#
#

Salmo tailerra:


109 (108). Salmoa # #
#
#

109 (108). Salmoa:
SALATZAILEEN ETA MALTZURRAREN KONTRA. EPAILE NAGUSIARI DEIA


(1) Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.

Ene Jainko, ez egin entzungor nire gorespenari!
(2) Jende gaizto eta maltzurrak
ahoa zabaldu dau nire aurka,
guzurrez pertsegitzen nabe,

(3) gorroto-hitzez inguratzen, arrazoi barik erasotzen.
(4) Neure maitasunaren ordainez, salatu egiten nabe,
eta nik, bitartean, hareen alde otoitz.

(5) On eginaren ordain gatxa bihurtzen deustee,
maitasunaren ordain gorrotoa.


(6) Izendatu egizu gaiztoren bat haren kontra,
bego salatzailea haren ondoan.

(7) Urten bedi kondenatua auzian,
huts egin begio bere aldekoak.

(8) Urritu beitez haren egunak,
hartu begi beste batek haren kargua.

(9) Gelditu beitez umezurtz haren haurrak,
alargun haren emaztea.

(10) Ibili beitez haren haurrak hara-hona eskale,
euren etxeak konfiskatu deutsiezalarik.

(11) Kendu begioz hartzekodunak bere ondasunak,
bere irabaziak arrotzak harrapatu.

(12) Ez bekio inor maitasunez hurreratu,
ez haren umezurtzen errukirik izan.

(13) Deseginak izan betez haren ondorengoak,
gizaldi bakar batean galdua haren deitura.

(14) Gogoratu bedi Jauna haren gurasoen erruaz,
ez begi kendu amaren pekatua:

(15) izan bedi beti Jaunak begi aurrean
eta desegin begi lurretik hareen gomutea!

(16) Izan ere, ez da ahalegindu maitasunez jokatzen,
dohakabea eta behartsua pertsegitu
eta bihotz damutua hil nahi izan dau.

(17) Madarikazinoa eban gogoko: betorkio gainera!
Bedeinkazinorik ez eban opatu: urrundu bekio!

(18) Madarikazinoa eroian soingaineko:
sartu bekio barruraino ura lez,
gorputz guztira zabaldu olioa lez!

(19) Tapatu begi, beraz, soinekoak lez,
lotu begi etenbarik gerrikoak lez!

(20) Izan bedi hori Jaunarengandiko zigorra
nire salatzaileentzat,
txarto-esaka jabilkidazenentzat.


(21) Baina zuk, ene Jainko Jaun horrek,
egizu mirari bat nire alde,
zarana zaralako, guztiz ona zaralako;
libratu nagizu, zeure maitasunagaitik.

(22) Dohakabe eta behartsu naz-eta,
urraturik daukat bihotza barruan.

(23) Banoa ni, luzatzen dan keizpearen antzera desagertuz,
matxinsaltoak lez uxatzen nabe.

(24) Barauaren barauz, belaunak koloka ditut,
gorputza argal eta ihar.

(25) Burla-gai bihurtu najake,
ni ikustean, buruari eragiten deutsoe burlaz.

(26) Lagundu, Jauna, ene Jainkoa!
Salbatu nagizu, zeure maitasunari dagokionez!

(27) Jakin begie zure eskua dala,
zu zeu, Jauna, nire alde dabilena.

(28) Madarikatu nagiela: zuk ni bedeinkatu;
altxatu daitezala aurka: lotsagarri geldituko dira,
eta zure zerbitzari hau poztuko.

(29) Tapatu beitez laidoz nire salatzaileak,
batu begiz lotsa gorriak soingainekoak lez!


(30) Aho betean emongo deutsodaz eskerrak Jaunari,
jendetzaren erdian goratuko dot,

(31) behartsuaren ondoan jarri dalako,
kondenatu nahi ebenen eskutik salbatzeko.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue