42 (41). salmoa: JAINKOARENGANDIK URRUTI DAGOENAREN OTOITZA
(1) Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeen poema.
(2) Basahuntza irrikaz errekara lez,
halaxe ni zuregana, ene Jainko.
(3) Jainkoaren egarri naz, Jainko biziaren egarri:
noiz helduko ni Jainkoaren aurpegia ikustera?
(4) Gau eta egun malkoak ditut janari,
jendea uneoro itaunka jabilkit: «Non dok Jainkoa?».
(5) Bihotza urtzen jat barruan, gogora ekarriz
zelan joaten nintzan tenplura, Jainkoaren etxera,
poz-oihuz eta gora-goraka, jai-giroan jendetzaren artean.
(6) Zergaitik zagoz, ene barrua, hain goibel?
Zergaitik hain urduri? Itxaron Jainkoarengan!
Goretsiko dot, bai, barriro ere, haren presentzia salbatzailea.
(7) Ene Jainko, triste dot bihotza;
horregaitik gogoratzen naz zurekin
Jordan aldetik, Hermon gainetik, Mitzar menditik.
(8) Zure ur-jauzien burrunbadaren oihartzuna leizerik leize:
zure uhin eta olatu oldartsuak gainetik igaro jataz.
(9) Jaunak bere maitasuna bialduko deust egunez
eta gorespen eta otoitz egingo deutsot gauez
nire bizia dan Jainkoari.
(10) Hauxe esango deutsot: «Nire hatxa, zergaitik ahaztu nozu?
Zergaitik behar dot goibel ibili, arerioak estuturik?».
(11) Hazurrak ere mailatuta ditut, arerioak burla egiten deustee,
etenbarik jabilkidaz: «Non dok Jainkoa?».
(12) Zergaitik zagoz, ene barrena, hain goibel?
Zergaitik hain urduri? Itxaron Jainkoarengan!
Goretsiko dot, bai, barriro ere, haren presentzia salbatzailea.
|