#
#

Salmo tailerra:


107 (106). Salmoa # #
#
#

107 (106). Salmoa:
LARRIALDIAN ASKATZAILE ETA MESEDEGILE DAN JAUNA GORESTEKO DEIA


(1) Goratu egizue Jauna, ona dalako,
haren maitasuna betikoa dalako.


(2) Aldarrikatu begie Jaunak askatuak
zapaltzailearen eskutik askatu dituela

(3) eta herrialde guztietatik batu:
ekialde eta mendebaldetik, iparralde eta hegoaldetik.

(4) Noraezean ebiltzan basamortuan,
bide bakartietan, bizitzeko uririk aurkitu ezinik.

(5) Gose-egarriz hilzorian egozan, adorea galdurik.
(6) Baina larrialdian Jaunari oihu egin
eta libratu egin zituen estualditik.

(7) Bide zuzenetik eroan zituen,
bizitzeko urira heldu arte.

(8) Goratu begie Jauna bere maitasunagaitik,
gizakien alde egiten dituen
gauza harrigarriengaitik.

(9) Egarriz larri egozanak ase ditu,
gosetuak ondasunez bete.


(10) Ilunperik baltzenean egozan,
burdinaz eta miseriaz loturik,

(11) Jainkoaren aginduen kontra errebelatu ziralako
eta Goi-goikoaren egitasmoa mespretxatu.

(12) Nekepean umilarazi zituen,
lur jo eben, eta nork lagundurik ez.

(13) Baina larrialdian Jaunari oihu egin
eta salbatu egin zituen estualditik.

(14) Ilunperik baltzenetik atara zituen
eta hareen loturak apurtu.

(15) Goratu begie Jauna bere maitasunagaitik,
gizakien alde egiten dituen
gauza harrigarriengaitik.

(16) Brontzezko ateak apurtu zituen,
burdinazko morroiloak apurtu.


(17) Euren jokaera txarrarengaitik ahuldurik egozan,
euren erruengaitik nahigabeturik.

(18) Janari guztiei nazka eutsen,
eta heriotzaren atarian egozan.

(19) Baina larrialdian Jaunari oihu egin
eta salbatu egin zituen estualditik.

(20) Bere hitza bialdu eutsen osagarri
eta hondamenditik atara.

(21) Goratu begie Jauna bere maitasunagaitik,
gizakien alde egiten dituen
gauza harrigarriengaitik.

(22) Eskeini begioe gorespen-oparia
eta haren ekintzak poz-oihuz kontatu.


(23) Itsasora jo eben ontzietan,
ur haundietan ebelarik ogibidea.

(24) Jaunaren ekintzak ikusi ebezan,
haren ekintza harrigarriak itsaso zabalean.

(25) Haren esanera, haizea altxatu zan,
olatu haundiak harrotu zituen ekatxa.

(26) Zeruan gora, leizean behera ibili ziran,
barruak dardaraz arriskuagaitik.

(27) Bueltaka eta balantzaka, mozkorraren antzera,
euren trebetasun guztia alperrik ebela.

(28) Baina larrialdian Jaunari oihu egin
eta atara egin zituen estualditik.

(29) Ekatxa haize gozo bihurtu eban
eta olatuen orroa isildu.

(30) Poztu ziran barealdiaz
eta euren gogoko portura eroan zituen Jainkoak.

(31) Goratu begie Jauna bere maitasunagaitik,
gizakien alde egiten dituen
gauza harrigarriengaitik.

(32) Goratu begie herri-batzarrean,
goratu zaharren kontseiluan.


(33) Ibaiak basamortu bihurtzen ditu, iturburuak lur lehor,
(34) lur samurrak gatzaga, lekuko jendearen gaiztakeria bide.
(35) Basamortua, barriz, urtegi bihurtzen dau
eta landa sikua iturburu.

(36) Gosedunak biziarazten ditu bertan,
eta bizitzeko uriak eraikitzen dabez,

(37) soloak erein, mahastiak landatu eta uzta oparoak batzen.
(38) Jainkoak bedeinkatu eta erruz ugaritzen dira,
hareen abere-taldeei ez deutse urritzen izten.


(39) Zapalkuntzak, ezbehar eta atsekabeak
gitxiturik eta apalduak eukazan;

(40) baina Jainkoak, haundikiak mespretxatzen
eta biderik bako basamortuan noraezean
ibilerazo zituen.

(41) Baina behartsuak miseriatik altxatzen ditu
eta hareen familiak artaldeak lako ugari bihurtzen.


(42) Gauza honeek ikustean, zuzenak poztu egiten dira,
gaiztoak, barriz, mutu gelditzen.

(43) Zuhurrak hartu begiz honeek guztiak gogoan
eta saiatu bedi Jaunaren mesedeak ulertzen.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue