#
#

Salmo tailerra:


104 (103). Salmoa # #
#
#

104 (103). Salmoa:
JAINKO KREATZAILE ETA ZAINDARIARI GORAZARREA


(1) Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
Jauna, ene Jainko, bai haundia zarala!
Distiraz eta handitasunez zagoz jantzita,

(2) argiz inguratuta soinekoz bezala.
Oihal-etxola bezala zabaltzen dozu zerua,

(3) zeure toki santuan pilatzen ura;
hodei gainean kokatzen dozu zeure karroza,
haize-hegaletan zabiltza.

(4) Haizeak dituzu mezulari, sugarrak zerbitzari.

(5) Lurra sendo oinarritu zenduen
eta ez dau sekula kolokarik egingo.

(6) Ozeanoz estali zenduen, jantziz bezala,
eta mendiak magalean hartu ebezan urak;

(7) baina zure mehatxuz iges egin eben,
zure trumoi-hotsak uxaturik:

(8) mendietan gora, ibarretan behera,
zuk izendaturiko lekuraino.

(9) Gainditu ezineko muga ezarri deutsezu urei,
barriro lurra tapau ez dagien.


(10) Iturburuak eta errekak sortuazoten dituzu,
mendi artean doazela,

(11) basapiztiek edan dagien, baso-astoek egarria ase.
(12) Ur-bazterretan bizi dira zeruko txoriak,
hostopean kantari.


(13) Bere toki-santutik ditu mendiak ureztatzen,
bere biltegietako emoitzez lurra asetzen.

(14) Artaldeentzat bedarra erneazoten dau,
eta landarak gizakientzat.
Lurretik ogia ataratzen dau,

(15) eta gizakiaren bihotza pozten dauen ardoa,
aurpegia disdiratsu egiten dauan olioa
eta giza indarrak barritzen dituen janaria.

(16) Urez ase dira Jaunaren zuhaitzak,
harek landaturiko Libanoko zedroak;

(17) bertan egiten dabe txoriak kabia,
goietan zikoinak etxea.

(18) Mendi garaiak ahuntzentzat dira,
harkaitzak azkonarren gordeleku.


(19) Ilargiak urtaroak finkatzen ditu,
eguzkiak badaki noiz ezkutatu.

(20) Iluna bialtzean, badator gaua:
basapiztia danak hara-hona dabiltza.

(21) Lehoikumeak orro egiten dabe harrapakin bila,
Jainkoari janari eske.

(22) Eguzkia urtetean, hareek barrura,
euren gordelekuetan etzutera.

(23) Orduan, gizakia bere eginkizunetara doa,
iluntze arte lanera.


(24) Bai ugariak, Jauna, zuk eginak!
Danak jakinduriaz egin dituzu,
zure sorkariz betea da lurra.

(25) Horra itsasoa, haundi eta zabal:
hor dabiltza borbor, ezin kontatu ahala,
piztia txiki eta haundiak.

(26) Hor dabiltza itsas-ontziak batetik bestera,
baita itsas munstroa ere, zuk berarekin jolasteko egina.


(27) Danak zure zain dagoz,
zuk bere garaian jaten emoteko zain:

(28) zuk emon eta hareek harrapatu,
zuk eskua zabaldu eta hareek ondasunez ase.

(29) Zuk aurpegia gordetzean, ikara dira,
zuk arnasa kentzean, hil egiten eta hauts bihurtzen.

(30) Zeure arnasa bialdu eta barriro sortzen dituzu
eta lurbira barritzen.


(31) Betiko izan bedi Jaunaren ospea!
Poztu bedi Jauna berak eginetan!

(32) Harek lurrari begiratu eta lurrak dardara,
harek mendiak ikutu eta ketan jartzen dira.


(33) Bizi nazen artean kantatuko deutsot Jaunari,
nazen artean soinua joko neure Jainkoari.

(34) Atsegin bekio nire kanta: Jaunarengan nik neure poza!
(35) Galdu beitez pekatariak munduan,
ez bedi izan gaizkilerik gehiago!

Bedeinkatu begi ene arimak Jauna! Aleluia! Gora Jauna!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue