#
#

Salmo tailerra:


106 (105). Salmoa # #
#
#

106 (105). Salmoa:
HERRIAREN PEKATUZKO HISTORIA ETA JAUNAREN EROAPENA


(1) Aleluia! Gora Jauna!

Goratu egizue Jauna, ona dalako,
haren maitasuna betikoa dalako.

(2) Nork azalduko Jaunaren egintza haundiak?
Nork nahiko goratuko ha?

(3) Zorionekoa zuzenbidea errespetatu
eta etenbarik justizia egiten dauana!


(4) Oroitu nitaz, Jauna,
zeure herriagazko onginahiagaitik, zatozkidaz salbatzera!

(5) Ikusi dagidala zure aukeratuen zoriona,
poztu nadila zure herriaren pozarekin
eta zure oinordeko izateaz harrotu.


(6) Pekatu egin dogu gurasoen antzera,
oker jokatu dogu, errudun gara.

(7) Gure gurasoak, Egiptotik hasita,
ez ebezan ulertu zure egintza harrigarriak,
ahaztu egin ebezan zure maitasunaren ezaugarri ugariak.
Errebelatu egin ziran, Itsaso Gorritik hasita,

(8) Jaunak salbatu zituen arren,
bere izenaren ohoreagaitik eta bere ahalmena azaltzeko.

(9) Mehatxu eginez, Itsaso Gorria lehortu egin eban,
basamortuan zehar lez pasatuazo zituen itsas hondotik.

(10) Gorroto eutsenen eskutik salbatu zituen,
arerioen menpetik askatu.

(11) Urak hartu zituen hareen erasotzaileak,
bakar bat ere ez zan bizirik gelditu.

(12) Orduan, Jaunaren hitzak sinistu ebezan
eta kantuz goratu eben.


(13) Baina laster ahaztu ebezan haren egintzak
eta ez eben itxaropenik ipini haren egitasmoan.

(14) Jan-irrika sartu jaken basamortuan,
eta Jainkoa tentatu eremuan.

(15) Eskatzen eutsoena emon eutsen harek,
baina euren janguragaitik sabelmina bialdu.

(16) Moisesen eta Aaron Jainkoaren sagaratuaren inbidia
izan eben kanpalekuan.

(17) Orduan, lurra zabaldu eta Datan irentsi eban,
Abiramen lagun-taldea azpian hartu.

(18) Suak kiskali eban hareen taldea, garrak irentsi gaiztoak.

(19) Horeb mendian zekorra egin eben,
metal urtuzko idoloaren aurrean ahuspeztu ziran.

(20) Euren ospe eben Jainkoaren ordez,
bedarra jaten dauan zekorraren irudia ipini eben.

(21) Ahaztu egin eben Jainkoa, euren salbatzailea,
Egipton gauza ikusgarriak egina,

(22) Kamen herrialdean egintza harrigarriak
eta Itsaso Gorri aldean ikaragarriak egin zituena.

(23) Hareek suntsitzeko asmotan zan Jainkoa,
baina Moises haren aukeratua
tartean sartu zan eta haren aurrean jarri,
haren haserrea baretuz, suntsitu ez egizan.


(24) Lurralde zoragarriari mespretxu egin eutsoen,
Jainkoaren hitzaz fidatu ez zirelarik.

(25) Euren oihal-etxoletan marmar egin eben,
Jaunaren esanera jarri barik.

(26) Harek, orduan, eskua jaso eta zin egin eban
basamortuan hilko zituela,

(27) hareen ondorengoak nazinoetan sakabanatu
eta jentilen artean barreiatuko zituela.


(28) Peorko Baal jainkoarekin uztartu ziran
eta jainko hilei eskainitako opari gaiak jan ebezan.

(29) Horrelako jokabideaz Jauna hasarretuazo eben
eta izurrite latza etorri jaken gainera.

(30) Baina Pinhasek jaiki eta erruduna zigortu eban,
eta gelditu egin zan izurritea.

(31) Horregaitik, Jainkoak zuzenetsi egin eban
gizaldiz gizaldi betiko.


(32) Meribako iturrian Jainkoa hasarretu eben,
eta hareen erruz Moisesek jasan eban kaltea.

(33) Izan ere, barrua samindu eutsoen,
eta harek zentzubarik hitz egin.


(34) Ez ebezan herriak suntsitu,
Jaunak agindu eutsen lez.

(35) Jentilekin alkartu ziran ezkontzaz
eta hareen ohiturak eurenganatu.

(36) Gurtza emon eutsen hareen idoloei
eta honeek galbide gertatu jakezan.

(37) Euren seme-alabak opari eskaini eutseezan deabruei.
(38) Odol errubakoa isuri eben, euren seme-alaben odola
kanaandar idoloei opari eskainiz:
lurraldea odolez busti eben eta profanatu.

(39) Horrela jokatuz, euren buruak kutsatu
eta Jainkoari desleial izan jakozan.


(40) Biztu zan Jaunaren haserrea bere herriaren aurka
eta higuin izan eban bere ondarea.

(41) Nazinoen eskuetara emon zituen,
eta arerioak nagusitu jakezan.

(42) Arerioek zapaldu egin ebezan eta menpean hartu.
(43) Hamaika aldiz libratu zituen,
baina hareek, euren jarreran tematsu,
euren erruengaitik galtzen ziran.


(44) Baina ikusi zituen Jaunak euren larrialdian
eta hareen garrasiak entzun.

(45) Gogoratu zan hareekin egina eban itunaz
eta bere maitasun haundiaz gidatu zituen.

(46) Haregazko errukia sortu eban
erbestera eroan ebezenengan.


(47) Salbatu gagizuz, Jauna, gure Jainkoa, batu nazinoen artetik,
zure izen santuari eskerrak emonez,
zure gorespena harro abestu dagigun.

(48) Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, betidanik betidaino!
Herri osoak erantzun begi: «Amen».

Aleluia! Gora Jauna!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue