#
#

Salmo tailerra:


105 (104). Salmoa # #
#
#

105 (104). Salmoa:
JAUNAREN EKINTZA BIKAINAK ISRAELEN HISTORIAN


(1) Goratu egizue Jauna, dei egin berari,
jakinerazi herrien artean haren ekintza bikainak!

(2) Kantatu egiozue, jo soinua berarentzat,
kontatu haren ekintza miragarriak!

(3) Harrotu zaiteze haretaz, Jainko santuaz,
poztu, Jaunaren bila zabizienok!

(4) Jo egizue Jaunarengana, indartsuagana,
bilatu eten barik haren aurpegia.

(5) Izan gogoan harek egindako mirariak,
haren ekintza harrigarriak eta agindu zuzenak,

(6) zuek, haren zerbitzari Abrahamen jatorrikook,
Jakoben ondorengook, haren aukeratuok!


(7) Bera da Jauna, gure Jainkoa, lur osoaren gobernaria.
(8) Gogoan dau etenbarik bere ituna, mila gizalditarako hitzemana:
(9) Abrahamekin eginiko ituna, Isaaki emondako zin-hitza,
(10) Jakobi legetzat ziurtatua, Israeli betiko ituntzat emona,
(11) hau esatean: «Zuei deutsuet emongo Kanaan lurraldea,
hauxe da zuen ondare-zatia»
.


(12) Gitxi batzuk besterik ez ziran,
etorkin-taldetxo bat besterik ez;

(13) nazino batetik bestera ibili ziran, erreinuz erreinu.
(14) Baina Jainkoak ez eban itzi inork zapaldu egian,
hareengaitik erregeak mehatxatu ebazan:

(15) «Ez ikutu nire aukeratuak, ez egin kalterik nire profetei!».
(16) Gosea erakarri eban lurraldera, janari-hornidura guztia kendu.
(17) Baina gizon bat bialdua eban aurretik,
Jose, esklabotzat saldua.

(18) Oinak katean lotu eutsoezan, burdinazko lepokoa ipini,
(19) harek iragarria bete zan arte,
Jaunaren hitzak haren errubakotasuna frogatu ebalarik.

(20) Orduan, erregeak askatuazo egin eban,
herrien nagusiak giltzapetik libre itzi.

(21) Bere jauregiko buru egin eban
eta bere ondasun guztien administratzaile.

(22) Berak behar zituen haundikiak eskolatu
eta kontseilariei jakinduria irakatsi.


(23) Orduan, Jakob Egiptora joan zan
eta Kamen lurraldean atzerritar lez bizi izan.

(24) Jainkoak bere herria ugari ugaldu eban
eta arerioak baino indartsuago egin.


(25) Egiptoarrei bihotza aldatu eutsen,
Jakoben herria gorrotatu egien
eta haren zerbitzariak maltzurki erabili.


(26) Orduan, Moises bere zerbitzaria bialdu eban
eta Aaron bere aukeratua.

(27) Iragarritako mirariak egin ebezan egiptoarren kontra
ekintza harrigarriak Kamen lurraldean.

(28) Jaunak ilunpea bialdu eta dana ilundu zan,
baina hareek ez ebezan haren ekintzak ulertu.

(29) Urak odol bihurtu jakezan
eta bertako arrainak hilerazo.

(30) Lurraldean ugazioak agertu ziran borborka,
baita erregearen logelan ere.

(31) Jainkoak agindu eta ezpateuli eta eltxoak
zabaldu ziran bazter guztietan.

(32) Euriaren ordez, txingorra bialdu eutsen
eta tximistak euren lurraldera.

(33) Mahasti eta pikondoak hondatu zituen
eta zuhaitz guztiak apurtu.

(34) Harek agindu eta larrapoteak etorri ziran,
matxinsaltoak ezin kontatu ahala;

(35) lurraldeko landare guztiak garbitu ebezan,
lurreko frutu guztiak.

(36) Egiptoko lehen-seme guztiak jo zituen,
hareen gizontasunaren lehen frutuak.


(37) Zidar eta urrez beterik atara zituen israeldarrak,
ez eban hareen leinuetako inork lurra jo.

(38) Poztu egin zan Egipto hareek urteteaz,
hareenganako bildur-ikarak hartuak egozelako.

(39) Lainoa zabaldu eban hareek estaltzeko
eta sua gabaz argi egiteko.

(40) Hareek eskatu eta poxpolinak bialdu eutseezan,
zeruko ogiz ase zituen.

(41) Harek atxa zulatu eta ura urten zan,
eta ibaika joan basamortuan zehar.

(42) Gogoan izan eban bere agintzari sakratua,
Abraham bere zerbitzariari egina.

(43) Beraz, pozetan atara eban bere herria,
poz-oihuka bere aukeratuak.

(44) Nazino arrotzen lurraldeak emon eutseezan
eta herrien ondasunez jabetu ziran,

(45) haren arauak bete eta legeak gorde egiezan.

Aleluia! Gora Jauna!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue