuet” [5].


Baina zu, gizaki oro bezala, beldur zara batzuetan: Bizitzeko edo zahartzeko beldur; gaixotasunari, bakardadeari eta sufrimenduari beldurra diozu; maite dituzunengandik bananduko dizutelako, egoeren kontrola galduko duzulako, hitz emateko, huts egiteko, baztertua izateko beldurra duzu; lana galtzeko ere beldur zara… baita arrakastaren eta haren ondorioen beldur ere bazara; orainari eta ia edozein etorkizun zalantzagarriri beldurra diozu; izan ere, batzuetan, Jobek bezala, onartzen duzu “zeri beldurrik handiena, eta huraxe gertatzen zait, zerk izutzen gehien, eta huraxe datorkit gainera” [6]… baina gauza guztien gainetik, gehien beldurtzen dizuna heriotza da… Izan ere, mundu hiper konektatu batean bizi bazara ere, anaitasunaren zaporea galdu duzu, eta gehiegitan ikusi duzu nola apurtzen ziren zure ametsak.

Fede pixka bat bazenu, benetan Beregan fidatuko bazina, ez zenuke beldurrik izango. Gogoratu Jesusek bere ikasleei esan ziena: “Zergatik horrela beldurti, sineste gutxiko gizonok?” [7]. Hori da Jaunak zure bizitzako zenbait unetan esaten dizuna: "Zergatik zara beldur?". Eta ez ahaztu ikasleek Jesusi eskatu ziotena: "Gehi ezazu sinesmena guregan” [8]; ezta ume gaixo baten aitak esan ziona ere: “Sinesten dut, baina lagundu nazazu nire sinesmen urrian” [9].

Gabonetan, Jainkoak zure bihotzari hitz egin nahi dio xuxurlatuz: "Non zaude?” [10]. Baina galduta sentitzen bazara eta ez badakizu oso ondo ez nor zaren, ez gaurko zer nahi duzun, edo biharko zer irrikatzen duzun, agian Adanek bezala erantzungo diozu: “Zure oinotsa baratzan entzun dudanean, beldurtu eta gorde egin naiz” [11].

Edonor zarela ere, bihotza geldiaraziko dizun beldur handia izan arren, zailtasunen erdian irauteko konfiantza behar duzu eta umila izan. Jarri Jainkoarengan zure konfiantza; fida zaitez "Ez izan beldurrik, ez kezkatu” esaten dizun Honengan… Zuretzat onena nahi duena eta baldintzarik gabe maite zaituena [12]… Leialtasuna, zentzua, etorkizuna eta bizitza osoa eskain diezazukeena… Zure ondoan dabilena eta “Ez izan beldur, zeurekin bainauzu; ez larritu, zure Jainkoa bainaiz. Nik indartu, lagundu eta eutsi egiten dizut" [13] behin eta berriz errepikatuz suspertzen zaituena. Zuk ez ahaztu, porrotak porrot, behin eta berriz gonbidatzen zaituela historiaren erantzukizuna zure gain hartzera, mundua adorez eta konfiantzaz eraldatzeko borrokatzera, itxaropenez beteriko etorkizun baterantz ibiltzera.

Gabonetan, Jaunak dei pertsonal bat egiten dizu, eta banakako erantzun baten zain egoten da; inork ezin du zure ordez erantzun: “Hara, atean nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea ireki, bere etxera sartuko naiz” [14]. Bai, eguna joan eta eguna etorri, Eguberri betiereko honetan, zure Jainkoak dei egiten dizu… zure bizitza eralda dezakeenari zure bihotza zabaltzera gonbidatuz… eta, Erreinuaren bidetik, alde batera utzitakoengana, azkenak bezala aintzat hartzen diren anai-arreba horiengana zure begiak, zure bihotza eta zure bizi osoa bideratuz…

Jarri zaitez beti bidean erorita dagoenaren ondoan [15], hemengoa edo hangoa den kontuan izan gabe… eta ikusiko duzu maitasunak nola hausten dituen isolatzen eta banatzen dituzten kateak, haien ordez errukiz eta duintasunez dakiten zubiak eraikitzeko…

Zeharkatu itzazu aurreiritziak, gainditu oztopo historiko eta kulturalak, bai eta interes ziztrinenak ere, jarrera solidario eta arretatsuarekin, zugandik hurbil edo munduko beste muturrean dauden haur, gazte, gizon, emakume eta adineko bakoitzaren hauskortasuna [16] zaintzeko…

Borroka ezazu gabeziaren, desberdintasunaren, lanik, lurrik eta etxebizitzarik ezaren egiturazko zergatien aurka… Erein elkarkidetasuna! [17].

Eta makurtzen, atsekabetzen edo mespretxatzen duten hitzak erabiltzea nahiago dutenen aurrean, zuk egin apustu suspertzen, indarberritzen, sendotzen, bihotza arintzen eta alaitzen duten hats-hitzak erabiltzearen alde…

Irten zure segurtasunaren biribilgunetik… Berbideratu zure indarra eta samurtasuna… Egin ezazu zure borroka emankorra… Zabaldu zubiak, hautsi hormak, eraiki ezazu beste batzuekin mundu bidezkoago eta anaikorrago bat, solidarioagoa eta itxaropenez betea…

Mikel Pereira
----------------------------------------------------





[1] Zer da Eguberria?:

- Pozez beteriko ospakizuna da. Eta aingeruak horrela azpimarratzen du: "Berrion pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere" (Lk 2, 10). Izan ere, poztasuna erreala izan daiteke baldin eta denek senti badezakete. Horregatik, Gabonetan, zorroztu zure begirada eta zure entzutea, bakarrik, bakartuta edo ahaztuta geratzen den inor egon ez dadin.

