1
Bedeinkatzen dut Jauna
une guztietan,
Haren kantu txorta bat
daukat ezpainetan.
Jaunagan alai daukat
gogoa benetan,
behartsuak aseaz
nik neure pozetan.
2
Goraldu ezazue
Jainkoa nirekin,
gora Haren izena
denok elkarrekin.
Bera aurkitu nahirik
egin dut ahalegin,
arriskuetan lagun
Jauna dut atsegin.
3
Jaunaren aingeruak
zintzoen alboan,
arretaz daude beti
zaintzeko asmoan.
Hara nola naukan gaur
babespe gozoan,
Jaunagan bizitzea
zorion osoan!
4
Zuok, aukeratuok,
goraldu Jainkoa,
ta Beragan lortuko
duzue nahikoa.
Goseak menpe dauka
aberats harroa,
ta Jaunak asetzen du
behartsu gaixoa.
5
Ezbeharrez deiadar
dagiotenean,
laster jarriko ditu
pozaren menpean.
Beti dabil negarrez
daudenen artean,
kemen izan dezaten
oinaze-bidean.
6
Handiak dira egiaz
zintzoen nekeak,
askotan negar malko
garratzez beteak.
Baina Jaunak argitzen
dizkie bideak
Berak zaintzen ditu ta
bidean maiteak.
7
Gaiztoa galduko da
bere okerrean,
zuzenaren kontrako
guztiak batean.
Zerbitzari zintzoak
Jaunak, bitartean,
onez jarriko ditu
betiko bakean.
8
Eskerrak Zuri, Jauna
entzun nauzulako,
Zu zaitugu lagun ta
nahiko niretzako.
Beti zaitut ondoan
arretaz zaintzeko,
hau jakinda nola nik
ez zaitut maiteko? |