98 (97). Salmoa: KANTU BERRIA MUNDUAREN ERREGEARI
(1) Salmoa.
Kanta Jaunari kantu berria,
egintza harrigarriak egin baititu:
garaile egin du bere esku indartsu paregabeak.
(2) Bere garaipena azaldu du Jaunak,
bere salbamen-ekintza agertu nazioen aurrean.
(3) Ez du ahaztu bere maitasuna, Israel herriari dion leialtasuna.
Mundu-bazter guztiek ikusi dute gure Jainkoaren garaipena.
(4) Egin irrintzi Jaunari, lurtar guztiok,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua!
(5) Ospatu Jauna zitaraz, zitaraz eta kantu ederrez!
(6) Turuta eta adar-hotsez, egin irrintzi errege den Jaunari!
(7) Egin beza orro itsasoak eta bertako guztiak,
munduak eta bertan bizi direnek!
(8) Egin bezate txalo ibaiek, poz-oihu aho batez mendiek
(9) Jaunaren aurrean, bai baitator lurra gobernatzera.
Justiziaz gobernatuko du mundua, zuzenbidez herriak.
|