20 (19). Salmoa: ERREGEAREN GARAIPENARAKO ESKARIA
(1) Koru-zuzendariarentzat. Daviden Salmoa.
(2) Entzun zagizala Jaunak arrisku-egunean,
jarri zagizala toki seguruan Jakoben Jainkoak!
(3) Bialdu dagitsula laguntza bere santutegitik,
eutsi zuri Sion menditik!
(4) Gogoratu begiz zure eskeintza guztiak
eta onartu atseginez zure erre-oparia!
(5) Emon deizula nahi dozuna,
bete daizala zure egitasmo guztiak!
(6) Ospatu ahal dagigula poz-oihuz zure garaipena,
banderak zabalduz gure Jainkoaren izenean!
Bete daizala Jaunak zure eskari guztiak!
(7) Orain bai, badakit:
Jaunak garaipena emoten deutso berak igurtzitako erregeari;
bere zeru santutik erantzuten deutso,
bere ahalmen haundiaz garaipena emoten.
(8) Batzuk bizkor guda-burdiekin, beste batzuk zaldiekin;
gu, barriz, Jaunarekin, geure Jainkoarekin.
(9) Hareek okertu, jausi egiten dira;
guk, barriz, zutunik eta sendo irauten.
(10) Jauna, emoiozu erregeari garaipena!
Erantzun, dei egiten deutsugunean!
|