- Jainkoak gizadiari egindako oparia da; haur baten jaiotza -hauskortasunaren eta zaurgarritasunaren sinboloa- ospatzen du, ukuilu batean, mando baten eta idi baten artean, pobreziaren zantzuak eta naturarekiko komunioa adierazten dutelarik. Izarrak gidaturik, Ekialdeko magoek opariak ekartzen dizkiote: urrea bere erregetza ospatzeko, intsentsua bere jainkotasuna baieztatzeko, mirra bere gizatasuna nabarmentzeko.

- Lurrarekin adiskidetzeko gonbidapen bat da, San Frantziskok hain ongi abestutako izakien anaitasun handia gauzatzeko beste urrats bat emateko. Parte hartu Jainkoak hasieratik (Has 1, 29-30) eta betierekotasunerako (Is 1, 9) desiratzen duen otzantasunean, eta utzi zaitez, Jesus bezala, mandoaren eta idiaren bidez berotzen, eta era berean bihurtu zu zeu ahulenen alde egiten duen mandoa edo idia.


[2] Lukas 1, 13.

[3] Lukas 1, 30.

[4] Mateo 1, 20.

[5] Lukas 2, 10.

[6] Job 3, 25.

[7] Mateo 8, 26.

[8] Lukas 7, 5.

[9] Markos 9, 24.

[10] Hasiera 3, 9.

[11] Hasiera 3, 10.

[12] “Jauna, Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea!” (Irteera 34, 6).

[13] Isaias 41, 10.

[14] Apokalipsia 3, 20.

[15] Berrirakurri samariar onaren parabola (Lukas 10, 25-37).

[16] Hurbildu zaitez, arduratu eta zaindu hauskorrenak:

- “Agindu berri bat ematen dizuet: maite ezazue elkar” (Joan 13, 34).

- “Izan zaitezte denok gogo eta sentiera bateko, elkarren senide on, errukior eta apal” (1 Pedro 3, 8).

- “Elkartasuna zerbitzuan adierazten da zehazki, eta gainerakoez arduratzeko modu desberdinak har ditzake bere gain. Zerbitzua «hein handi batean, hauskortasuna zaintzea da. Zerbitzatzeak, gure familietako, gizarteko eta herriko hauskorrak zaintzea esan nahi du». Zeregin horretan, bakoitza gai da «alde batera uzteko bere bilaketak, ahaleginak, ahalguztidun-nahiak, hauskorrenen begirada zehatzaren aurrean. […] Zerbitzuak beti begiratzen dio anaiaren aurpegiari, bere haragia ukitzen du, bere hurbiltasuna sentitzen du eta, kasu batzuetan, "sufritu" ere egiten du; eta anaiaren promozioa bilatzen du beti»” (Frantzisko, Fratelli tutti, 115).


[17] Elkartasunari buruzko bi aipamen baino ez:

- “Elkartasuna… ez da azaleko sentimendua, hurbileko edo urruneko hainbat pertsonaren gaitzengatik. Aitzitik, guztion onerako tematzeko determinazio irmo eta iraunkorra da; hau da, guztien eta bakoitzaren onerako, guztiok, benetan, guztion erantzule izan gaitezen.

Determinazio hau, uste sendo honetan oinarritzen da: garapen osoa geldiarazten dutenak irabazi-grina eta botere-egarria direla… "Bekatu-jarrera eta -egitura" horiek guztiz kontrako jarreraren bidez bakarrik gainditzen dira: lagun hurkoaren alde eginez, ustiatu beharrean bestearengandik "galtzeko" prest egonez, eta norberaren probetxurako besteak zapaldu beharrean "zerbitzatzeko" pausuak emanez (cf. Mt 10, 40-42; 20, 25; Mk 10, 42-45; Lk 22, 25-27). (Joan Paulo IIa, Sollicitudo Rei Socialis)

- «Azkenek, oro har, «sufritzen dutenen artean, pobreen artean dagoen elkartasun berezi hori praktikatzen dute, eta badirudi, hori, gure zibilizazioak ahaztu duen gauza bat dela, edo behintzat ahazteko gogo handia duen gauza bat dela. Solidaritatea beti ondo erortzen ez den hitza da, nik esango nuke batzuetan hitz txar bihurtu dugula, esan ezinera iritxi arte; baina noizbehinkako eskuzabaltasun ekintza batzuk baino askoz gehiago adierazten duen hitza da. Komunitate-terminoetan pentsatzea eta jardutea da, guztien bizitzari lehentasuna ematea, batzuek ondasunak bereganatzearen aurretik. Pobreziaren egiturazko kausen aurka borrokatzea ere bada... Diruaren Inperioaren ondorio suntsitzaileei aurre egitea da» (Frantzisko, Fratelli tutti, 116).

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue