6. Salmoa: ERASOTUAREN NEGARRA
(1) Koru-zuzendariarentzat. Zortzi hariko musika-tresnaz. Daviden salmoa.
(2) Jauna, ez ni zigortu zure hasarrean,
ez ni zentzatu zure suminean.
(3) Erruki zakidaz, Jauna, makalduta nago-ta;
osatu nagizu, Jauna, hazur guztiak koloka dodaz-eta,
(4) ikara bizian barrua.
Eta zu, Jauna, noiz arte geldi?
(5) Arren, Jauna, libratu nagizu,
salbatu heriotzatik, onbera zara eta.
(6) Hilda gero, ez da inor oroitzen zutzaz;
hildakoen Egoitzan, nork goretsi Zu?
(7) Ahulduta nago aienaka.
Gauero malkoz bustitzen dot ohea,
busti-busti eginda izten etzunlekua.
(8) Begiak nahigabez lausotuak ditut,
horrenbeste zoritxarrez ahulduak.
(9) Alde niregandik, gaizkileok,
entzun daualako Jaunak nire negar-zotina.
(10) Bai, entzun dau nire erregua,
onartu dau Jaunak nire otoitza.
(11) Lotsatu beitez eta bildurtu nire arerioak!
Egin begie atzera, bat-batean lotsaturik!
|